Gaizka Garitanok zein Xabi Alonsok lanak izango ditu ostiral honetako derbi gipuzkoarrean taldea osatzeko. Eibarrek jakinarazi duenez, sei kasu positibo antzeman dituzte igandean eginiko koronabirusaren probetan. Klubak ez du zehaztu etxean bakartuta geratu behar izan duten jokalarien nortasuna.
Azaldu dutenez, sei jokalari hauek sintomak nabaritu dituzte gabonetan izandako oporraldian eta atzo, igandean, eginiko probek baieztatu dute koronabirusarekin kutsatuta daudela.
Guztiak, «osasunez ondo» daudela jakinarazi du klubak eta bakoitza bere etxean dagoela, bakartuta, osasun-protokoloak agintzen duen legez.
Modu berean aurkitzen dira Sanseko zazpi jokalariak baina kasu hauetan, Gabonetako opor egunetan egindako proben ostean antzemandakoak izan ziren positibo kasu guztiak.
Amorebieta taldean hiru jokalari daude bakartuta, igandean eginiko PCR probetan antzemandakoak. Kasu honetan ere ez dute zehaztu jokalarien nortasuna, baina guztiak «ondo» daudela jakinarazi du.
Talde bizkaitarra igandean itzuli zen entrenamenduetara, ostiralean Burgosen aurka, El Plantion, jokatuko duen partida prestatzeko.
Derbi gipuzkoarra
Armaginek ere ostiral honetan abiatuko dute bigarren itzulia, Ipuruan Sanseren bisita jasota. Egoera oso ezberdinean iristen dira bi taldeak lehia honetara: Garitanoren Eibar igoera zuzeneko postuan dago –bigarren sailkatua da– eta azken zortzi partidetan porrot bakarra jaso du, Zaragozaren aurka kanpoan. Ipuruan galdu gabe dago lehen jardunalditik.
Xabi Alonsoren Sanse, ordea, azkenaurrekoa da Bigarren Mailako sailkapenean bost porrot jarraian jaso ostean.
Lehen itzuliko norgehiagoka Eibarrek irabazi zuen (2-3) eta ikusi beharko du urtea nork agurtuko duen garaipen batekin. Ostiralean, hilak 31, urteko azken egunean, 16.15etan jokatuko da derbi gipuzkoar hau.