Arnaitz Gorriti

Garaipen itzela eta Koparako txartela kateatu ditu Lointek Gernika Bizkaiak Malosten (85-61)

Leganesi laurden guztiak irabazi dizkio talde bizkaitarrak, nahiz eta Imani Tate hegalekoak 33 puntu saskiratu. Gernikarren artean Bjorklund izan da jaurtitzaile trebeena, baina beste hiru jokalarik ere 10 puntutik gora saskiratu dituzte. Albisterik txarrena Ariztimuñok min hartu duela izan da.

Lointek Gernika Bizkaia berriz ere etxean nagusi eta Angie Bjorklund bizkaitarren saskiratzaile onena.
Lointek Gernika Bizkaia berriz ere etxean nagusi eta Angie Bjorklund bizkaitarren saskiratzaile onena. (Aritz LOIOLA / FOKU)

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 85 - INNOVA-TSN LEGANES 61

Abenduaren 15ean Mersin Çukurovaren aurka jokatu zuenetik, aurrenekoz jokatu du Loiintek Gernika Bizkaiak Maloste kiroldegian; are, Emakumeen Endesa Ligako azken neurketa abenduaren 11an jokatu zuten gernikarrek etxean, asteazken gaualde honetara arte. Baina etxera itzultze hutsak baino garrantzia handiagoa zuen garaipenak, Kopan aritzeko txartela eskuratzeko baliagarri baitzen. Baita hala izan ere, Leganesi hasi eta buka nagusitu baitzaio talde bizkaitarra. Festa biribila izan dute asteazken gau honetan Malosten.

Hasi eta buka ez da esateko formula soila, 11-2 aurreratu baita talde bizkaitarra neurketa hasi eta aurreneko lau minutuetan. Errazegi galdu dituen hiruzpalau baloirengatik izan ez balitz, laurdenaren amaieran markagailuan adierazitako 21-9koa baino alde handiagoa egongo zatekeen.

Hasiera baten Leganes Bjorklundi baloirik iritsi ez dakion lanean aritu da, baina Brcaninovic eta Tinara Moorek uztaipean sekulako nagusitasunez erantzun dute. Hauek biei defentsa gogortzea erabaki du ondorioz Madrilgo taldeak, eta, bada, Bjorklundek bikain baliatu du laurdenaren amaieran azaldu zaizkion tarteak. Normala den moduan, Malosteko ikusleak, zoratzen.

Bigarren laurdena ere aurrenekoaren lepo beretik burua duela hasi da. Lashann Higgs hegalekoa kantxara sartzeak on egin dio talde gerniukarrari, defentsako presioan apur bat gehiago estutu baitu. Hala, Evaristo Perez Espainiako hautatzaile ohiak, eta egun Leganeseko entrenatzaileak, jokoa eten behar izan du, markagailua 27-9 jarri delako Higgs eta Ginzoren bitartez.

Alabaina, hurrengo minutuetan gernikarrek kontzentrazioa nabarmen galdu dute eta Leganesen, berriz, tate hegalekoa saskirako bidea aurkitzen hasi da. Dela uztaiperaino sartuta barneraldien bitartez, dela baloirik gabe jokatu eta pase egokia jasota, dela lauzpabost metrotatik… Leganeseko izarrak atsedenaldirako 18 opuntu saskiratu ditu berak bakarrik. Hala ere, Imani Tate ez da izan gernikarren buruko minik handiena, baloia errazegi galtzen jarraitu dutela baino. Atsedenaldirako 13 baloi galdu ditu talde bizkaitarrak. Partidaren amaieran, berriz, 21.

Ondorioz, Mario Lopezek hutsartea eskatu du, Leganes 38-27raino «hurbildu» baita. Ondorioa ezin hobea izan: 6-0ko partziala laurdena 44-27 amaitzeko. Saskiratze guztiak, berriz, Tinara moorek egin ditu, uztaipean aurkarietako inor ere ez baita kapaz izan pibot estatubatuarra gelditzeko.

Bjorklunden unea

Orotara 33 puntu sartu ditu Leganesko izarrak, Tatek. Baina bere taldekide batak bat ere ez da kapaz izan gutxienez hamar puntura iristeko. Gernikarren artean inork ere ez du 33 punturik saskiratu, bai ordea 27 Angie Bjorklundek, horietatik 14 hirugarren laurdenean. Hirukoak etengabe sartzeari ekin dio hirugarren laurdenaren hasieran ehgaleko iparramerikarrak eta, bestela ere hautsita bazegoen ere norgehiagoka, 9-2ko partzialaren ostean are eta gehiago erabakita laga du dema Bjorklundek.

Koparako txartela eskuan, serieburu izatea nahi du orain talde bizkaitarrak. Hortarako hilaren 12an eta 23an Cadi La Seu eta Kanaria Handiaren etxean jokatu beharko du hurrenez hurren. Baina horrez gain, puntuen aldea ahalik eta handiena alde izatea komeni zaio Mario Lopezen taldeari. Ondorioz, azeleragailua zapaltzeari utzi gabe jarraitu dute gernikarrek, laurden guztiak irabaziz.

Azken minutuetan iritsi da neurketako albisterik txarrena, Itziar Ariztimuñok min hartu baitu saskipera sartzen ari zela. Aldageletara joan behar izan du antolatzaile bilbotarrak, itxura baten eskumuturrean edo min hartuta.

Partida, azken baten erabakita zegoenez, amaitu arteko denbora igarotzea beste lanik ez du izan etxeko taldeak. Aspaldiko partez, Malostek garaipen bikain bat ikusi du etxean eta bere jokalariek Koparako txartela eskuratu dute gainera. Ezin gehiago eskatu.

Kopara sailkatuta, serieburu izan nahian

Erabat asebeteta geratu ez bada ere, lasai azaldu da Mario Lopez partida amaitu berritan, Kopara sailkatzeko helburua lortu ostean.

«Ez da partida ikusgarria izan, batez ere hainbeste baloi galduta, baina garaipena behar genuen Koparako sailkatzeko eta lortu dugu, eta gainera Angiek –Bjorklundek– azkenean aurkitu du hirukoetan falta zitzaion zorte hori. Espero dezagun Itziarri –Ariztimuñori– gertatu zaiona ezer ere ez izatea», adierazi du.

Bere iritziz, aurreneko laurdenean erabaki da partidaren nondik norakoa. «Barruko jokoan nagusi ginen, Leganesek baja dexente baititu, eta hala erakutsi dugu. Beraiek hartu dituzten halako bi errebote eskuratu ditugu eta jaurtiketa errazak aurkitzen ahalegindu gara. Gakoa aurreneko laurdenean egon da, gerora erraz aritzeko konfidantza eman baitigu», laburbildu du entrenatzaile bizkaitarrak.

Marta Alberdik eta Roso Buchek ere antzera egin dute berba, denak ere gustora partidaren emaitzarekin. Jokalariek, alabaina, Cadi La Seuren aurka hilaren 12an jokatu beharreko «finala» izan dute ahotan.

«Defentsan bikain aritu gara hasieran eta sendotasun horri esker, erasoan ere lasaiago aritu gara», ondorioztatu du hegaleko bizkaitarrak. «Koparako sailkapena lortuta, oso pozik gaude, baina Kopan dena emateko, laugarren postura igotzen saiatuko gara lehenbizi. La Seun irabazten badugu, serieburu izango gara: final bat izango da hori. Zaila izango da, baina laugarren postu hori lortu nahi dugu», amaitu du Alberdik.

Roso Buchek, bere aldetik, «etxean jokatzeko amorratzen geunden eta sentsazio onak noiz berrezkuratuko», aitortu du. «Asko genuen jokoan eta orain dugun geldialdi labur honetara etxeko lanak ia eginda joan gintezke, beti ere La Seuko  ‘final’ horri begira, sailkapenean laugarren postuan amaitzeko. Kopa jokatzea mundu guztiarentzat da gustagarri, baina serieburu izatea are hobea da, aurreneko partidan behintzat talderik indartsuenak saihesteko. Hori da orain gure helburua», amaitu du Mataroko eskoltak.

PARTIDAKO FITXA:

Gernika: Roselis Silva (2), Angie Bjorklund (27), Roso Buch (9), Tinara Moore (14) eta Melisa Brcaninovic (11) –hasierako bostekoa–, Itziar Ariztimuño (4), Paula Ginzo (6), Lashann Higgs (10), Marta Alberdi (2) eta Belen Arrojo.

Leganes: Hermida (9), Palenikova (5), Hartmann (4), Muhate (6) eta Imani Tate (33) –hasierako bostekoa–, Jespersen (4), Laura Garcia eta Sanchez.

Partzialak: 21-9, 23-18, 27-21, 14-13.

Epaileak: Esteve, Zamora eta Rodriguez. Egotzitakorik gabe.

Gorabeherak: Emakumeen Endesa Ligako hamalaugarren jardunaldia Maloste kiroldegian, bere garaian atzeratu zena, covid-19aren erruz. Min hartuta, aldageletara eraman behar izan dute Itziar Ariztimuño laugarren laurdenean. Emaitza honekin, talde gernikarrak aurreneko itzulia Top 8an amaituko duela ziurtatu du.