Amaia U. Lasagabaster
Entrevista
Iraia IPARRAGIRRE
Realeko jokalaria

«Lana lagun, beti da errazagoa asmatzea»

Hiru urte eta erdi besterik ez dira igaro Anoetak Realaren eta Athleticen arteko derbi bat lehen aldiz hartu zuenetik. Oso denbora gutxi igaro bada ere, partida hartako deialditik Ane Etxezarreta, Nerea Eizagirre eta Iraia Iparragirre dira Realean jarraitzen duten jokalari bakarrak.

Iraia, Huelvako Sporting taldearen aurkako partidan
Iraia, Huelvako Sporting taldearen aurkako partidan (Gorka RUBIO | FOKU)

Oporrak ondo etorri zaizkio, «buruak eta gorputzak atsedena behar dutelako ondo funtzionatzeko». Baina bigarren itzuliak dakartzan erronkak ezagututa eta urtea Reale Arenan Athleticen kontra jokatuz hasiko dutela jakinik, inoiz baino «gogo eta ilusio handiagoarekin» itzuli dira lanera Iraia Iparragirre eta bere taldekideak.

Bizi garen garaiotan, Olentzerori osasuna eskatuko zeniola imajinatzen dut. Aurreko denboraldia oso gogorra izan zen guztiontzat eta antzeko agertoki batera gerturatzen ari garela dirudi...

Ezetz espero dut, baina egia da egoerak baldintzatzen gaituela, gainontzeko guztiok bezala. Gure kasuan, adibidez, berriro hasi gara norberaren etxean jaten eta dutxatzen, Zubietan egin beharrean. Azken jardunaldian lehen atzerapenak heldu ziren...

Zure kasuan, 2021. urtea bereziki gogorra izan zen, covidaren ondorioz izan ez bazen ere.

Bai, meditazio lan handia egin behar izan nuen egoera jasateko, oso gogorra egin zitzaidalako lesioaren bilakaera: aurrera ez nuen egiten, minarekin askoz zailagoa da aurrerapausoak ematea... Burua jokoan sartzen da azkenerako, pisu handiena hartzera iristeraino. Eta horri guztiari buelta eman behar zaio.

Zure kasuan, eman diozu.

Eta poz-pozik nago, beste Iraia bat naiz! Uda ere oso gogorra izan zen, muletekin, eskaiolarekin... Baina merezi izan du uda sakrifikatzeak. Denboraldiaurrean zelaian izateak, taldekideekin entrenatzen hasteak, lehenengo minutuak jokatzeak... den-dena aldatzen dizu.

Itzuli zinenetik, partida guztietan parte hartu duzu.

Eta hori ere nabaritzen eta eskertzen dut. Minutuek konfiantza ematen dizute. Parte hartzeko aukera oso garrantzitsua da eta nik faltan bota nuen iaz.

Talde osoak egoera zail bati buelta eman diola esan daiteke.

Bai, baina nahiz eta egia izan egoera zailak egon zirela, aurreko Ligan ere oso ondo aritu ginen. Goranzko ibilbidea aurretik dator, taldean aldaketak egon diren arren.

Inork ez genuen espero Realak horrelako lehen itzulia egiterik. Ez dakit barrukoek ere zalantzak bazenituzten...

Bai, eta normala da: taldea guztiz berritu dugu, oso talde gaztea dugu... eta, noski, talde batek egonkortasuna behar du jokoa biribiltzeko, ahultasunak lantzeko... Argi genuen gauza bakarra Realaren nortasuna bere jokoan eta lan egiteko eran dagoela zen. Eta, zorionez, etorri diren jokalariek ere argi zuten hori, bazekiten nora zetozen, erraz integratu dira eta horrek ibilbideari eusten lagundu digu.

Eutsi eta hobetu. Izan ere, jokoa eta emaitzak aurreko denboraldikoak baino hobeak dira.

Benetako gakoa lana da. Beti izan da horrela Realean, lana eta lana. Eta lana lagun, errazagoa da asmatzea. Horrez gain, alde batetik, iaztik jarraitu duen taldearen oinarriak oso argi zuen zein den gure jokoa, eta, bestetik, etorri diren jokalariek ere azkar identifikatu eta barneratu dute. Gainera, nik uste jokalari berrien ezaugarriek asko lagundu dutela gure jokoarekin jarraitzea eta joko hori hobetzea. Talde teknikoan ere jende berria dago, beste ikuspuntu batekin, gauzak azaltzeko beste era batekin... Aldaketak egon dira eta joan direnek hutsune bat utzi badute ere, nik nahiago dut baikorra izan eta etorri direnek ekarri dutenean pentsatzea hutsune horretan baino.

Bigarren itzuliari begira, orain arte egindakoak baikortasuna sortzen du edo presioa sartu?

Gauza biak, seguruenik. Maila igotzen zoazen heinean, zuk zeuk igotzen duzu exijentzia eta horri erantzun behar zaio. Baina etenaldiaren ondorengo entrenamenduetan nik ez dut ikusi presiorik, gogoa, ilusioa eta umiltasuna baizik. Niri ustez, horrek eramaten zaitu hobetzera. Argi dago horrela jarraitzen badugu azkenean presioa ere sortuko dela, baina nik espero dut Txapeldunen Liga jokatzeko ilusioa postu hori galtzeko beldurra baino sendoagoa izatea.

Aurkariek ere portaera desberdina izan dezakete hemendik aurrera. Orain badakite talde benetan indartsua zaretela...

Hori gertatu da dagoeneko. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu aurkariak espero genuen jokoa ez egitea, ohiko jokoa aldatzea gure kontra jokatzeko. Eta egia esango dizut, niri ilusioa eta guzti egiten dit! Gainera, gure taldea aldaketa horiei aurre egiteko eta aurkariek izan dezaketen motibazio estra hori neutralizatzeko gai da; asko gustatzen zait horren kontra lehiatzeko gai garela ikustea, taldearen nortasuna eta heldutasuna erakusten dituela uste dut.

Hori guztia Athleticen kontra erakutsi beharko duzue bihar.

Eta, gainera, Reale Arenan! Oso exijentea baina oso polita izango da. Derbi batek ez dauka zerikusirik beste partidekin, oso desberdina da. Eta oso zaila jokatzeko! Sailkapenak eta boladek ez dute gehiegi inporta derbi batean, edozer gerta daiteke.