Izen emate arrakastatsu baten ostean, hastear da emakumezkoeb 2022ko binakako Master Laboral Kutxa txapelketaren VI. edizioa. Bere sorreratik, emakumeen esku pilotaren txapelketarik parte-hartzaileenaren aurtengo ekitaldian guztira 84 pilotarik hartuko dute parte, arazoak-arazo, kirol honek hazten jarraitzen duenaren seinale. Aurreko ekitaldietan bezala, txapelketa irekia da aurtengoa eta nahi izan duen orok izan du izena emateko aukera.
Azken urteetan egin bezala, txapelketa bi maila nagusitan banatuko da erabiliko den materialaren arabera; pilota goxoa eta pilota mistoa eta hauen barruan beste bi multzo bereziko dira, gazte eta nagusi mailak pilota goxoan eta promozio eta elite mailak mistoan. Ohikoa den bezala, bikoterik gehienak pilota goxoarekin arituko dira, 30 bikote, eta 12 pilota mistoarekin. Azken hauen artean izango dira Amaia Aldai –Plazandreak saioko eta Lau eta erdiko egungo txapelduna– Olatz Arrizabalaga –iazko San Mateotako txapeldun eta kaiolako azpi-txapelduna–, Leire Garai edo Miriam Arrillaga.
Lehenengo aurre-kanporaketak igande honetan Larrabetzun jokatuko badira ere, txapelketak dagoeneko prest du bere ibilbide orria eta jaialdirik gehienak Gipuzkoan jokatuko dira. Txorierritik abiatuta, Gabiria, Elduain, Ormaiztegi, Segura, Asteasu, Legazpi, Lezo –bertan jokatuko dira finalerdiak- eta Irun bisitatuko ditu aurtengo Master Laboral Kutxa txapelketak eta txapelak, martxoaren 27an Irungo Uranzu pilotalekuan banatzeko. Azken bi urteetan Bidasoaldeko herri honek hartu ditu finalak, baina osasun egoera medio, jaialdiak oso baldintzatuak egon dira eta aurten pilotalekua jendez beteta ikusteko ilusioa dute antolatzaileek.