NAIZ

«Lan erreforma honi ez» lelopean mobilizazioak deitu dituzte hiriburuetan urtarrilaren 30erako

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak deitu dituzte urtarrilaren 30erako, «Lan erreforma honi ez» lelopean. Salatu dutenez, Gobernu espainolaren erreformak 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen «hezurdura» mantentzen du.

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Bilbon egin duten agerraldia.
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Bilbon egin duten agerraldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek manifestazioak deitu dituzte urtarrilaren 30erako Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Gobernu espainolak, CEOEk, CCOOk eta UGTk hitzartutako lan erreformaren aurka.

Mobilizazio horiek Bilbon eta Iruñean eman dituzten prentsaurrekoetan aurkeztu dituzte sindikatu horietako ordezkariek. Bilboko agerraldian, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Araburu LABeko idazkari nagusiak parte hartu dute.

Martxak eguerdiko hamabietan egingo dira, «Lan erreforma honi ez» lelopean, eta mobilizazioek beste aldarrikapen batzuk ere izango dituzte, hala nola lan harremanen euskal esparruaren defentsa eta «kaleratze errazak ezabatzea». Gainera, iragarri dutenez, lan erreforma bozkatu aurreko egunean lantokietan elkarretaratzeak deituko dituzte.

Agerraldian, euskal langileentzat «hain garrantzitsua den gai bati buruzko erabakiak Madrilen hartzea» salatu dute, eta horrek, euren ustez, EAE eta Nafarroaren «autogobernuen mugak agerian uzten ditu».

Horrekin batera, salatu dute Gobernu espainolak «ez duela bere hitza bete», ez baitu 2012an PPk «aldebakarrez inposatutako lan erreforma» indargabetu. Ez du, nabarmendu dute, agindutakoa egin, «ez baitie lan erreforma haren elementu kaltegarrienei buelta eman». «CEOErekin Elkarrizketa Sozialaren bitartez urardotutako akordio bat hobetsi dute langile klasearekin hartutako konpromisoa bete beharrean», gaineratu dute.

Azken erreformen «hezurdura» mantentzen du

Azpimarratu dutenez, Pedro Sanchezen Gobernuak CCOOk, UGTk eta CEOEk adostutako lan erreformak 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen «hezurdura» mantentzen du. Iza ere, sindikatuek adierazi dute «langile klasearen pobretzea bilatzen zituzten tresna ia guztiak» mantenduko dituztela hemendik aurrera ere.

Hala, sindkatuek «negoziazio kolektiboan estatuko marko inposatzailea mantentzea» salatu dute, eta baita ere «ez diotela segurtasun juridikorik eman EAE zein Nafarroan negoziatzen ditugun hitzarmenei».

«Euskal Herrian gure negoziaketak egin nahi ditugu langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko, kanpo injerentziarik gabe. Hori da, gure ustez, negoziazio kolektiboan erabakitzeko esparrua izatea», gehitu dute.

Honekin batera, lan hitzarmen sektorialen prebalentziaren «inguruko tranpa» salatu dute: «Eskatzen duguna lan hitzarmen sektorialak bere osotasunean minimoak izatea da. enpresako lan hitzarmenen gainetik, ez bakarrik soldatetan, elementu guztietan».

«Eta, bestetik, langileen kaleratze prozedurak ez dituzte aldatu. 2012an kaleratzeko objektiborako kausak izugarri lausotu ziren, kaleratzea merkatu zen, administrazioaren kontrola ezabatu zuten eta tramitazio soldatak kendu zituzten. Horrek guztiak bere horretan jarraitzen du. Kaleratze erraza langileentzako prekarizazio eta ziurgabetasuna eragiteko tresna da eta horregatik ezarri dio patronalak betoa honen aldaketari», esan dute.

Gainera, eskubide berriak lortzeko aukera galdu dela uste dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek, eta bereziki larria dela «erreforma horrek ez jasotzea etxeko eta zaintzako langileak gainerako langileekin erabat parekatzeko aukera, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorretik kanpo utzita eta oinarrizko eskubiderik ez duten egoera bati eutsita, hala nola greba edo langabezi». 

Era horretan, langile horiek guztiak Laneko Arriskuen Prebentziorako Legetik kanpo utzi dituztela salatu dute. «Era berean, erreformak ez du bermatzen azpikontratetako langileek enpresa nagusikoek dituzten eskubide berberak izatea, eta ez da lortzen lan beragatik eskubide berberak izatea bezain oinarrizkoa den zerbait», gaineratu dute.