NAIZ

Hamarnaka errepide itxita uholdeen ondorioz eta alerta indarrean Euskal Herri osoan

Dozena bat errepide-zati, guztiak bigarren mailako sarean, itxita daude, Arakil, Bidasoa eta Butroe ibaiek hainbat puntutan gainezka egin dutelako. Ipar Euskal Herria ere alerta gorrian dago uholde eta elur-jausiak direla-eta.

Arga ibaia, Burlatan.
Arga ibaia, Burlatan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Uholdeen eragin nagusiak, une honetan, Sakanan, Arakil ibaiaren ur-goraldiak eraginda, eta Bidasoaren korridorean aurkitzen dira, horrek ere gainezka egin baitu. Etxaurin gerta daitekeen egoerak ere «kezkatzen du». Izan ere, nafar Gobernuak jakinarazi duenez, Arga ibaiaren maila oso altua da Ultzama eta Arakilen ekarpena jaso ondoren.

Uholdeen ondorioz itxita daude NA-30 errepidea, Landabenerako sarbideak, lurpeko pasabidean ur putzu bat sortu baita; NA-7520 (Arbizu-Lizarragabengoa) 8. eta 9. kilometroen artean; NA-2410 (Sakana), 12,5 eta 13,5 eta 15,3 eta 16,9 kilometroen artean; NA-7010 (Astrain-Irurtzun) 17,5 eta 20,9 kilometroen artean; NA-2316 (Zuluetako sarbidea); NA-1210 (Arraitz-Endarlatsako bentak), 40 eta 41,5 kilometroen artean; NA-7065 (Urritzolarako sarbidea) eta NA-4161 (Larraintzar-Iraitzotz).

Nafarroako Gobernuak larrialdi aurreko plana abiatu du eurieagatik. (Iñigo URIZ/FOKU)
Nafarroako Gobernuak larrialdi aurreko plana abiatu du eurieagatik. (Iñigo URIZ/FOKU)

Gainera, NA-170 errepidean, 27,5 kilometroan (Doneztebe inguruan) erreia itxita dago Leitzarako noranzkoan luiziengatik, eta NA-137 errepidean (Burgi-Izaba) Belaguako mendatea itxita dago Ferialetik aurrera, haizeteengatik, galtzadako izotzagatik eta elur-jausiak izateko arriskuagatik.

Nafarroako Gobernuak Uholdeengatiko Larrialdi Plan Bereziaren aurrelarrialdi maila aktibatu du, izaten ari diren euri-jasen intentsitatea dela eta. Hala iparraldeko ibaien emariek eta mailek gorakada handiak izan dituzte atzotik, eta hainbat dira alerta balioak neurtzen dituzten ur-emarien estazioak, hala nola Arga ibaia Iruñean eta Etxaurin; Arakil ibaia Etxarrenen eta Urdiainen; Baztan ibaia Oharrizen, Irati ibaia Ledean eta Zaraitzu Aspurzen. Gainera, aurrealerta egoeran daude Arga ibaiak Arazurin eta Burlatan eta Ega Arkijasen eta Lizarran.

Gizon bat urak hartutako kale batean, Uharten. (Iñigo URIZ / FOKU)
Gizon bat urak hartutako kale batean, Uharten. (Iñigo URIZ / FOKU)

Argaren emaria, Etxauri parean, 899 m3/s-ra iristen da; azken 15 egunetako batez bestekoa 58,62koa zen, eta bere maila 5,75 metrokoa da, azken bi asteetako 0,71ren aldean.

Oraingoz, ez da gorabehera garrantzitsurik izan, eta Arakil eta Baztan/Bidasoa ibaiak izan ezik, horiek gainezka egin baitute, iparraldeko erdialdeko gainerako ibilguek urak har ditzakeen eremuak okupatu dituzte, kalterik eragin gabe, Arga ibaia barne. Nafarroako Suhiltzaileek eta Foruzaingoak esku hartu behar izan dute, batez ere Beran eta Sakanako herrietan, xukatzeak egiteko eta, errepideetako mantentze lanetako langileekin batera, eroritako zuhaitzak eta trafikoa oztopatzen zuten lur-jausiak eta harriak kentzeko.

Aemetek abisu horia aktibatu zuen Kantauri isurialdean 12 ordutan 60 litrora irits daitezkeen prezipitazioengatik, 100 litrorainoko tokiko pilaketekin euri-jasa guztietan, gaur, astelehena, 24.00etan amaitzea aurreikusten dena. Abisu horia Nafarroako Pirinioetara zabaltzen da, 1.300 metrotik aurrera 5 zentimetrorainoko elurteak egin ditzakeelako. Kota horretatik behera euria egingo du eta 50 litro bil daitezke hurrengo gauerdira arte, 100 litrorainoko tokiko erregistroekin.

Guztira 24 familia atera dituzte haien etxebizitzatik Beran, ibai bateko ubidea gainezka egin ostean. Urak lurra arrastatu du eta eraikinaren zimenduetara iritsi ahal izan da, erortzeko arriskua sortuz. Oronozko parkeko suhiltzaileek eta Berako suhiltzaile boluntarioek, foruzainekin batera, desalojoa zuzendu dute. Doneztebeko aterpetxea prestatu dute.

Arkitekto batek eraikinen egoera ikuskatuko du, erortzeko arriskua dagoen zehazteko eta neurri egokiak hartzeko.

Butroe eta Oria

Bizkaian, era berean, azken orduetan izandako euriteen ondorioz, Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean, eta, ondorioz, BI-2120 errepideko zirkulazioa eten egin da Plentziarako noranzkoan.

Bestetik, Renfek C4 lineako aldiriko trenen zirkulazioa berrezarri du gaur goizean, Basurtuko Ospitaleko eta Bilbao Concordiako geltokien artean. Atzo eten egin zen, tunel bat urez bete ondoren.

Gipuzkoan, berriz, dagoeneko ireki dute N-634 errepidea, Zarautz eta Getaria artean goizean itxita egon eta gero. Itxita dago ere N-636 errepidea, Bergaran. Bestalde, N-I errepidean, Idiazabalen, Madrilgo norabidea matxuraturiko kamioi batek ataskoa sortu du. Kamioiak A-15 autobidetik desbideratu dituzte. 14.00etan karril bat ireki dute eta desbideraketa hau bertan behera utzi dute. Leintz-Gatzagan, GI-627 errepidea moztu dute, Arlaban mendatean.

Bizkaia Trabakua mendatea itxi dute, Mallabian, lubizi bat dela eta. Bizkaiko Aldundiaren arabera, 400 metro kubo lohi erori dira Trabakuan eta errepidea atontzeko lanak oraindik jarraitzen dute. Abenduaren 10ean izan zen euriteak ere kalteak eragin zituen puntu honetan bertan.

BI-2120 errepidea Maruri gainan Plentziako norabidean moztu behar izan dute Butroe ibaiak gainezka egin duelako, baina egoera konpondu dute. Arazoak ere konpondu diuzte Asuan BI-735 errepideko Makro biribilgunean. Ur putzu batek trafikoa moztera behartu dut goiean baina konpondu dute.

Oria ibaia, aldiz, maila gorrira iritsi da Usurbilen eta Anoetan, baina goizeko lehen orduetan maila horira itzuli da.

Oria Ibaia, Usurbilen.
Oria ibaiak gainezka egiten du Usurbilen. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Era berean, Uribarriko urtegia, Bilbo eta Gasteiz edateko urez hornitzen dituena, urak husten hasi da goizaldean, bere guztizko ahalmenaren %87 gainditu baitu. 24 ordu eskasean, Uribarri bere edukieraren %80tik % 87,67ra igaro da astelehen honetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako datuen arabera. Goizaldetik, segundoko 22 metro kubikotik gorako bolumena ari dira husten. 

Astelehen honetan Arabako urtegiak 128,4 hektometro kubiko ditu, gehienez ere 146,4. Urtegia hustearen ondorioz, ohiko lekuetan kalteak izaten ari dira, eta Iruña Okako zenbait errepide itxi dituzte, Zadorra ibaiaren ibilgutik gertu.

Ipar Euskal Herria, alerta egoeran

Iragan abenduan Barra ekaitzak ekarritako euriteen kalteak oraindik ere gogoan direla, heldu da alerta egoera berria Ipar Euskal Herrira. Pirinio Atlantikoen departamendua alerta gorrian dago uholde eta elur-jausiak direla-eta.

Gaua aski lasaia izan bada ere, hainbat errepide itxita daude Bidaxune aldera, Nafarroa Beherean. Hala Bidaxune eta Akamarre arteko bidea hetsia da. Ortzaizen ere uholdeak izan dira.

Urak errepidea hartu du Ortzaizen. (Bob EDME)
Urak errepidea hartu du Ortzaizen. (Bob EDME)

Bestalde, Baiona eta Puyoo arteko tren zerbitzua bertan behera utzi behar izan dute. Akizetik desbideratuko dute trafikoa, SNCF tren konpainiak jakitera eman duenez.

Atharratze aldean, uholde arriskua handia izanik, eskola garraioa bertan behera uzteko aukera mahai gainean jarri zuen bart Pirinio Atlantikoen Prefekturak, gurasoei haurrak eskolara ez eramateko gomendioa emanez. Era berean, Mauletik Oluera joan-jinak ez egitea galdegin du erakundeak.

Zuberoan euri kopuru handia espero da ondoko orduetan. Bestalde, Lapurdin, egurditik aurrera izanen den itsasgorari begira izanen dira, ohi bezala, Azkaine, Senpere edo Donibane Lohizuneko hainbat auzotako biztanleek.

Dagoeneko 400 bat etxebizitza argindarrik gabe daude goizean Senperen. Enedis argi hornitzaileak goizean zehar konponduko duela matxura adierazi du.

Joan zen hilabetean Barra ekaitzak eragindako egoera larria ez dela errepikatuko diote eguraldi aurreikuspenek. Hala eta guztiz ere hainbat ibairen emariari begira dira gaur larrialdiko zerbitzuak. Hala nola Uhaitza, Errobi eta Aturri ondoan igaro diren errepideetan arazoak suertatu daitezkeelako zuhurtzia galdetu du Prefekturak.