«Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa gelditu!». Hauxe izan da larunbat honetan Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Iruñeko eta Bilboko kaleetara atera duen mezua, bi manifestazioetan, 18.00etan hasita. Pandemiaren kudeaketaren bitartez ere gazteen aurkako erasoaldia burutzen ari dela ziurtatu dute.
«Pobreziaren gorakada eta eskubideen ezabapenak normalizatzen ari diren garai honetan, komunikabide nagusiek eta alderdi politikoek covid-19a bihurtu dute etsai nagusi. Horren guztiaren atzean burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa ezkutatzen da», azaldu dute, enpresari zen ordezkari politikoen artean «fartsa» bat sortu dela adieraziz.
Gauzak honela, «gazte proletarioei» dei egin diete, «promesa faltsu eta itxaropenik ezaren gainetik» batu eta kalera atera daitezen.
Iruñean salatu dutenez, mobilizazioa abiatu aurretik zenbait gazte identifikatu ditu Polizi espainolak, bai eta materiala eraman ere.
Gutxi falta da @GKSozialista|k deitutako mobilizazioak hasteko.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) January 29, 2022
Manifestazio amaierako ekitaldirako prestaketa lanetan ari ziren hainbat pertsona identifikatu ditu Espainiako Poliziak, eta materiala miatzen ari da. Zenbait material eraman ditu. #U29 #GazteLangileokBorrokara pic.twitter.com/JO3EKmy5If
Bilbon pankarta handi bat eskegi dute abiapuntu izan den Jesusen Bihotzaren plazaren ondoan, Confebasken egoitzan hain zuzen ere, ‘Estatu sozialista helburu’ leloarekin. ‘Borroka da bide bakarra’ eta ‘Gazte langile ez zaitez makurtu’ izan dira Bizkaiko hiriburuan gehien erabilitako oihuak.
Unai Martinez GKSko kideak Bilbon aipatu duenez, «gazteriaren eta orokorrean langileen egoera salatzera atera gara kalera. Honek alde ekonomikoa eta alde politikoa ditu. Lehena bizi baldintzen kaltetzearekin lotuta dago, eta bigarrena, politikariek normalizatu duten eskubide murrizketa eta ezabapenarekin».
«Politikarien eraginatik kanpo»
«Guk gure bide propioa egin behar dugu, politikarien eraginatik kanpo antolatuz eta mobilizatuz. Norabide horretan dira mobilizazio hauek», azaldu dio NAIZi Martinezek.
Arlo politikoari dagokionean, GKSk «eskubide zibil eta politikoen urraketak» salatzen ditu, tartean «biltzeko, manifestatzeko eta zirkulatzekoa»; «gazteen kriminalizazioa» eransten du, «komunikabide eta politikari profesionalek areagotua»; «kontrol soziala» ere du hizpide, «kamerak, covid ziurtagiria eta datu pertsonalen erabilera» aipatuz; eta «polizia jazarpena» kritikatzen du azkenik, «isunak, mehatxuak, jipoiak, poliziaren inpunitatea, presentzia masiboa... eguneroko ogi bihurtu direlako».
«Dagoena onartu» edo «borrokara batu», hau zen Bilboko Udalaren aurrean jarritako bi kartelek laburbiltzen zuten guruzbidea. Pantaila handi bat erabili dute, bukaerako ekitaldia zabaltzeko. Bertan 2.500 lagun inguru batu dira, NAIZek zenbatu duenez, eta Iruñeko mobilizazioan ia 1.500.
(Iruñeko mobilizazioa, Zaragoza etorbidetik. Argazkia: Iñigo Uriz | Foku)