NAIZ

Iratxe Sorzabal espainiaratu egingo dute ostiral honetan, aldi baterako

Iratxe Sorzabal espainiaratu egingo dute aldi baterako ostiral honetan, heldu den otsailean Auzitegi Nazional espainolean epaitua izan dadin, Kazeta.eus atariak berri eman duenez.

Iratxe Sorzabal.
Iratxe Sorzabal.

Iratxe Sorzabal euskal preso politikoa espainiaratu egingo dute bihar, aldi baterako, Kazeta.eus agerkariak defentsaren iturriak aipatuta aurreratu duenez.

Irundarra frantziar Estatuan dago preso, Reau-ko espetxean, eta Auzitegi Nazional espainiarrean epaitua izan dadin entregatuko dute. Zehazki, heldu den otsailaren 7 eta 8an epaituko dute, 1996an Gijonen bi lehergailurekin ETAk burutu zuen atentatuan parte hartzea leporatuta.

Agintari espainiarrek hamaika euroagindu eskaera egin dituzte Sorzabalen aurka, baina horietako bat errefusatu egin zuten frantziar epaitegiek 2020ko abenduan, 2001ean Hernanin atxilotu zutenean Guardia Zibilaren esku jasan zituen tortura salaketei sinesgarritasuna eman ondoren.

Preso irundarraren aurkako hiru euroagindu onarturik ditu frantziar justiziak aurretik eta beste zazpi kasutan informazio gehigarria eskatu diete espainiar epaileei.

Espainiaratzea eta epaiketa salatzeko, Irunen mobilizazioak antolatu dituzte datozen egun eta asteetarako. Lehena bihar bertan izango da, elkarretaratzea 19.00etan San Juan plazan, Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak ekimenak deituta.

Urtarrilaren 21ean ‘Bi arnas’ dokumental proiektua aurkeztuko dute. Sorzabalek eta haren ama Nieves Diazek sufrituriko arnas falta islatu nahi du Muara Kultur Elkarteak eta euskal herritarrek pairaturiko torturak salatzea ere du helburu.

Epaiketaren atarian, otsailaren 5ean, manifestazioa deitu dute Irungo San Juan plazatik arratsaldeko 18.00etan.

Iratxe Sorzabal Oslon izan zen ETAren mintzakide taldean David Pla eta Josu Urrutikoetxearekin batera, gatazkaren ondorioak elkarrizketa bidez konpontzeko. 2015eko irailean Baigorrin atxilotu zuten; frantziar Estatuan ezarri zioten zigorra heldu den azaroan beteko du, beranduenez.

Aieteko 10. urteurrenaren karira, elkarrizketa eskaini zion NAIZi.