Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Aitzole Araneta
Naizen Sarietako bat jaso duen sexologo eta aktibista

Aitzole Araneta, sarituetako bat: «Komunitate gisa hobeak egiten gaitu Naizenek»

Naizen Sarituetako bat da Aitzole Araneta sexologo eta aktibista. «Oso sari berezia da niretzat. Ez dakit bizitzan horrelako beste saririk jasoko dudan. Egin dudanagatik ere bai, baina naizen hori izateagatik eman didate. Hori sekulako aitortza da», adierazi dio NAIZi.

Aitzole Araneta Naizenen aitorpena jaso ondoko besarkadan pozik, Gasteizen egindako ekitaldian.
Aitzole Araneta Naizenen aitorpena jaso ondoko besarkadan pozik, Gasteizen egindako ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aitzole Aranetak «eskertzarik handiena» helarazi nahi dio Naizen elkarteari. «Munduko sari guztiak merezi dituzte, hasi zirenetik egin duten gizarte pedagogia eta eraldaketagatik, ikusgarritasunagatik. Beraiek dira transexualitate egoeran dauden haurrak lehenengo aldiz babestu dituzten gurasoen belaunaldia. Aitzindariak dira eta niretzat ohore handia da Naizen Saria jasotzea», nabarmendu du NAIZekin izandako elkarrizketan.

Elkartearekin zein harreman duen galdetuta, azaldu du ez dela kidea, estatutuen arabera ezin da izan gainera, baina bere «bigarren familia» bihurtu dira. «Aingeru Mayor eta beste hainbat guraso orain dela hamahiru urtetik ezagutzen ditut. Garai hartan nire bidea egiten ari nintzen, oso gaztea nintzen, Madrilen bizi nintzen, ikasten eta lanean ari nintzen».

Erreferente on bat

Garai hartan, «transexualitate egoeran dauden adingabeez ez zen hitzik ere egiten. Oso ondo gogoratzen ditut hizketaldi batzuk. Bazegoen familia bat bereziki erreferente bila. Badaude eta egon dira erreferenteak, baina beti estereotipatuak, gaizki bukatu duten pertsonak. Bizitza on bat zeraman norbait bilatzen zuten eta hor topatu ginen, bidean. Sexologoa naiz, sexu hezkuntzak daukan ahalmenaz konbentzituta nago. Bidelagun izan ditut elkartekoak. Ni beraientzat erreferente banaiz poz handia da. Beraiek niretzat bidelagun paregabeak dira. Komunitate gisa hobeak egiten gaitu Naizenek».

‘Tránsito’ liburuko testigantzetan Aranetak islatuta ikusi ditu bere haurtzaro eta nerabezaroa. «Beti esaten dut nire haurtzaro eta nerabezaroa galduak izan zirela. Transexualitate egoeran gauden neskak eta mutilak, gizonak eta emakumeak, askotan arrautzak jartzeko ibaiaren kontra egin behar duten izokinak bezala ibili gara. Izaki anfibioak izan gara. Lurra eta uraren tartean, besteek ez emakume ez gizon kontsideratu gaituzte eta lurralde horretan mugitu behar izan dugu, ez garelako gizon eta emakume izateko gizarte arau horietan sartzen, oinarrian jaio ginen genitalek gizon eta emakume izateko era oso konkretu eta fisiko horretatik kanpo utzi gaituztelako historikoki».

Eguneroko guda bat

Garai hartan behin eta berriro erraten zuen Aitzolek neskato bat zela eta hasieran inork ez zion kasurik egiten, beldurragatik, ez zelako espero. «Gero, behin eta berriro esaten zidaten ezin nintzela neska bat izan zakila neukalako. Horrek eragin handia dauka, oso oinarrizko gauza bat da zu nor zaren eta denbora osoan besteen kontrako begirada jasotzeak eragina du zure bizitza espektatibetan. Zure buruari galdetzen diozu nola bukatuko duzun, zer egingo duzun, zer aukera izango dituzun… Nire bizitza oso mugatua imajinatzen nuen, aukera gutxirekin. Horren guztiaren kontra egin behar izan nuen eta egia da gainontzekoek hasierako momentutik berezkotzat jotzen duten hori, zu zaren hori, nire kasuan eguneroko bataila bat zela, besteen begiradaren aurkako eguneroko guda bat».

Hori izan zen bere haurtzaro eta nerabezaroa, baina esfortzu handia egiten du gaur egungo haur eta nerabeei eta gizarteari erakusteko muga horien eta bizitza ez hain on horren aurrean, denon artean hurrengo belaunaldiei bizitza on bat eskain diezaiekegula. «Haur eta nerabeei esan nahi diet oso urrutira iritsiko direla nahi baldin badute. Oinarrian zu nor zaren onartu eta babesten duen inguru bat baldin badaukazu trauma eta gabeziarik gabe haziko zarelako eta aukerak ugaritu egingo direlako».

«Inbidia ematen didazue» erraten die sarri, 15 edo 20 urte geroago jaio izan balitz bertze ibilbide bat izanen lukeela susmatuz. «Nire bizitza autoafirmazio honekin askoz lehenago egin ahal izango nuke, baina nire hautua eta erantzukizuna ere bada hurrengo belaunaldi hauei –asko eta asko ezagutzen ditut, gainera– argi hori ematea», azpimarratu du.

Garen hori hasieratik garela ulertu

Bera dena izanez bizitzea lortu duela erran dezake gaur egun. «Kontu hau nire kontra erabili izan da, mina emateko: ‘Ez zara emakumea’. Baina jada adin honekin badakit nor naizen. Badakit min emateko edo ezjakintasunagatik esaten didaten hori ez dela egia. Orokorrean, jende gutxik jartzen du zalantzan nor naizen. Hori bada eduki dudan jarrera pertsonal bat. Gaiaren inguruan asko ikasten saiatu naiz, horregatik ikasi nuen batez ere sexologia, berdintasun teknikari izateko ikasketak ere bai».

Ematen duen irudiak bertzeengan zalantza gutxi sortzen du, baina, nabarmendu duenez, badugu lan bat egiteko «itxura eta ahotsa edozein izanda ere jendeak ulertzeko garena, kasu honetan gizon, emakume, neska, mutil, ez dagoela horrenbeste gure irudiaren menpe, edo egiten diren operazioen edo hartzen diren hormonen menpe, baizik eta garen hori hasieratik garela».

«Jaio ginen genitalengatik besteek momentu batera arte ikusi ez gaituzten pertsonak gara. Hori da berezitasuna, eta egiteko gelditzen zaigun gizarte pedagogia, garen hori bagarela eta izateko ez dugula ezer egin behar ulertzea eta gainontzekoekin antzekotasun askoz gehiago dauzkagula ezberdintzen gaituzten gauzak baino. Denok dauzkagu familia, lagunak, lankideak… Badaukagu gure bizitzan aurrera egiteko eta ahalik eta zoriontsuen izateko gogoa. Ez gara puntu eta aparte bat. Gizarte honetan gauden pertsonak gara».

Gelditzen den bidea

Garen bezala ikusiak izateko behar hori unibertsala dela aipatu diogunean, bat etorri da erabat. «Historikoki komunitate baztertua izan gara. Badaude beste komunitate batzuk ere bazterketa handia jasan dutenak eta ez da zerbait apartekoa, baina beste komunitate batzuei bezala, ibilbide bat geratzen zaigu egiteko, gainontzeko pertsonak iritsi diren lekuetara iristeko. Ez dugu eskatzen pribilejiorik, baizik eta gainontzekoek dituzten eskubideak guk ere izatea».

Berarentzat oinarrizkoa da sexu hezkuntza egitea. «Aniztasuneko hezkuntza bat da non jendeari eskolan azalduko zaion gorpuzkera desberdin asko daudela eta denak direla egokiak, ez dagoela okerra den izateko erarik. Jakituria hori gero eta gehiago zabaldu behar da».

Erreferenteak ere falta dira. «Leku ezberdin askotara iristea. Epaile bat transexualitate egoeran badago eta ikusgarri egitea nahi badu erreferente polita litzateke, edo fisikaren edo artearen munduko norbait».

Aranetaren ustez, «oso oinarrizko gauza bat ulertu behar da: ez dauzkagu gorputz okerrak, ez dauzkagu genital okerrak, eta genitalek ez dute garen hori egiten, garen hori gara daukagun genitalekin».

Jose Luis Quintas eta Ekairen gurasoak

Jose Luis Quintas Lakuako Osasun sailburuordearekin partekatu du Naizen Saria Aitzole Aranetak. «Beste askok bezala, osasun zerbitzuekin izan dudan kontaktuan nahiko egoera tamalgarriak jasan izan ditut eta hor ere badago esparru bat gauzak asko hobetzeko. Quintasek badauka postu klabe bat eta berarekin kolaboratzea plazer bat da», erran du berari buruz.

Elaxar Lersundi eta Ana Martinez Ekairen gurasoek ere jaso dute Naizen Saria. «Miresgarriak dira, bizitzan guraso bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena, semea edo alaba hiltzea, bihurtu dutelako egunero-egunero ematen duten duintasun klase bat. Beraiei eta Ekairi esker gauza asko aktibatu ziren, gizarte kontzientziazio handi bat ekarri zuelako», azpimarratu du.