Donostiako Udaleko LABek Eneko Goia alkateari eskatu dio neurriak har ditzala «migratzaileen eskubide sozial eta politikoak errespeta daitezen», eta iker dezala Udaltzaingoaren «jokabidea» Joseba Alvarez ezker abertzaleko kide ezagunari 240 euroko isuna ezarri dioten gertaeretan.
Donostiako Udaleko LABeko ordezkariek, Joseba Alvarezekin batera, prentsaurrekoa eman dute Donostiako epaitegi batek Piztuko kideari ezarritako zigorraren inguruan, 2018an Donostiako Alde Zaharrean gertatutako gertakari batzuengatik «agintaritzaren agenteei aurre egiteagatik» 240 euro ordaintzera kondenatu baitu.
Fiskaltzak eta Donostiako Udaltzaingoak, akusazio partikular gisa, urtebeteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatu zuten Alvarezentzat, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu delitu batengatik. LABek nabarmendu duenez, ezarritako zigorra «eskatutakotik urrun dago», baina «jarrera arrazista eta bortitzekiko erresistentzia zigortu da, eta hori oso larria da».
«Jendeak pentsa dezake 240 euroko isuna jartzea ez dela horrenbesterako, baina epai honek kondenatzen duena gehiegikeria polizialari eta arrazismoari aurre egitea da. Erabaki larria da. Izan ere, nahiz eta udaltzainek pertsona migrante bati tratu arrazista eta biolentoa eman, haiei modu ez biolentoan aurre egitea eta giza eskubideak errespeta ditzaten eskatzea delitutzat jo du epaiak, atentatua ez, baina autoritateekiko erresistentzia leporatuz», azaldu du sindikatuak.
Sindikatuak salatu duenez, «Udaltzaingoak gezurretan oinarritu zuen muntaia poliziala, Joseba Alvarezi atentatu bat leporatu ahal izateko», eta, horregatik «ekintza larri» hori ikertzeko eskatu du.
Gainera, LABek uste du gertakari horrekin «argi geratu dela Donostiako Udalaren jarrera ez dela onena migrazioaren alorrean», eta gaitzetsi du Gipuzkoako hiriburuan ez direla errespetatzen «migratzaileen eskubide zibil eta politikoak».
Horregatik guztiagatik, alkateari eskatu diote «udaltzainek gertakari horietan izandako jokabidea ikertzeko, Udaltzaingoak beharrezko neurriak har ditzala jarrera bortitzak eta arrazistak saihesteko, eta, Donostian inor ez da ilegela printzipioan oinarrituta, neurriak har ditzala migratzaileen eskubide sozial eta politikoak errespeta daitezen».