Entrevista
Jone Zalduegi
Emoki proiektuko arduraduna

«Haurrek bakardadea sentitzen dutela komentatzen dute, adi egon behar dugu»

Gehiegizko konektibitatea zenbait aldaketa eragiten ari da umeengan. Jone Zalduegik dioenez, oldarkortasuna ikusten da, eta bakardadeaz hitz egiten dute.

Argazkiak:
Argazkiak: (Monika del Valle | FOKU)

Harreman fisiko eta digitaletan ongizate integrala sustatzeko laguntza ematen du Emoki proiektuak, eta adimen emozionala, teknologiaren eraginak eta sexualitatea eta hezkidetza bezalako arloak jorratzen ditu. Txikienekin duten esperientzia hurbil horretatik, bizitzak hainbeste aldatu dituen izurriteak haurrengan izan dituen ondorioez hitz egin du GAUR8rekin egitasmoa gidatzen duen Jone Zalduegik, eta bai, bistakoa den gehiegizko pantailen erabileraren eta hiperkonektibitatearen ondorioz aldaketak ikusten ari dira ume askok izaten dituzten jokabideetan, jarreretan... eta paradoxikoa bada ere, komunikaziorako hamaika baliabide ditugun munduan, haur askok bakardadeaz hitz egiten dute. Zalduegik dioenez, agian harremanetarako zenbait espazio berreskuratu eta berriak sortu beharko genituzke, pantailarik behar ez duten bizitza eremuak berreraikitzeko.

Pandemiarekin, pantailen erabilera adin tarte guztietan areagotu da eta espazio gehiagotara heldu da, familia barruko harremanetan, lagunen artean, eskolan… urte gutxiko haurren artera ere iritsi dira. Egoera eskuetatik joan zaigu?

Egia da pandemia eta konfinamendu egoeragatik moduak adin tarte guztietan areagotu egin zirela, eta kaos bat ere egon zen, emozionalki eragina izan duena, baina hor bor-bor zegoen gauza bat da. Denok daukagu buruan gehiegizko erabilera egiten zutela haur txikiek, oraindino haur-kotxean daudenek ere bai; gehiegizko erabilera egiten zutela ere haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan zeuden ikasleek eta are gehiago hortik gora, baina ez da bat-bateko zerbait izan, gehiegizko erabilera hau aspaldikoa delako. Pandemian gertatu da, adibidez, mugikorrik ez zutenek ere eskuratu egin zutela, egoera berezi horretan geundelako. Orduan, aitzakia moduan jaso zuten gailu bat, eta gailu bat jasotzeak zer dakar? Betiko izango da, ez dago atzera bueltarik. Orduan 8, 9, 10 urterekin jaso badu, pentsatu zenbat komunikatzeko tresna dauden hor barruan eta zertarako erabiliko duen hori. Hori da kontua.

Gehiegizko erabilera horren ondorioak ikusten ari gara?

Detektatzen genuen, batez ere bideo jokoen bitartez, haserrea, amorrua, urduritasuna… gure saioetan beti ateratzen ziren sentsazioak zirela, baina orain egia da espazio horietan bakardadea sentitzen dutela komentatzen dutela gure tailerretan, eta sentsazio horri adi egon behar gara, zeren azkenean eragin bat delako, haiek bakarrik daudelako jolasten, nahiz eta online lagunekin edo ezezagunekin konektatu, horrek bestelako arriskuak ere dauzkala jakinda. Bakarrik daude euren logelan, eta askotan etxean bakoitza gela batean dago, gauza ezberdinak egiten, baina gailuekin. Ikusten ari gara sustatu eta orekatu egin behar dela beste mota bateko aisialdia, eta hori gurasoen esku dago, helduen esku dago hori sustatzea.

Bakardadea aipatzen dutenean, zelan deskribatzen dute sentimendua?

Tristurarekin konektatzen duten bakardade bat da, ez da bakardade bilatu bat. Animalia sozialak gara eta haurrek eta nerabeek euren berdinekin egon nahi dute, euren berdinekin denbora partekatu eta komunikatu; berdin du zelan, jolasaren bitartez, fisikoki edo online. Zu konektatu ahal zara edozein momentutan eta ezin duzu espero beti pertsona batzuk zure zain egotea. Batzuetan espazio horietan geratu egiten dira, baina beste batzuetan topo egiten dute, topaleku ere badira-eta. Beste kontu bat da topaleku horretan ez bazaude ez zaudela talde horretan, eta hor ere presioa dago halako sareak eta halako bideo jokoak erabiltzeko. Guraso askoren kezka da noiz eta zelan erabili, baina beste kezka bat da ea haurra baztertuta geratuko den ez erabiltzeagatik edo espazio horietan ez egoteagatik.

Nola eragiten die haurrei hiperkonektibitate horrek?

Oso bitxia da geletan ikusten ari garen eta behin eta berriro errepikatzen den egoera. Askotan talde txikietan daude jarrita, eta nolabaiteko urduritasuna eta estresa ateratzeko, hiperkonektibitate horrek eta hiperestimulazio horrek eragiten duena ateratzeko, behar izaten dute eskuan denbora guztian zerbait edukitzea eta mugitzea, gorputzak, nerbio sistemak, behar duelako nolabait emozio hori sentitu eta trantsitatu. Hori da bilatzen duten modua; gehienetan inkontzientea da. Bestalde, amorrua eta haserrea sentitzen dutenez, gehienetan erabiltzen dituzten bideo jokoak haientzat egokiak ez direlako, ikusten dugu biolentzia handiz erantzuten dutela trantsitatzeko: kolpeak eman, gauzak apurtu eta halako jarrerak ikusten ari gara. Haiek ere konturatzen dira, badakite ez dela modu egokia, baina momentuan inkontzienteki horrela egiten dute. Jarrera horiek imitatuak ere izaten dira, indartu egiten dira, segun zein saretan bideo jokoan aritzen diren figura batzuek horrelako jarrerak dituztelako; erreferente moduan hartzen dituzte, eta indartu egiten da ume hori.

Erabileran mugak jarri beharko liratekeela argi dago, baina zer-nolako mugak? Adinaren araberakoak izan behar dira?

Adinaren arabera eta heldutasunaren arabera. Agian adin berdina daukan haur batek heldutasun maila handiagoa izan dezake zerbait erabiltzeko; mugikorra izateko, adibidez. Garrantzitsuena, adina eta denbora baino gehiago, ibilbide bat egitea da, erabilerarekin prozesu bat egotea. Smartphone bat lehenengoz ematen badiot, nire helburua lagunekin doanean niri deitzeko gailu bat izatea delako, Internetik ez daukan telefono bat eman ahal diot. Kontua da –eta argi izan behar dugu– haiek telefonoa ez dutela horretarako nahi. Hori aitzakia bat da. Haiek aplikazioak deskargatzeko nahi dute.

Beraz, kontua da guztiok erabiltzen ditugula, baina printzipioz, aplikazio horiek guztiak ez direla gehienetan euren adinarentzat egokiak, eta bereziki konfigurazioa eta pribatutasuna ez daudela modu zehatz batean diseinatuta. Ez dago interesik hor baimen bat eskatzeko. Esate baterako, kalean tatuaje bat edo pearcing bat egin behar baduzu, egiteko adin bat dago eta paper bat sinatu behar duzu, baina hau guztia erabiltzeko ez, eta hor informazioa dago eta zenbat posibilitate dauden ikusteko eta egiteko. Gogoan eduki behar dugu garrantzitsuena ez dela bakarrik zer egiten duten. Kontu bat egiten dute aplikazio batean gauzak egiteko, baina zer ikusten ari dira? Ez da bakarrik zer egiten duten edo zer egin ahal duten, baizik eta ikusten, jasotzen ari diren hori nondik eta zelan jasotzen duten...

Gehiegizko erabilera horren aurrean, behin ohitura desegokiak izanda, posible al da atzera egitea, zuzentzea, aurreko urratsera itzultzea? Eta nola egiten da?

Posiblea da, baina zailagoa izango da. Azkenean ohitura bat kentzea beti izango da zaila. Guretzako zaila bada adikzio bat kentzea –edo ez dauka zertan adikzioa izan, baina bai gehiegizko erabilera bat– edo edozer gauza uztea kostatzen bazaigu, nola ez zaio haur bati kostatuko. Frustrazioa agertuko da eta hori kudeatu beharko dugu. Epe bat egongo da, non zailtasunak edukiko ditugun eta muga berriak ezarri beharko ditugun, baina posible izango da beste espazio batzuk eskainiz eta azalpena emanez. Ez da «kendu egingo dizut, nik esaten dudalako», baizik eta zer gertatzen zaion azaltzea, «hara zer gertatzen den epe laburrean hau erabiliz gero», eta alternatiba batzuk azaltzea.

Haurren eta helduen on-off horien kudeaketa honen guztiaren gakoetako bat da?

Bai, eta helduok egiten dugun erabileraz lanketa kontziente bat egiten ez badugu... Izan ere, gaur egun denok egiten dugu gehiegizko erabilera, azkenean ia guztiok daukagu Whatsapp edo halako aplikazioren bat eta horren bitartez ere denbora asko ematen dugu, horrek ere eragin handia dauka harremanetan… Guri ere tokatzen zaigu kontzientzia hartzea eta noizbait ariketa egitea, eta telefonoa noizbait etxean uztea. Agian nik ere desinstalatu dezaket Whatsapp oporretan nagoenean, eta horrek eraginak izango ditu ingurukoengan: «Zergatik egiten duzu hori?». Erlazionatzeko moduan, guretzako ere eraginkorra da, baina gure taldeetan liskarrak ere izaten dira, gaizki-ulertu handiak… aplikazioak komunikatzeko tresna asko kentzen digulako, keinuak ez dira ikusten, ahotsaren tonua… milaka aukera daude, baina komunikatzeko beharrezkoak diren modu asko ere galtzen dira.

Telefonorik gabeko jarduerak antolatzea, gailuen beharrik ez duten espazioak sortzea… lagungarria izan daiteke?

Bai, eta gure asku dago. Aplikazioetako batzuk denbora asko emateko pentsatuta daude, eta kentzen diguten denbora horrek sormenerako tarteak ere kentzen dizkigu, sormena ez da bakarrik agertzen, aztertzeko tarteak behar izaten ditugu sormena garatzeko. Ez dugu erabakitzen noiz sortuko dugun, denbora eman behar zaio sormenari, agertzeko.

Arau zorrotzak jarrita edo erabilera mugatuta haien adin bereko lagunen artean arazoak sor daitezkeela uste izaten dugula aipatu duzu. Zelan egiten zaio aurre horri?

Azkenean gu geu ari gara konparatzen eta gure seme-alaben identitatearen garapena eta berdinen arteko harremanak zaindu nahi izaten ditugu, baina erabakiak ulergarriak izan daitezke prozesu bat baldin bat badago. Egongo da une bat, non ezin izango dugun errealitatea ukatu eta kontua da bukatuko dugula erosten eta uzten lehen ez ditugunak utzi, baina haiek prozesu bat garatu izan badute ezberdina izango da. Haiek indibidualki hartzen dituzten erabakiek, nahiz eta nerabeak izan, nolabaiteko garapena izango dute, eta guk jarraipena egin ahal izango dugu. Ez dugu ahaztu behar nerabezaroa eta gaztaroa esploratzeko eta identitatea garatzeko momentu oso potenteak direla, aldaketa asko izaten dituztenak, eta hau ere beste aldaketa bat da haientzat; haiek esploratzeko espazio bat dute hor.

Gurasotasun digitalak eratzen ari dira, baina mundu hori oso arin heldu da, ezezaguna da guraso askorentzat, erreferentziarik gabea, berria da dena...

Gauzak ezberdinak dira, baina guk ezarri nahi ditugun muga eta balioek agian berdinak izaten jarraitzen dute. Guk hori finko eta argi baldin badugu, erabakiak hartzean ingurune hori ezagutzeko ardura hartu beharko dugu, jarri beharko gara ikertzen nolabait, jakiteko zer dagoen benetan eta interesa erakusteko. Batzuetan interesa sortzea galdetzea da, gure seme-alabei galdetzea zergatik dauden hor eta arreta zerk ematen dien, adibidez. Batzuetan kontatuko digute eta beste batzuetan ez, baina hori mundu bat da, batzuetan ezjakintasun sentsazioa izan dezakegu, baina azkenean egin behar duguna da interes hori ezartzea. Haiek ikusten badute guk espazio horietan interesik ez dugula, ez digute kontatuko zer gertatzen zaien hor. Gainera, pentsatuko dute horren inguruan ez dakigula ezer erantzuten eta batzuetan dauzkaten kezkak oso ohikoak izaten dira.

Haurrak eta gurasoak mundu horretan era berezi batean hezi behar direla uste duzu?

Espazioetara bueltatzea da behar duguna, eta espazioak sortzea. Ahalegina egin behar dugu bai pantailen bidez eta bai pantailetatik kanpo elkar ulertzeko eta partekatzeko espazioak sortzeko. Agian mugikorrik gabeko bazkari bat antolatu behar dugu, eta agian horrela egiteko esan behar dugu, edo pantailekin zerikusirik ez duten jarduerak egin, aisialdian naturan edo beste edozein motatako jardueretan aritzeko.

Detektatzen ari garen eta oreka behar duen beste kontuetako bat eskolaz kanpoko jarduerekin lotuta dago. Detektatzen ari gara eskolaz kanpokoak egiteko erresistentziak daudela, zeren horrek inplikazioa eragiten du, eta detektatzen ari garena da guraso batzuek ez dutela inplikazio horretan jausi nahi, baina gero arduratu egiten gara pantailen gehiegizko erabilera horrengatik. Gure erronka horren sustapena da, haurrak hori eskatzen ari direlako. Pandemia aurretik ere etxeratu egin gara gu ere erosotu egin garelako. Bitarteko asko daukagu erosotzeko, baina horrek bakardadea, apatia eta antsietate eta depresio koadro gehiago ekartzen du. Psikologian eta psikiatrian nerabeen bisitak biderkatu egin dira. Hor badaukagu datu bat, eta ez da kasualitatea. Gure esku badago zerbait egitea, presentzia, sormenaren sustapena eta aisialdiaren oreka, horiek izango lirateke hiru gako nagusiak.

Emokik eskaintzen duen zerbitzuak behar horri erantzuten dio, ezta?

Ulertu eta ordenatu egin behar dugu. Guk ematen ditugun tresnak kokatzeko tresnak dira, eta hain zuzen, adierazteko espazioak sortzen aritzen gara, behar bat dagoelako sentitzen dugun eta eragiten digun horretaz hitz egiteko.