Arnaitz Gorriti

Laso eta Imaz txapelketako lidertzara hurbildu dira; Ezkurdia eta Tolosa, azkenak (18-22)

Partida oso gogorra jokatu dute Labrit pilotalekuan. Neurketaren aurreneko herenean aurrea hartu eta azkeneraino mantendu du lidertza bikote urdinak, nahiz eta Lasok hamar pilota galdu dituen. Altuna III.a eta Martijarekin bat eginda, zortzigarren puntua eskuratu dute irabazleek.

Egin eta galdu, Unai Lasok egin du ia dena.
Egin eta galdu, Unai Lasok egin du ia dena. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Garaipena eta porrota. Aurkia eta ifrentzua. Unai Laso eta Ander Imazek zortzigarren puntua lortu dute larunbat honetan Labrit pilotalekuan, ordubetetik gorako partida gogor askoa Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosari irabazi ostean. Altuna III.a eta Martijarekin Binakako Txapelketaren buruan bat egin dute irabazleek eta, bestetik, azken postuan eta aukera oso gutxirekin geratu dira Ezkurdia eta Tolosa, irabazteko adina meritu egin badute ere.

«Ez da nire partidarik onena izan, baina lan egin eta garaipena pilatzea lortu dugu», adierazi du Unai Lasok, 11 tanto egin eta 10 galdu ostean arnasari buelta emateko lanean.

Ez baita partidarik onena izan, baina zinez gogorra bai, eta azkenean urdinek beren arerioek baino errekurtso gehiago erakutsi dituzte eta horri esker atera dute zortzigarren puntua. 6-2 atzetik egotetik 6-8 aurretik jartzea lortu dutenez geroztik, beti aurretik ibili dira urdinak, baina azkenera arte lana beltz egin behar izan dute irabazteko.

Hasteko, dena den, Ezkurdia buru hartuta, erauntsiaren modura kantxaratu dira gorriak. Aurreneko sakea ere Ezkurdiari egokitu zaio eta akordatzerako 5-0 aurretik jartzea lortu dute, tanto guztiak menperatu eta amaituta. Xabier Toloak berak ere tanto bikain askoa amaitu du erreboteko zuloraino pilota bat bidali ostean, eta defentsan aritzea egokitu zaionean, Arbizukoaren laguntzarekin, fin asko moldatu da. Hala, harrigarria badirudi ere, Lasok eta Imazek aurkarien jokoa nola gelditu ezin asmatu aritu dira eta, 5-0ekoaren ostean, partida eten behar izan dute.

Partida asko gogortu da urdinak beren onera etorri ahala. Ezkurdiak behar baino kale gehiago egin ditu eta Unai Laso bera ere, nahiz eta beste egun batzuetako ausardiarik erakutsi ez, aurrean zuloak aurkitzeko kapaz izan da. Hala, 5-0etik 6-5era pasa da norgehiagoka, eta Xabi Tolosak ezker horman goregi bota duen pilota baten ostean, 6na berdintzea lortu dute urdinek; are, sakez 6-7koa ezarri du Unai Lasok. Itxuraz, Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelaria partidan zeharo murgildu da eta 6-8koa ezker gantxoz erdietsi ostean, gorriak izan dira nahitaez hutsartea eskatu behar izan dutenak.

Ez dute, ordea, gorriek etsi eta lanari etekina atera diote 9na berdinketa lortuta, hori bai, aurrez Lasok eta Imazek pilota erraz xamarrak galdu eta gero. Izan ere, urdinek askoz ere arrisku handiagok hartu dituzte, gorriak partida ahal bezain beste luzatzeko prest azaldu diren bitartean.

Zentzu horretan, aipagarriak izan dira segidan Lasok horma biak jota egin dituen bi tantoak. Nahiz eta tantoak urdinek menpean izan, aurrelari nafarrak tantoak behar baino gehiago ez luzatzea erabaki du, neurketaren gogortasuna berak ere nahi baino gehiago antzeman baitu. Hala, bere talentuari esker Laso eta Imazek 10-12 aurretik iristea lortu dute aurreneko atsedenaldi luzera.

Gorriak sufritzen

Esan liteke Ezkurdia eta Tolosak osatzen duen bikotearen punturik ahulena atzean dagoela, baina Labrit pilotalekuan Arbizukoa bere mailatik dexentez beherago egon da Anoetako atzelaria baino. Hala, Unai Lasori gain hartu ezinik, gorriek beren burua 10-15 atzetik aurkitu dute aurreneko atsedenalditik bueltan, eta tarteka Ezkurdiak tantorik amaitu badu ere –ezkerrez aurkari bien gainetik pasatzea lortu duen pilotakada, esaterako–, gorriei gero eta gehiago kosta zaie urdinen martxari eustea.

Xabi Tolosak berak ere hankasartze pare bat kateatu ditu eta azken atsedenaldi luzera Laso eta Imaz 13-18 aurretik iritsi dira. Alabaina, gorriek ez dute etsi, eta aurkarien opari pare bat tarteko, 16-18 hurbiltzea lortu dute.

Lasok egin eta Lasok galdu, partida aurrelari urdinak gidatu du azken tantoetan. Partida 17-19 dela, ia 100 pilotakada jo dituzte eta lehertu arte ekin diote lau protagonistek, eta han ere, ezkerrez zabalean tanto aparta egin du Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak, 17-20koa ezarriz, eta neurketari azkenaurreko harria ezarriz ere.

Ez dute etsi gorriek eta tanto eder bat amaitzea erdietsi dute bien artean, baina hantxe amaitu da beraien erresistentzia. Urdinen azkenaurrekoa Ezkurdiaren huts baten eskutik iritsi da eta azkena, berriz, eraman beharreko sakea behera joan zaiolako Xabier Tolosari.  

Bi jardunaldiren faltan, gauzak asko ilundu zaizkie Ezkudia eta Tolosari, eta besteren hutsen zain geratu beharko dute azken bi jardunaldietan sei onenen multzotik at geratuko ez badira.

Untoriaren lesioa

Jaialdiko aurreneko partidan, Promozio Txapelketako neurketan, markagailua 3-5 dela, Alvaro Untoria –Egiguren V.arekin, Larrazabal eta Salaverri II.aren kontra– atzelari errioxarrak eskuin eskuko hatz baten kolpe txar bat hartu du. TAC bat egin beharko diote Untoriari, baina itxura batean, eskuin eskuko hirugarren hatzeko artikulazio barneko haustura omen dauka. TAC-aren emaitzaren arabera erabakiko da atzelari errioxarra operatuko den ala ez.

Txapelketako puntua Larrazabal eta Salaverri II.arentzat izan da eta, jardunaldiko partida estelarra jokatu aurretik, Lau eta Erdiko partida jokatu dute Egiguren V.ak eta Larrazabalek. 18-14ko emaitzarekin, Egigurenek irabazi du azken orduan antolaturiko partida hau.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 684.

Iraupena: 70:06 minutu.

Markagailua: 1-0, 5-0, 5-1, 5-2, 6-2, 6-8, 7-8, 7-9, 9-9, 9-10, 10-10, 10-15, 11-15, 11-16, 13-16, 13-18, 16-18, 16-19, 17-19, 17-20, 18-20, 18-22.

Sakez: 0 Ezkurdiak eta 2 Lasok.

Tantoak: 4 Ezkurdiak eta 2 Tolosak; 9 Lasok eta 0 Imazek.

Galdutakoak: 8 Ezkurdiak eta 3 Tolosak; 10 Lasok eta 2 Imazek.

Gorabeherak: Sarrera polita Labrit pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.