NAIZ

Lea Artibaiko udalek energia propioa sortzeko Bizkaiko lehen kooperatiba eratu dute

Berriatua, Etxebarria, Ispaster eta Markina-Xemeingo udalek Ekiola Lea Artibai kooperatiba sortuko dute, inguruan ekoitzitako energia sortzeko eta kudeatzeko. Horretarako, Etxebarrian eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzea aurreikusi dute. Lekeitiok eta Ondarroak ere parte hartzeko asmoa dute.

Kooperatiban parte hartuko duten udalerrietako ordezkariak Etxebarrian bildu dira ostegun honetan.
Kooperatiban parte hartuko duten udalerrietako ordezkariak Etxebarrian bildu dira ostegun honetan. (@EVEuskadi)

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Amagoia Barandiaran Ekiola kooperatibako zuzendaria Ekiola Lea Artibai kooperatiban parte hartuko duten udalerrietako ordezkariekin bildu dira ostegun honetan Etxebarriako Udaletxean. Berriatuko, Etxebarriako, Ispasterko eta Markina-Xemeingo udalerriak Bizkaiko aitzindariak dira beren ingurunean produzitutako energia propioa sortzearen eta kudeatzearen aldeko apustua egiten. Lekeitioko eta Ondarroako udalek ere asmoa dute parte hartzeko. Alkateek 0 kilometroko energia berriztagarria sortuko duen proiektu kooperatiboarekiko konpromisoa erakutsi dute.

Hemendik aurrera lanean hasiko dira etorkizunean Iparragirreko Edateko Ura Tratatzeko Estaziotik hurbil dagoen lursail publiko batean kokatuko den eguzki-parke fotovoltaikoa egiteko. Horretarako, inguruneko familiak edo pertsonak proiektuari atxiki beharko zaizkio lehenengo. Hurrengo hilabeteetan gauzatuko dira sentsibilizazioko, proiektua abiarazteko eta kooperatibistak erakartzeko faseak.

EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola pozik agertu da Lea Artibai beharrezkoak diren pausoak ematen ari delako «laster inguruneko auzotarrek ingurune hurbilenean sortutako energia garbiarekin hornitzeko aukera izan dezaten, horrek dituen abantaila guztiekin; batez ere, herritarren rol-aldaketa, kontsumituko duten energiaren sortzaile izango baitira, eta modu jasangarrian eginez gainera».

Ekimenaren azken helburua zera da, kooperatiba osatzen duten pertsona edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetxatzea, instalazio horiek instalazio propiotzat identifikatzea eta instalazio horietan haien kontsumo elektrikoaren baliokidea den energia kantitate bat sortzea.

«Proiektu honen bideragarritasuna kooperatibaren kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat erosi behar izatean oinarritzen da, beren etxebizitzaren energia-kontsumoaren baliokidea den kostuarekin», azaldu du Amagoia Barandiaran Ekiolako zuzendariak.

Helburuak

Azaldu dutenez, Europar Batasunaren politikekin «lerrokatuta» dago proiektu hau, eta helburu gisa ezarri dute «kontsumitzen den energiaren % 2 jatorri berriztagarrikoa izatea 2030. urterako».

«Autokontsumoa zein energia-komunitateen sorkuntza hartu beharreko ereduak dira beste energia-eredu baterako trantsizioan. Esparru horretan sortu da Ekiola, energia sustatzeko sozietate gisa», nabarmendu dute.

Kasu honetan, Bizkaiko lehenengo kooperatiba sortuko dute. Proiektu honen bitartez, sortzen duten energiaren jabe izango dira kooperatibistak, eta herritarrek beren energia sortuko, sustatuko eta kontsumituko dute.