NAIZ

Hegazti gripearen aurrean hautu bakarra kabalak hiltzea ezin dela izan ohartarazi du ELBk

Hegazti gripearen aurrean hazkuntza ereduari buruzko gogoeta egin ordez, frantses Laborantza Ministerioak kabala guztiak hiltzea besterik ez duela proposatzen salatu du ELBk. Larunbatean, 14.00etan, mobilizazioa egingo du sindikatuak Donapaleun.

Hegaztiak entzerratzeko aginduak eta kabalen sakrifizio orokorra auzian eman ditu ELBk.
Hegaztiak entzerratzeko aginduak eta kabalen sakrifizio orokorra auzian eman ditu ELBk. (Guillaume FAUVEAU)

Hegazti gripearen aurrean Parisko Gobernuak proposazen duen irtenbide bakarra «Frantzia hego-mendebaldeko kabala guzien hiltzea dela» salatu du astearte honetan ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak.

Laborantza Ministerioak jarritako irizpideak jarraituz ondoko egunetan 2,5 milioi oilo, oilasko eta ahate hilak izanen direla ohartarazi du ELBk.

Orain arte milioi bat kabala hil dituzte gaitzari aurre egiteko asmoz. Gauzak horrela, joan zen urtean hilak izan ziren hegazti kopurua berdintzeko bidean gaudela nabarmendu du euskal sindikatuak.

Azken bospasei urtetan hegazti gripearen krisiak kateatu direla oroitarazi du ELBk. Krisi horietan guztietan Laborantza alorreko arduradunek eta sail profesionaleko ordezkariek kabalen sakrifizioa hobetsi dutela agerian jarri du ELBk.

Izan ere, kanpoko hazkuntza sakrifikatuz hegazti industriak iraunen zuela sinestarazi nahi zituzten aurreikuspenek porrot egin dutela azpimarratu du du sindikatuak. Gauzak horrela mobilizazio berri baterako deia egin du, hilaren 29an, arratsaldeko 14.00etan Donapaleun.

Beste behin ere hazkuntza ereduari buruz eta lurraldearen berezitasunen araberako hautu zentzudun egiteko premia defendatu du ELBk.

Sindikatuak azaldu duenez, «ekoizteko modelo industrial batendako sorturiko biosegurtasun neurriak ez dira hazkuntza guzietan berdin aplikatu». Gisa berean hegazti gripearen krisia ezin dela berdin kudeatu lurralde guztietan uste du sindikatuak.

Txertaketaren gainean bere prebentzioa agertu du ELBk. Sindikatuaren arabera orain arte izan den esperientziak kutsaketa ez hedatzeko orduan emaitza apalak direla erakutsi du.

Finean hegazti hazleri etorkizun argi bat segurtatze aldera «kanpoko hazkuntza tradizionala» baino eredu hobeagorik ez dagoela defendatu du.

Lohitzunen ematen den egoera salagarria

Adibide gisara, Lohitzunen (Zuberoa), modelo industrialari loturiko hegaztien garraiatzeak kanpoko hazkuntzan jarduten duen etxalde ttipia arriskuan jarri duela aipatu du ELBk.

Horren harira nabamendu duenez, kasu larrienean, etxalde txikiak bere kabala guzien hiltzea arriskatzen du, eta kasu hoberenean, berriz, isunak jaso ditzake bere kabalen zerratzearen kontra agertzeagatik.

Sindikatuak argiki erran du  «laborantxa herrikoiaren defendatzaile gisa, kalitatearen eta kabalen ongizatearen hautua egiteagatik laborariak zigortuak izaitea ezin dela onartu».

ELBren ustez «etxaldeen eta hazkuntzen industrializazioa gelditu behar da». Era berean, laborariek ezin dituztela behin a berriro «krisi hauen aitzinean eginiko kudeaketa txarraren ondorioak ordaindu» gaineratu du agiri batean.

Horrendako ELB sindikatuak «ahate, oilo eta oilasko hazle guzien sustengatzeko» mobilizazioa deitu du hilaren 29rako Donapaleun.