NAIZ

Bere adin txikiko iloba sei urtez bortxatzea leporatuta gizon bat epaituko dute Donostian

Bere iloba adin txikikoa zenean «behin eta berriro» bortxatzea leporatuta gizon bat epaituko dute astearte honetan Gipuzkoako Auzitegian. Fiskaltzak 15 urteko espetxe zigorra eskatzen du.

Gipuzkoako Auzitegian epaituko dute gizona.
Gipuzkoako Auzitegian epaituko dute gizona.

Fiskaltzak hamabost urteko espetxe zigorra eskatzen du astearte honetatik aurrera Gipuzkoako Auzitegian epaituko duten gizon baten aurka. 2011 eta 2018 urteen artean bere adin txikiko iloba hainbat alditan bortxatzea eta behartzea leporatzen dio gizonari, neskak 9 eta 16 urte bitarte zituenean. Bortxaketak Gipuzkoa barnealdeko herri batean eta EAEtik kanpo oporretara joaten ziren etxebizitza batean burutu zituen gizonak.

Fiskaltzaren idatziaren arabera, haurra «maiz, ia asteburuoro», joaten zen akusatua bere amarekin –neskaren amona– bizi zen etxera eta han egiten zion eraso. Umearekin zuen ahaidetasun erlazioaz eta bere adin txikiaz baliatzen zen gizona neskatoa bortxatzeko eta behartzeko.

Hala, haurra berarekin, familiako gainerako kideen bistatik kanpo geratzen zen momentuak aprobetxatzen zituen erasotzaileak bere gelara eraman, neskaren «borondatearen aurka eta batzuetan besotan hartuta», sexu-abusuak egiteko.

Kasu batzuetan litxarreriak ere eskaintzen zizkion edo kasurik egiten ez bazion bere txakurrari kalte egingo ziola mehatxu egiten zion, Fiskaltzaren dokumentuan jasotzen denez.

Sexu-abusuak 2011 eta 2018 artean egin zizkion, «jarraian eta behin eta berriro». Horregatik, sexu-eraso delitua leporatuta, hamabost urteko espetxe zigorra eskatzen du gizonarentzat eta hamar urtean neskarengana gerturatzeko eta harekin komunikatzeko debekua. Gainera, behin aske geratu ondoren beste hamar urtean zaintzapean egon dadila galdegin du.