NAIZ

Natalie Muth estatubatuarra fitxatu du Eibarrek

Talde armaginak neguan egiten duen bigarren fitxaketa da Natalie Muth estatubatuarrarena. Denboraldia bukatu arte sinatu du hitzarmena erdilariak. 

Natalie Muth kontratua sinatzen.
Natalie Muth kontratua sinatzen. (SD EIBAR)

Jaitsiera postuan dago Eibar eta bigarren itzulia hasi berri den honetan, egoera iraultzea beste erremediorik ez zaio geratzen talde armaginari. Ligako azken bi neurketak galdu egin ditu eta asteazken honetan jokaturiko Kopa txapelketan, Bigarren Mailako Alhamak kanporatua izan da. 

Ez da egoera samurra 2020-2021 denboraldian berriro Lehen Mailara itzuli zen taldearentzat. Hala, Ana Junyentek gidatutako taldea indartzeko lanetan aritu da kluba. 

Ostegun honetan, neguko merkatuan fitxatzen duten bigarren jokalaria iragarri dute. Natalie Muth estatubatuarrak Eibarren jokatuko du denboraldi bukaera arte. 

Duela 24 urte Portlanden jaiotako jokalariak erdilari postuan jokatzen du baina klub armaginak zehaztu legez, defentsan ere aritu daiteke. 

Kazakhstango BIIK Kazygur taldetik iristen da Eibarrera eta aurretik, Estatu Batuetako Unibertsitateko maila gorenean aritu zen (NCAA D1) Portland Pilots taldearekin. 2021. urte hasieran joan zen Kazakhstango taldera eta bertan, Txapeldunen Ligako partidatan aritua da. Guztira lau partida jokatu ditu, bi pasa den urtean (Municheko Bayern-en aurkako kanporaketan) eta beste bi aurtengo multzoen fasean, horietariko batean Bratislavako Slovan taldea menden hartuz (4-0). 

Aipatu legez, Muthen fitxaketa Eibarrek neguan egiten duen bigarrena da. Carmen Alvarez aurrelariak Atletico Madrilek utzita jokatuko baitu denboraldia bukatu bitartean. Aurtengo denboraldian, lehen taldeko dinamikan bete-betean sartu zegoen Ciudad Rodrigoko futbolaria baina minutu gehiagoren bila iritsi da talde armaginera.