Jon Ormazabal

Salaverrik ordezkatuko du bere eskuin eskua gorde nahi duen Mariezkurrena Tolosan

Lehen itzuliko azken jardunaldia den honetan, bigarren ordezkapena baino ez da errioxarraren hau, iaz hiru eman ziren tarte honetan –Oinatz Bengoetxeak Artola zazpi jardunalditan ordezkatu zuen– eta 2017an esaterako 6 izan ziren denbora tarte berean.

Lehen mailan aritzeko aukera polita izango du Salaverrik Tolosan.
Lehen mailan aritzeko aukera polita izango du Salaverrik Tolosan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ostegunean hasiko da Tolosan Binakako txapelketaren lehen fase luze honen ekuatorea suposatuko duen zazpigarren jardunaldia eta partida horretan bertan txapelketa osoan zehar eman den bigarren ordezkapena emango da, Ruben Salaverrik bere eskuin eskua gorde nahi duen Jon Mariezkurrenaren hutsunea beteko baitu, Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta liderren aurka Erik Jakaren atzelari gisa.

Azken asteetan arazoekin aritu da atzelari nafarra bere eskuin eskuan eta larunbat honetan Iruñean Ezkurdia eta Tolosaren aurka garaipen garrantzitsu bar eskuratu ostean –ostegunean jokatuta gainera errekuperaziorako denbora gutxiago izango du– eta nahiago izan du aste honetan atsedena hartu bigarren itzulia bete betean hasi ahal izateko.

Zorionez, alor honetan nahikoa txapelketa lasaia izaten ari da aurtengoa, orain arte Jokin Altuna izan baita, hau ere eskuko arazoekin, –kasu honetan ezkerrean– partida bat bertan behera utzi duen bakarra. Aste bakarra eman zuen amezketarrak jokatu gabe, nahiz eta aurreko astean onartu zuen bueltatzeko erabakia azkar xamar hartu zuela eta hobe zukeela Urdulizen ere atseden hartu balu –22-4 galdu zuren Urrutikoetxea eta Arangurenen aurka–.

Ordezkoentzat aukera gutxi

Gauzak horrela, lehendik ere partidaren bat jokatzeko aukera gutxi zuen txapelketetatik at geratu den pilotari multzo horrentzat aukerak are murritzagoak izaten ari dira azkenaldian. Kasu honetan, gainera, Baikok Promozio mailan ari zen pilotari baten aldeko hautua egin du, atzo bertan Bilbon aritu zen Aretxabaletaren aukera, esaterako, baztertuta. Larrazabalekin ari da Fuenmayorrekoa bigarren mailakoan eta ostegunean lehen mailan aritu ostean, igandean Promoziokoan arituko da, Victor eta Gaskueren aurka Donostian.

Koadroak asko murriztu badira ere, azken urteetan ordezkatze kopuruak ere nabarmen egin du behera, pilotarien urteko partida kopuruak ere nabarmen murriztu diren eran. Azken urteetako lehen itzuliei begirada bat bota ezkero, iaz zazpi jardunaldietan hiru ordezkatze eman ziren, nahiz eta Artolak lesio larri xamar bat izan ostean, zuntz haustura bat izan zuen izterrean, eta Oinatz Bengoetxeak zazpi astez hartu behar izan zuen alegiarraren lekua.

2020an ere bi ordezkapen baino ez ziren eman lehen itzulian eta bietan Aretxabaleta sartu zen Mariezkurrena eta Urrutikoetxearen ordez. Markinarrari sarri xamar egokitu zaio halako lanetan aritu beharra eta 2019an egondako hiru ordezkatzeetako batean aritu zen, Larunberen ordez. 2018an ere beste hiru aldaketa izan ziren eta Aretxabaletari txanpon beraren bi aldetan egotea egokitu zitzaion, berak Ladis Galarzaren lekua hartu baitzuen, baina handik hiru astera Ibai Zabalak ordezkatu behar izan zuen, berak ere min hartu zuelako.

Azkenaldiko urterik txarrena, zalantzarik gabe, 2017ko txapelketa izan zen, zazpi jardunalditan sei ordezkatze ere izan baitziren. Gainera, bi jardunalditan bikote oso bat ordezkatu behar izan zuten eta Aitor Mendizabalek eta Xabi Tolosak Jokin Altuna eta Abel Barriolaren ordez jokatu zuten.