NAIZ

Ertzaintzaren bortizkeria salatzen duten kartelak ageri dira berriz bus geltokietan

Iaz gertatu zen bezala, baina oraingo honetan Ertzaintzaren 40. urtemugaren testinguruan, gaztediaren aurka erabili ohi duen bortizkeria islatzen duten irudiak ageri dira berriz euskal hiri eta herrietako autobus geltokietan, sinatu gabeak.

Irudi bortitzak jasotzen dituzte kartelek.
Irudi bortitzak jasotzen dituzte kartelek. (NAIZ)

Ertzaintzak 40 urte beteko dituen 2021a hasi berria dela, berriz ere gazteen aurka izan ohi duen jarrera salatzen duten kartelak agertu dira azken egun hauetan, batez ere autobus geltokietako iragarki taulak erabiliz.

Iaz ere horrela gertatu zen eta orduan Ernairen aurka gogor jo zuten Ertzaintzaren zenbait sindikatuk zein Segurtasun Sailak, besteak beste gorroto delitua leporatuz. Larunbat honetan NAIZek argitaratu duenez, duela zenbait hilabete Fiskaltzak baztertu zuen akusazio hori, nahiz eta Josu Erkoreka buru duen sailak ez zuen horren berri eman.

Oraingo honetan agertu diren irudiak ez ditu inork sinatzen. Hala ere, ESAN sindikatuak Ernai seinalatu du ohar batean, eta ekinbide judizialak iragarri ditu «Ertzaintza iraintzen dutenen kontra». ErNEk ere ezker abertzalearen aurka egin du eta ez hori bakarrik, Erkoreka sailburuari «eraso» hauen aurrean «bigunegi» aritzea leporatu dio.

Beranduago Josu Erkorekak kartelak «gorrotoa» islatzen dutela berretsi nahi izan du sare sozialen bitartez, mezu honetan, eta juxtu egun honetan ezagutu den Fiskaltzaren erabakia baloratu gabe:

 

 

Auzi horren artxibatzea jakinarazi aurretik hasi dira ikusten kartelak euskal kaleetan. Irudi ezberdinak dakartzate, baina guztietan gazteen aurkako oldartzeak agertzen dira. Ertzain gehiago hartzeko kanpaina hartzen dute helduleku gisa, ‘Zatoz euskal poliziara, apúntate a la policía vasca’ leloaren ondoan irudi bortitzak txertatuz. Ia 500 ertzain eta udaltzain gehiago hartzeko prozesua abian da.

Erreakzio batzuk eragin dituzte sare sozialetan kartel hauek, esaterako Eleak mugimenduaren mezu hau:

Lakuako Gobernuak iragarri duenez, urte hau Ertzaintza omentzeko baliatuko du, bere 40. urteurrenare dela eta, oraindik zehaztu ez diren ekimenen bitartez.