Hego Euskal Herrian 148.761 pertsona zeuden Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) zerrendetan izena emanda urtarrilaren bukaeran, erakunde horrek eman dituen datuen arabera. 2021eko abenduarekin alderatuta gorakada izan da, baina ez oso handia; 1.890 langabe gehiago dira. Urtarrilean ohikoa izaten da langabezia igotzea, Gabonetako kanpainako kontratuen bukaera edo oporretako ordezkapen kontratuen bukaera dela eta.
Herrialde guztietan igo da langabezia. Hazkunde handiena Nafarroan izan da, %2,47 hazi baita. Guztira 32.817 langabe zenbatu ziren lurralde horretan, abenduan baino 791 gehiago.
Bizkaiari dagokionez, igoera %1,03koa izan da aurreko hilabetearekin alderatuta. 65.545 langabe daude, 667 gehiago.
Gipuzkoan 30.863 lagun daude lanik gabe SEPEren arabera, 310 gehiago (+%1,01).
Araban igoera apalagoa izan da, %0,63koa. 19.536 langabe daude, abenduan baino 122 gehiago.
Iaz baino 23.694 gutxiago
Azken hamabi hilabeteetako eboluzioari erreparatuta, ordea, joera bestelakoa da eta langabeziak beherantz jarraitzen du. Hego Euskal Herri osoan 23.694 langabe gutxiago zeuden urtarrilaren bukaeran 2021eko epe berberarekin alderatuta.
Hemen ere jaitsierarik handiena Nafarroan izan da, %21,25ekoa. 8.908 langabe gutxiago zenbatu dituzte iazko urtarriletik hona. Araban jaitsiera %11,90ekoa izan da, 2.640 langabe gutxiagorekin. Gipuzkoan, %11,76koa, 4.112 langabe gutxiagorekin. Bizkaian, azkenik, %10,92 egin du behera iaztik eta 8.034 langabe gutxiago zenbatu dituzte.
Gizarte Segurantza
Gizarte Segurantzari dagokionez, 8.916 afiliatu galdu ditu Hego Euskal Herrian urtarrilean, abenduarekin alderatuta. Iaz izan zuen galera baino txikiagoa da. Bizkaian 3.011 afiliatu gutxiago zenbatu ziren, Nafarroan 2.480 gutxiago, Gipuzkoan 2.474 gutxiago eta Araban 950 gutxiago.
Iazko datuekin konparatuta, ordea, eboluzioa kontrakoa da eta Gizarte Segurantzaren kotizazioek gora egin dute. Bizkaian 10.728 gehiago izan dira, Nafarroan 8.762 gehiago, Gipuzkoan 7.216 gehiago eta Araban 4.759 gehiago.