Ikastolen Elkarteak baliabideak jar ditzatela eskatu die Lakuako eta Nafarroako gobernuei covidari aurre egiteko. Eta arakatzaileen lana indartu dezatela exijitu die. «Ikasturtea hasi denetik, biderkatzen ari dira covid kasuak gure ikasleen artean, eta egoeraren kudeaketa geroz eta zailagoa egiten ari zaigu», adierazi du.
Deitoratu duenez, «inpotentziaz eta nekez bizitzen ari gara ematen ari diren hainbat egoera eta ez dagozkigun ardurak hartzen ari gara gure gain azkenaldian Osasun sailetik erantzun eraginkorrik ez dugulako jasotzen. Aste honetan pandemia kudeatzeko irizpideetan izandako aldaketek eta Osasun eta Hezkuntza Sailen arteko irizpide-desberdintasunek ez dute lana erraztu. Ikastolok protokoloen zehaztapenaren beharra dugu».
«Nafar Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza arduradunei eskatzen diegu ikastetxeetan aplikatu beharreko behin betiko protokoloak zehaztea eta ezartzea, eta ez uztea hezkuntza komunitatearen gain covid kasuen kudeaketaren ardura», gaineratu du, eta diagnostiko goiztiar bat ziurtatzeko eta pertsonak artatu eta jarraipena egiteko baliabideak gehitzea ere ezinbestekoa dela ohartarazi du.
Izan ere, «behin ikasleak etxeratuta, familiek adierazi digute osasun sailetatik ez direla beraiekin harremanetan jartzen ari edo oso berandu ari direla. Ondorioz, gure familiengan egoera oso gogorrak sortzen ari dira. Egonezina hazten ari da etxe askotan. Guraso ugarik, lan egoera dela eta, umeak etxean bakarrik edo aiton-amonekin utzi behar dituzte. Egoera bidegabea bizitzen ari dira gure ikasle, guraso eta langileak».
«Ikastoletan garbi dugu ez ditugula gure familiak abandonatuko eta behar dutenean laguntzeko gaudela eta egongo garela. Baina Gobernu desberdinetako osasun arduradunei dagokie osasun irizpideen baitako erabaki guztiak kudeatzea», esan du, hezkuntza komunitateak «hasieratik ardura handiz» jokatu duela nabarmenduz.
Eskola kirolaren aldeko aldarria
Halaber, aisialdiak ikasleen ongizate fisiko eta emozionalean duen garrantzia goraipatu du, eta EAEn eskola kirolaren asteburuetako jarduna bertan behera gelditu dela salatu du. Elkartearen esanetan, «neurri honek umeak eta nerabeak kiroletik aldentzea ekar dezake, eta arrisku hori ezin dugu onartu».
«Orain arte asteburuko jarduna era seguru eta ordenatuan egin da, protokoloak zainduz, arduraz jokatu dugu ikastoletan. Aldiz, Administrazioek errazenera jo dute, berriro ere eskola kiroleko asteburuetako jardunaldia bertan behera utzi dute horrek izan ditzakeen ondorioak aintzat hartu gabe», azpimarratu du.
«Garapen pertsonala jokabide motorretik sustatzearen garrantziaz jabetuta gaudenez», ikastolek Lakuako arduradunei eskatu die eskola kirolaren inguruko gogoeta egiteko, asteburuetan ere kirola egiteko aukera emateko. «Horretarako beharrezkoak diren baldintza eta neurriak ezarriz. Hargatik, ikastolok kirol jarduerak seguruak izaten jarraitzeko neurriak hartuko ditugula berresten dugu, jarduerari ekiteko beharra azpimarratuta».