Urrutikoetxea eta Arangurenek 22-18 menderatu dituzte Ezkurdia eta Tolosa Beotibarren, Binakako Txapelketaren ligaxkako lehen itzulia itxi duen neurketan. Baikoko bikotea gehiago izan da partidaren erditik aurrera, eta merezita eskuratu dute ligaxkako laugarren puntua. Ezkurdia eta Tolosa, aldiz, puntu bakarrarekin geratuko dira lehen zazpi jardunaldien ostean.
Tolosakoa neurketa borrokatua izan da, orokorrean nahiko parekatua, eta detaile txikietan erabaki dena. Atzean, nahiz eta erakustaldi handirik egin ez, Aitor Aranguren Xabi Tolosa baino sendoago azaldu da, batez ere azken txanpa erabakigarrian, eta aurrean Mikel Urrutikoetxea Joseba Ezkurdia baino inspirazio puntu bat gehiagorekin dabilela ikusi da, nahiz eta Arbizukoak ere tanto ederrak egin dituen.
Urdinek hartu dute lehen abantailatxoa 0-2koan, Urrutik zabalera bidali duen pilota batekin eta Arangurenek eraman gabe utzi duen zailtasunik gabeko sake batekin –bost tanto iritsi dira lehen pilotakadarekin eta egia esan bost sakeak eramatekoak izan dira–.
Baina hortik aurrera eta denbora luzez, markagailuan parekotasuna erabatekoa izan da. Berdinketak izan dira 3-3an, 6-6an, 7-7a, 8-8an, 10-10ean eta 11-11an. Eta txandaka izan bada ere, tanto ederrak ikusi dira lehen zati borrokatu horretan. Joseba Ezkurdiak, esaterako, 6-5etik 8-10ekora bitartean atzean tanto bat, txokoan bi eta gantxoz beste bi egin ditu.
Tartetxo erabakigarria hartuta
Baina erantzuna azkar etorri da. Urrutikoetxea ere ez zegoen txantxetarako eta 10-10ekotik 15-12kora bitartean txokoan bi tanto bikain eta gantxoz hiru sinatu ditu, gerora erabakigarria suertatuko zen tartetxoa irekiz markagailuan.
Izan ere, hortik aurrera, Xabi Tolosari partida luze egiten hasi zaio, eta urdinak apur bat hurbiltzen ziren bakoitzean anoetarraren hutsen bat iritsi da. Halaxe izan da 16-13ko tanto gogorraren ostean, hain zuzen ere gipuzkoarrak berak atzean amaitu duena. Eta baita 20-16koaren ondoren, Ezkurdiak oso atzera jotako pilotakada batekin lortua.
Gorriak ere azti ibili dira azken txanpa horretan. Urdinen alde erori diren aipatutako bi tanto gogor eta ikusgarrien ondoren, atseden bana eskatu dute, erritmoa hautsi eta arnasa hartzeko. Eta bi kasuetan ongi atera zaie taktika.
Azkenean, Mikel Urrutikoetxeak txokoan egindako tanto batekin itxi du 68 minutuko neurketa, gorrientzat laugarren puntua batu eta sailkapenean gora begira jartzeko, nahiz eta berdinduta bikote asko dauden. Urdinek, aldiz, beste porrot bat jaso dute eta gero eta zailagoa dute seigarren postu horretara hurbiltzea.
Partidaren iraupena: 68 minutu. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-6, 7-6, 7-7, 8-7, 8-10, 11-10, 11-11, 14-11, 14-12, 16-12, 16-13, 20-13, 20-16, 21-16, 21-18 eta 22-18. Sakez: 2 Urrutikoetxeak eta 3 Ezkurdiak. Jokoan egindakoak: 10 Urrutikoetxeak, 2 Arangurenek, 9 Ezkurdiak eta 1 Tolosak. Galdutakoak: 3 Urrutikoetxeak, 2 Arangurenek, 3 Ezkurdiak eta 5 Tolosak. Gertaerak: Sarrera eskasa Tolosako Beotibar pilotalekuan. lehen sakea, gorri.