Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak tokiko batzorde estrategiko bat sortzeko asmoa iragarri zuen, atzo arratsaldean, Ziburun. ‘Amarra’ izeneko higiezin proiektuaren aurkezpena baliatu zuen Estatuaren ordezkariak bere proposamena mahai gainean jartzeko.
Estatuak eraikin bat utzi du Ziburuko herriaren esku Zokoako gotorlekuaren parean bertan 12 etxebizitza sozial eraiki ahal izateko.
Zokoako auzoaren berpizteari begira balio erantsia duen egitasmo soziala babestuz Eneko Aldana abertzalea buru duen Herriko Etxeak zuen asmoa egikaritzearen alde egin du Pauen bere egoitza nagusia duen Prefekturak.
Kazeta.eus-ek egitasmoaren nondik norakoak eman ditu jakitera gaur. Hala, Habitat Sud Atlantic erakundeak Ziburuko herria eta Euskal Elkargoaren laguntzarekin kudeatuko du ‘Amarra’ higiezin proiektua.
Egitasmo horren bidez herri erdigunean dagoen eraikina berritu eta bigarren erabilpena emanen diote etxebizitzak atonduz. Era horretan, herri erdigunea biziaraztearekin batera inguruetako eremu naturaletan eraikitzea saihestu nahi du Ziburuko Herriko Etxeak.
Udalak Ziburu bizileku duen populazioari alternatiba eskuragarria nahi dio eskaini. Oroitarazi behar da Lapurdiko kostako herrian dauden etxebizitzen %45 bigarren egoitzak direla.
12 etxebizitza horien prezioaren berri eman ez bazuten ere, metro koadroko 2.500 eta 3.000 euro arteko balioa izango lukeela aitzineratu zuten. Orotara 2 milioi euro inbertituko dute egitasmoa aurrera ateratzeko. Epeak betez gero, 2025ean etxebizitza horietan biziko diren lagunek giltzak jasoko lituzteke.
Baionako manifestazioak krisiaren tamaina agerian jarri zuen
Etxebizitzaren gaineko eztabaida gori-gorian den unean heldu da bai Ziburuko ‘Amara’ higiezin egitasmoaren aurkezpena, baita batzordea sortzeko Prefekturak eginiko proposamena ere.
Hain zuzen Eric Spitz prefetari zuzendutako gutun batean iragan azaroaren 20ean 32 eragile, sindikatu, mugimendu eta elkarte ezberdinek luzaturiko deialdiari erantzunez 8.000 herritar bildu zirela Baionako karriketan oroitarazi du gaur Euskal Herria Baik.
«Herritar mobilizazio horrek, egoera honen aterabideak denon esku direla oroitarazten zigun. Arduradun politikoen esku zein hautetsi, eragile pribatu eta publiko edota Estatu frantsesaren esku», idatzi du ezkerreko mugimendu abertzaleak gaur publiko egin duen gutun horretan.
«Botere publikoaren eskuhartzea ahalbidetuko duten aterabideak lortu behar ditugu eta dispositibo berritzaile eta eraginkorrak martxan jarri berehala», gehitu du EH Baik.
Hain zuzen iragan urtarrilaren 13an Trantsizio Ekologikorako Kontratua berrabiatzeko sinadura ekitaldiaren kari otsaila erditsuan lurra eta etxebizitza arloaren inguruko proposamenak luzatzeko asmoa zuela jakitera eman zuen Eric Spitzek hedabideen aurrean.
Otsailaren 2an, Ziburun eginiko bisita baliatu zuen Pirinio Atlantikoen prefetak alokairuak arautzearen aldeko ekimena plantan emateko borondatea plazaratzeko. Zehazki, Estatua, Pirinio Atlantikoen departamendua, Euskal Elkargoa, ‘Banque des territoires’ delakoa eta alokatzaile sozial nagusienak elkartuko lirateke tokiko batzorde estrategiko horren baitan.
Hemendik gutxira «konpensatzeko neurriak» bozkatzeko desmartxa bete beharko dute Euskal Elkargoko kideek. Horrendako, hiru proposamen egin ditu EH Baik: eremu trinkoa luzatzea, hau da, tentsio bereziko gunea zabaltzea era horretan bai bigarren etxebizitzen inguruan baita alokairuen gaineko neurriak hartzeko ahalmenak eskuratuz; alokairuak arautzeko dispositiboa indartzea Euskal Elkargoaren baitan, eta, finean, egoiliar estatusaren antzeko neurriak lituzkeen ibilbide juridikoa aztertzea.
Horretaz gain, prefetak etxebizitzaren krisiari erantzun amankomunak emateko adierazitako nahikeriari aipamen eginez, «gai honen inguruan elkar trukatzeko» prestutasuna adierazi dio gaur gutun publiko horretan Estatuaren ordezkariari.