Azken urteetan famatu egin den tronpetistarik ez zen gaur Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan, hiru dultzainerok bete dute gaur haren lekua goraino bete den frontoian, baina azkenerako Unai Laso izan da gaur Lapurdiko kostaldean musika jarri eta denak bere erritmora dantzarazi dituena. Ander Imaz oso sendo batek lagunduta, erakustaldi berri bat eman du Bizkarretakoak eta sailkapeneko lehen postura igo dira, krisian sartuta dauden Elezkano eta Zabaletarekin zapi puntura berdinduta.
Erasorako pilotalekua da Hendaiakoa, ziurrenik zirkuituko azkarrena eta Zabaletak gustukoa izanagatik ere, Unai Lasoren joko oldarkorrera ederki moldatzen dena. Etxetik ideiak oso argi zituela bertaratu da nafarra, saketik hasita, –Elezkanori airez sartzeko aukerarik eman gabe Zabaleta arazotan sartu du– erritmoa berak jarri nahi zuen eta batez ere partidaren bigarren erdian arerioak ito ditu. Edozer gertatzen delarik ere, kikiltzen ez den pilotaria da Baikoko aurrelaria, arriskuak hartu zalea, eta gaurkoan oso eraginkor ere aritu denez, garaipen oso garrantzitsu bat lortu dute.
Izaeraz oso bestelako bikotea osatzen dute Elezkano-Zabaletak, txapelketan zehar garaiezinak ziruditen arren, azken porrotek arrakalak sortu dizkiete euren konfiantzan eta besoak uzkurtu zaizkiela dirudi. Pilotakada ederrak jo baditu ere, Zabaletak ez du kantxan erabat nagusitzerik lortu eta ausart hasi bada ere, Elezkanok ere apenas izan du errematera pasatzeko ausardiarik eta hori barkaezina da Hendaiakoa bezalako pilotaleku batean.
Gorabehera handiak
Espero bezala, laurei ere kosta egin zaie Hendaiako pilotaleku bereziari neurria hartzea eta partida hotz xamar hasi da, nahi baina huts gehiagorekin, bi aldeetatik. Hori bai, hasiera xamarretik Elezkanok eta Zabaletak hartu dute markagailuaren ekimena. Bi aurrelariek oso argi zuten lehen aukeran erasora pasa beharra zutela eta hala egin dute hasiera-hasieratik. Laso, esaterako, airez sartu da sake guztietara eta horrek nahi baino hutsen bat gehiago egitera eraman du.
Zabaletak ere egin du hutsen bat sakeak erantzuterako orduan eta honek oreka ezarri du markagailuan (7-6). Hala ere, Zabaletak partida osoan jotako pilotakadarik onenek, luzeak baino, ezkerrera ondo baztertuta, berriz ere aldea irekitzea ahalbidetu diete Aspekoei (12-7 lehen atsedenaldi luzean). Hala ere, partida errotik aldatu da aldageletatik bueltan. Izan ere, Danel Elezkanori besoa kamustu bezala egin zaio, Zabaletak berak ere ez du ohi zuena dominatu, pareko aurrelariari jokoan sartzeko aukerak ere eman dizkio eta, Imaz oso seguru batek babestuta, Unai Lasok bizkarreratu du partidako protagonismo osoa.
Bizkarretakoa bere jokatzeko erari guztiz fidela den pilotari horietako bat da. Tarteka hutsen bat pilatu arren, aukera ikusten duen bakoitzean hil edo bizi joaten da errematera, baita oinak lautik atzera dituenean ere, eta era guztietako tantoak eskuratu ditu. Joko puntu izugarrian dago aurrelari nafarra eta, Imazek, batez ere defentsan, egindako partida sendoa lagun, berak jarritako musikarekin egin behar izan dute dantza azken hiru partidak galdu dituzten Aspeko pilotariek. 14-2ko partzial batekin partida goitik behera irauli dute eta sailkapeneko lehen postura igo dira.
FITXA TEKNIKOA:
Elezkano-Zabaleta: 15
Laso-Imaz: 22
Markagailua: 1-0, 1-1, 5-1, 5-2, 6-2, 6-3, 7-3, 7-6, 11-6, 11-7, 12-7, 12-8, 13-8, 13-18, 14-18, 14-19, 15-19, 15-22. Sakeak: 2 Elezkanok eta 3 Lasok. Egindako tantoak: 4 Elezkanok, 4 Zabaletak, 10 Lasok eta 1 Imazek. Galdutakoak: 5 Elezkanok, 3 Zabaletak, 4 Lasok eta 1 Imazek. Gorabeherak: Aforo murrizketarik gabe, goraino bete da Daniel Ugarte Hendaiako pilotalekua.