Martxelo Diaz

KPIren igoeraren beharra nabarmendu du LABek Iruñean

KPIaren igoera langileen erosteko ahalmena mantentzeko ezinbestekoa dela nabarmendu du LAB sindikatuak aldarrikapen egunearen barnean Iruñean egin duen elkarretaratzean. Negoziazio kolektiboan patronalek eta enpresek KPIaren bermeari uko egiten ari diotela salatu du Izaskun Juarezek.

Iruñean LABek egin duen elkarretaratzea.
Iruñean LABek egin duen elkarretaratzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskal Herria mailan LAB sindikatuak antolaturiko aldarrikapen egunean pobrezia ez handitzeko KPIaren igoera soldatetan kontuan hartu behar dela nabarmendu dute Nafarroako Gobernuaren aurrean egindako kontzentrazioan.

‘Garantía del IPC para no empobrecer’ leloa zuen pankartaren atzean elkartu dira sindikatuko kideak eta ‘Reforma laboral para la patronal’, ‘Hemen lan egin, hemen erabaki’ edo ‘Hay que derogar la reforma laboral’ gisako mezuak oihukatu dituzte.

LABeko Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkari Izaskun Juarezek nabarmendu duenez, «Euskal Herrian mobilizazio ziklo bat piztu behar dela uste dugu, langileetatik hasita gizarte osora zabalduko dena».

«Langile klaseak gehienbat pairatzen ari dituen erasoei aurre egiteko eta etorriko diren erasoei aurre egiteko» beharrezkotzat jo du mobilizazio ziklo hori Juarezek.

«Azkeneko urteotan, krisi baten ondoren, patronalak beraien ekonomia berreskuratu dute baina langileen baldintzak okertzen joan dira. Honi erantsi behar zaio azken urteotan pairatzen ari garen murrizketa desberdinak», salatu du.

Lan erreformaren auzia ere aipatu du Juarezek. «Langileak kaltetzen jarraitzen du. Lan erreforma horrek ez ditu lanpostuak babesteko neurriak jasotzen eta ez ditu negoziazio kolektiboak ahalbidetuko dituzten eta bertako lan baldintzak bermatuko dituzten neurriak jasotzen. Horregatik, horren aurren mobilizazio masibo bat behar dela uste dugu», azaldu du.

KPIaren igoeraren aferan arreta jarri dute Iruñeko mobilizazioan. «Negoziazio kolektibo askoren arazo izaten ari da. Enpresa askotan bloketatuta daude negoziazioak KPIaren berme hori ez dutelako onartzen patronalek eta enpresa desberdinek. KPIaren aldarri hori ezinbestekoa dela uste dugu, langileon bizi maila eta erosteko ahalmena mantentzeko. Gure bizitza garestitzen doa eta euskal langileon baldintzak okertzen doaz eta hori borrokatu behar dugu, gaurkoan bezala», adierazi du.

Honekin batera, Juarezek azpimarratu duenez, Euskal Herrian erabaki marko propioa eta lan kode propioa beharrezkoak dira langileontzat bizi baldintza duinak mantentzeko.