Aspaldiko partez, kantxan gozatzea jarri zion helburu Jon Mariezkurrenak bere buruari eta Azpeitian tarte batez nahikotxo sufritzea tokatu zaion arren, euren ibilbidea zuzentzea lortu dute Berriozarrekoak eta Erik Jakak, Urrutikoetxea-Arangureni 12-22 gailendu eta sailkapenean gaindituta. Oraindik partida oso bat jokatzeko gai izan ez badira ere –erabat bideratuta zuten partida bat zaildu zaien atzelariaren txakalaldi baten erruz, 2-12 joatetik 11-12 gerturatu zaizkie–, Izarraitzeko frontis bizian atzelari nafarrak zuloak ireki ditu eta 13 tanto amaitu dituen Erik Jakak erasoan asko asmatu du, hau da, euren dohain nagusiei probetsua ateratzeko gai izan dira eta behar beharrezkoa zuten garaipena eskuratu dute.
Partidak dezenteko gora-beherak izan ditu. Aurreko asteetan ez bezala, Urrutikoetxea-Mariezkurrenak atzetik hasi dute partida. Gaurkoan Aginako atzelaria izan da hasiera hotz xamarra izan duen pilotaria eta Jaka eta Mariezkurrenak ez dute gupidarik izan. Berriozarreko atzelariak ez du agian kolpe distiratsu horietakorik jo, baina apenas egin du hutsik eta zuloak irekitzeko gai izan da. Erik Jakak ere aukerako pilotak izan ditu eta aspaldiko partez kantxan gozatzeko moduan izango zirela zirudien 2-11 aurreratu direnean. Tokatu zaien gutxitan defentsan ere txukun aritu dira Jaka-Mariezkurrena eta lehen atsedenaldian partida lasaia izango zutela zirudien (4-12).
Baina jarraikortasunik eza izan da lizartzarraren eta nafarraren orain arteko gabezia nagusia eta aldageletatik bueltan behera egin dute nabarmen, batez ere Mariezkurrenak. Atzelariak zenbait huts egin ditu eta bere konfiantza goitik behera amildu da, ordura arte jokoan sartu ezinik aritu den Mikel Urrutikoetxeak protagonismo handia hartu du jokoan eta partida 12an berdintzeko zorian izan dira, Arangurenek pilota bat goiko koltxoira bota duen arte.
Behar baino gehiago izateaz gain, Arangurenen hutsak unerik txarrenetan heldu dira eta gora botatako pilota horrek haize handia eman dien sufritzen hasiak ziren Jaka-Mariezkurrenari. Atzelari nafarra berriro ere agintzen hasi da eta Erik Jakak asko asmatu du errematean, bigarren atsedenaldi luzera alde eroso xamarrarekin joateko (12-18).
Eta aldageletatik egindako bigarren bisita horretan ez da lehenengoan izan den tentsio erorketarik egon eta behar beharrezkoa zuten garaipena eskuratu dute Jaka-Mariezkurrenak.
Alberdik ezin Oinatzekin
Estelarraren aurretik partida oso berezia jokatu da Azpeitiko Izarraitzen, bertan bere profesionaletako lehen partida jokatu baitu Unai Alberdi gazteak. Bere anaiak egin bezala, Oinatz Bengoetxea idoloa izan du parean eta ezin izan du garaipena eskuratu, leitzarra eta Uriondo 22-17 gailendu dira Alberdi II.a eta Aretxabaletaren aurka. Debutariak detaile politak utzi ditu, baina azkenaldian jokatzen ari den partidetan bezala, Bengoetxea VI.ak oso joko maila onean dela erakutsi du eta bera izan da lauretan onena, 14 tanto amaituz.
FITXA TEKNIKOA:
Urrutikoetxea-Aranguren: 12
Jaka-Mariezkurrena: 22
Pilotakadak: 524. Iraupena: 56 minutu. Markagailua: 0-5, 1-5, 1-7, 2-7, 2-11, 4-11, 4-12, 11-12, 11-16, 12-16, 12-22. Sakeak: 1 Urrutikoetxeak eta 2 Jakak. Egindako tantoak: 5 Urrutikoetxeak, 1 Arangurenek, 13 Jakak eta 1 Mariezkurrenak. Hutsak: 1 Urrutikoetxeak, 6 Arangurenek, 2 Jakak eta 3 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera polita Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, bertan, herriko Unai Alberdi pilotariak bere debuta egin du profesionaletan.