Eta elkarri lotutako bi eskuetan, mundua
Bide bazterrean pertsona zaurgarri gehiegi pilatzen ari den garai malkartsu hauetan keinu txikien handitasuna eta indarra ez dezagun ahaztu. Horiek bai, gure esku baitaude
Kalean aspaldi ikusi gabeko ezagunarekin topo egin eta «pandemia ere guri zerbait irakastera etorri da, seguru nago», esan dit hark.
Pentsakor, bidean aurrera noala, irudiak etorri zaizkit. Gutxien espero dudanean, nire sakonean atzamarka hasten diren barruko sentipenak, denborarekin ixten ari diren arren, tarteka zornea darien zauriak.
Azken bi urte hauetan ikusi dut nire burua laguntza mediku eske, ate joka, noraezean, ezintasunean. Eta ateak itxita aurkitu ditut, izurriaren lehen garai ilunetan. Eta sentitu dut etsipena.
Ibili naiz gorputz nekatua hemen baina burua hegan, haurtzaroan iltzatuta zuten eriak joan-etorri etengabean zebiltzan ospitaleetako korridoreetan. Sentitu dut haien begirada galduaren oihu isila. Baita irribarrearen gozoa ere. Istant batez.
Ikusi dut ikara maite ditudanen aurpegietan; entzun dizkiet oinazeak eragindako garrasiak; indarrez estutu handik ordu gutxira betirako hotz geratuko ziren eskuak. Baina izan dira ondokoengandik urrundu naizen egunak ere, haiek covidaz kutsatu beldurrez.
Eta halako batean, ulertu dut elkarri lotuta ditugun bi esku horietan dagoela inporta duen dena. Ikasi gure mundu txikia hortxe biltzen dela.
Etxera bueltan Guido Garciaren berri izan dut. Hilabete luzeak daramatza, izurria dela-eta, Ludi amonaren eskua hartu ezinda. Eskua eman ezinda. Barakaldon jaioa, Valladoliden bizi da bera. Basaurin, amona. Marrubi kaxa hartu eta sakelakotik bidalitako argazkiak inprimatzeko tramankulua egin dio Ludi amonari. Telekomunikazio ingeniari bezala duen ezagutzaz baliatuta “etxeko whatsappa” prestatu dio 93 urteko amonari, ez baitu mugikorrak eragindako buruhausterik nahi. Zuri-beltzean jasotzen ditu argazkiak, kolore ahituz ikusten dugun errealitate petralaren metafora. Ludiren begietan kolorez biziz betetzen diren irudiak. Bilobaren beroa.
Bide bazterrean pertsona zaurgarri gehiegi pilatzen ari den garai malkartsu hauetan keinu txikien handitasuna eta indarra ez dezagun ahaztu. Horiek bai, gure esku baitaude.