Urte eta erdi besterik ez du eman kamiseta txuri-urdina soinean, baina Realaren ikurretako bat bilakatu da dagoeneko Amaiur Sarriegi. Eta bidea elkarrekin ibiltzen jarraituko dute klubak eta jokalariak, donostiarrak 2025era arte luzatu baitzuen astelehenean Realarekin lotzen duen kontratua.
Ez da ohikoa hain epe luzera begira lan egitea emakumeen futbolean, baina aurrelariak atzo emandako prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, proiektu baten aldeko apustua ezin da bakarrik klubarena izan, futbolariek beraiek ere frogatu behar dute beraien konpromisoa.
«Proiektu baten oinarriak sendotzeko epe luzea beharrezkoa dela uste dut. Zailagoa da proiektu bat egitea urtetik urtera edo bi urtean behin aldaketak badaude. Aukera guztiak dira errespetagarriak, ez dago ez onik ez txarrik, baina nik horrela ikusi eta sentitu dut».
Sarriegiren hautuaren oinarrian Realak aurretik egindako lana dago, martxan aspaldi jarritako proiektua, azkenaldian aldaketa deigarriak egon badira ere. Horregatik, bere telefonoak askotan jo duen arren, Sarriegik ez du zalantzarik izan Realaren eskaintza aukeratzeko. «Oso gustura nago, ondo sentitzen naiz hemen eta benetan sinisten dut Realaren proiektuan», adierazi zuen atzo. «Ez da bakarrik Realak nigan jarri duen konfiantza, baizik eta emakumeen sekzioan jarri duena, ematen ari den urratsak. Urteak daramatzagu aurrerapausoak ematen, oraindik gehiago eman behar badira ere. Eta horri erantzun nahi izan diot; nik ere konfiantza hori eskaini nahi diot klubari bere proiektua sendotzeko. Badakit ez dela oso ohikoa horrelako kontratu luzeak sinatzea, baina horrela sentitu dut».
Aurretik eman zuten urrats bera Nerea Eizagirre erdilariak (2023ra arte berritu zuen) eta Natalia Arroyo entrenatzaileak (2024ra arte). Mugimenduok Realean jarraitzeko erabakia hartzean lagundu diotela onartu zuen Sarriegik, «bi pertsona garrantzitsu baitira klubarentzat eta niretzat».
Lana, lana... eta ametsak
Realaren etorkizuneko proiektuari ez dio ez helburu finkorik ez mugarik jartzen Amaiur Sarriegik, ezta bere buruari ere. Gailurrera zerk eraman duen jakitun, lanean eta etengabe hobetzen jarraitzean jarri du jomuga golegile donostiarrak. «Helburuak asko izan daitezke eta urte batetik bestera aldatu daitezke. Argi daukadana da nire ideia eta hobetzeko bidea, pertsonalki zein kolektiboki, Zubietara etorri eta lana, lana eta lana egitea dela. Hori argi eduki behar dugu, lanak eta hobetzeko sen horrek bultzatuko gaituelako gorantz».
Amets egitea, hala ere, ez dago debekatuta. Eta ametsek Zubietako soropiletik haragoko agertokia dute uneotan realzaleenetzat. Are gehiago Reala egiten ari den denboraldi zoragarria kontuan hartuta. Hala Sarriegik atzo onartu zuenez, berarentzat ere Txapeldunen Liga kamiseta txuri-urdina jantzita jokatzea «izugarria» izango litzateke. «Historikoa izango litzateke, lehen aldia izango litzatekeelako. Izugarria izango litzateke denontzat. Pentsatze hutsarekin poztu egiten naiz. Lortuz gero, hitzik gabe geldituko nintzatekeela uste dut».