NAIZ
BILBO

Bisitariak berreskuratu arren, Arabako museoak 2019ko kopuruetatik urrun daude

2020 urtearekin alderatuta, Arabako museoek iaz izandako bisitarien kopurua dexente handiagoa izan zen –50.000tik gora Artiumen eta 9.000 gainontzeko museoetan–, baina halere urruti daude oso 2019eko errekor kopuruetatik. Datuok tendentzia orokor baten isla dira.

Txaro Arrazola, Artium museoan. Erakusketa martxora arte egongo da zabalik.
Txaro Arrazola, Artium museoan. Erakusketa martxora arte egongo da zabalik. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak 50.022 bisitari izan zituen 2021ean, hau da, aurreko urteko ia halako bi baina pandemia aurreko 2019an izandakoen %55. «Ziurgabetasuna eta murrizketak nagusi izan badira ere, berreskuratzeko joera etengabea izan da, nahiz eta zuhurtziaren eta iraunkortasunaren parametroek markatu duten. Bestalde, segurtasun neurriak errespetatu eta bultzatu dira, eta, horien ondorioz, mugatu egin da edukiera eta atzeratu egin behar izan dira hainbat jarduera eta ekimen», azaldu dute museoko arduradunek.

Halaber, muga horien ondorioak bereziki museoaren hezkuntza programen parte hartzaile kopuruan nabarmendu direla jakinarazi dute, taldeko kide kopurua murrizteaz gain, ikastetxeek zailtasun handiak izan baitituzte ikasleak ikastetxetik museora eramateko.

Egoera orokor horretan, estatistikek diote Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) izan direla bisitari gehienak berriro ere, %60, hain zuzen, 2020ko ehunekoaren antzekoa. Talde horren barruan, aipagarria da erabiltzaileen %43 Arabakoak izan direla.

Estatuko beste autonomia eta beste herrialde batzuetako bisitariei dagokionez, %28 (2020ko kopuru bera) eta %12 (puntu bat gehiago) izan dira portzentajeak, hurrenez hurren. EAE kanpotik etorritako bisitarien jatorriari dagokionez, Katalunia eta Madrilgo herritarrak izan dira nagusi lehenengo sailean eta Frantzia, Britainia Handia eta Alemaniakoak bigarrenean.

Adinaren eta generoaren araberako banaketari dagokionez, Artium museoko bisitari gehienak emakumeak (%55 emakumezkoak eta %45 gizonezkoak) eta 44 urtetik beherakoak (%54 adin tarte horretakoak eta %46 adin horretatik gorakoak) izan dira. Bisitari gune nagusia 25 eta 65 urte bitarteko helduen segmentuan dago (%64).

Arabako Diputazioaren sareko museoek (Bibat, Arte Ederretako museoa, Armeria, Natur Zientziak, Iruñea Veleia eta La Hoya) 88.797 bisitari jaso zituzten iaz; hau da, 2020an baino %59,5 gehiago. Baina, halere, 2019an errekorretik oso urrun egon dira: orain bi urte 125.191 pertsona zenbatu zituzten.

Hala ere, uztailetik urrira bitartean izandako zifra onen ondoren, urteko azken tartean duela bi urte lortutako zenbakietatik oso urruti gelditu dira, erdira erori direlako, zehazki, %50era.

2019ko bisitarien kopuruak gainditu dituzten museo bakarrak Iruña Veleia (235 bisita gehiago) eta La Hoya (99 gehiago) izan dira. Natur Zientzietakoak eta Armeriakoak «nahiko hurbil» geratu dira, baina Bibatek eta Arte Ederretakoak pandemia baino askoz kopuru txikiagoekin itxi dute urtea.

Donostiako Artiumek ere bere datuak eman ditu jakitera. Egoera, antzekoa: 234.545 pertsona jaso zituen iaz, hau da 2020an zenbatutakoaren %54 gehiago. Halere, pandemiaren aurreko kopuruetara ez da gerturatu, 2019an 300.000 bisita baino gehiago jaso zituztelako.