Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Emakumeen sexu-ahalduntzea patriarkatuak itotako gizartean

Emakumeen sexu-ahalduntzeari buruzko ikerketa ondu du Mundu Berriak erakundeak. Gorputzen kontzientzia hartzearen garrantziaz eta indarkeria egoerek uzten duten orbain psikologikoak gainditzeko bideaz mintzo da, besteak beste, azterlana.

«Bortxatzaile bat zure bidean» performancea Donostian, orain dela hiru urte.
«Bortxatzaile bat zure bidean» performancea Donostian, orain dela hiru urte. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Emakumeen sexu-ahalduntzearen autopertzepzioa edo, bestela esanda, andrazkoek sexuan duten botereaz jabetzeko duten ahalmena, ikuspegi feminista eta intersekzional batetik aztertu du Mundu Berriak gobernuz kanpoko erakundeak. Paradigma prokreatibotik, moraletik eta desio soilik heterosexualetik ihesi, ikuspegi zabalago batetik aztertu ditu sexua eta sexu-ahalduntzea.

2020an egindako ‘Emakumeen sexu-ahalduntzearen autopertzepzioa’ ikerketa osatu eta emakumeen ahalduntzerako estrategiak eremu praktikoago batetik landu ditu Mundu Berriak erakundeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, 2022ko urtarrilean argitaratu duen ikerketaren bigarren zatian. 18 eta 64 urte arteko emakumeen ahalduntze sexualaren autopertzepzioa ezagutzea zuen helburu ikerketaren lehen zatiak, emakumeen sexualitateari buruzko ikerketak sortzeko beharra «funtsezkoa» dela iritzita, besteak beste, «eredu zientifikoan ezarritako androzentrismoa hausteko». Horretarako, 1.600 emakume baino gehiagok osatutako ikerketa-lagina aztertu zuten egileek, galdetegi edo elkarrizketa sakonen bitartez.

Kontrol-lurraldea

«Gaur egun, patriarkatuak emakumeen gorputzak menderatzen eta kontrolatzen ditu, statu quo-a mantendu eta legitimatzeko helburuarekin. Horrek emakumeen sexualitateaz eta osasunaz jabetzea dakar. Hori guztia, bi aliaturi esker: emakumeen sexualitatearen eta emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko interes zientifikorik eza, eta, zehazki, sexu-indarkeria eta indarkeria sinbolikoaren ingurukoa. Azken hori horrela laburtzen da: emakumeen gorputza kontrol-lurralde gisa», agertzen du 2020an landutako ikerketak.

Gizartean gailentzen den mundu ikuskera patriarkalak eragin sakonak ditu emakumeen gorputzengan, zeinak, guztiak bezala, «gorputz sexuatuak» diren. “Ni sexualaren” deskonexio sakona da eraginetako bat, Mundu Berriak gobernuz kanpoko erakundeak azaldu bezala, norberaren beharren eta nahien kontzientzia txikiagoa; horrek sexu-autoestimua kaltetzen du, eta, azkenerako, baita auto-zaintza ere. «Emakumeen gorputzak kanpoko kontrol-lurraldea dira, baina gudu-eremu propioa», ondorioztatzen du ikerketak.

Gudu hori borrokatu eta patriarkatuaren eragin kaltegarriak uxatzearen gakoetako bat gorputza dugula ez ezik, «gorputza garela» ere ulertzean datza. Beharrezkoa da, ikerketan parte hartu zuen Mari Luz Estebanen hitzetan, gorputza subjektu gisa pentsatzea, «erresistentziarako» eta «gogoetarako» espazioa ere badelako. Hortik has dezake pertsona batek, emakume batek, ahalduntze sexualerako bidea.

2020an Mundu Berriak erakundeak garatutako ikerketak zenbait ondorio plazaratu zituen. Batetik, egiaztatu zuen zenbat eta ezagutza sexual handiagoa izan pertsona batek, orduan eta gogobetetze sexual handiagoa izango duela. «Norberaren desio erotikoak asetzeko beharrezkoa da horiek ezagutzea eta, horrela, modu eraginkorrean komunikatu eta negoziatu ahal izatea», dio aipatu lanak. Bestetik, honako hipotesia baieztatu zuen ikerlanak: kontzientzia feminista zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago identifikatzen dira sexu-indarkeriak eta genero-indarkeriak eta, ondorioz, horien kontrako estrategiak lantzeko zoru bilakatzen dira feminismoak.

Autoeraginkortasun sexualaz ere mintzo da Mundu Berriak egindako lana. Ikerketaren emaitzaren arabera, «gure sexualitatea sentitzeko, bizitzeko eta adierazteko» gero eta autoeraginkorrak garela hautematen badugu, sexualki gero eta asertiboagoak izateko aukera ere izango dugu. «Ondorioz, sexualitatearekiko jarrera positiboa izateak eta sexualki aktiboak garela onartzeak aukera ematen digute askatasunez, naturaltasunez eta (auto) zaintzaz adierazteko», azaltzen du lanak.

Erresilientziaren alde

Emaitza horiek mahai gainean, ikerketari begirada sakonago bat eman dio Mundu Berriak elkarteak, 2021ean landu eta 2022ko urtarrilean aurkeztu duen ‘Emakumeen sexu-ahalduntzearen autopertzepzioa’ ikerketaren bigarren zatiarekin. Ospedun hainbat lagunek hartu zuten parte lan horretan, beste askoren artean, Irantzu Varela kazetari feministak, Aitzole Araneta sexologo, berdintasun teknikari eta aktibista transfeministak, Fina Sanz psikologo, pedagogo eta sexologoak, Itziar Gandarias gizarte-psikologiako irakasleak eta Josefina Cortes ijito aktibista eta sexologoak.

Oraingo honetan, gaia ikuspegi praktikoago batetik landu du gobernuz kanpoko erakundeak eta sexu-indarkeria mota desberdinak jasan dituzten emakumezkoen sexu-ahalduntzera bideratutako esku hartze integralerako proposamena ondu du, Mundu Berriak bezalako erakundeentzako baliagarria, asko baitira emakumeek aurre aurre aurkitzen dituzten indarkeriak; kasurako, sexu-indarkeriak (bikote eta bikotekide ohiaren esparruan, familia-eremuan, espazio publikoan edo lan-eremuan), gorputz indarkeriak (gordofobia, edadismoa, kapazitismoa edo arrazakeria) edo sexu identitate edo orientazioagatiko indarkeriak (transfobia, lesbofobia edo bifobia, besteak beste).

Mundu Berriak erakundeak, ikerketaren ondotik, iritzi dio indarkeriokin lotuta dauden zapalkuntza-faktoreak identifikatu eta borrokatzeko beharrezkoak direla ikuspegi feminista eta intersekzionala, baita andrazkoei horretarako tresnak emateko ere. «Sexu-indarkeriari aurre egin dioten emakumeek dituzten ondorio neuropsikologikoak, emozionalak, erotikoak, gorputzekoak, sozialak, lanekoak... trauma osteko estres-nahasmenduaren antzekoak dira askotan, eta horrek erantzun profesional terapeutiko eta integrala ematea beharrezko egiten du, emakume horien ahalduntze-prozesuak abian jartzea erraztuko duena. Ahalduntze-prozesu horiek, aldi berean, erresilientzia-gaitasuna bizkortzen dute», agertzen du gobernuz kanpoko erakundearen ikerketak.

Hala, indarkeria pairatu duten emakumeen kasuak neuropsikologia eta sexologiaren arlotik esku hartuta jorratzea proposatzen du Mundu Berriak erakundeak, batetik, indarkeriak emakumeen gorputzengan izandako eragina aintzat hartuz, eta, bestetik, erotofobia (sexu-harremanak izateko beldurra) sustatzen duten alderdiak identifikatu eta erantzunez. Hori guztia, «sexu-indarkeria mota desberdinek esku hartze espezifikoak behar dituztela ahaztu gabe», nabarmentzen du ikerketak. Gorputzek berezkoa duten erresilientziaren alde eginez esku hartzea sustatzea proposatzen du gobernuz kanpoko erakundeak, hainbat mekanismo psikologiko, emozional eta sozialek sortutako prozesuak indarkeria esperientziak «sendatu, konpondu eta onartzen» laguntzen baitu.

Ahalduntzeko proposamen batzuk

Baina, nola sustatu emakumeen erresilientzia sexu-indarkeria esperientzia bati aurre egin ahal izateko? Mundu Berriak elkarteak, bada, zenbait jarraibide edo proposamen bildu ditu ‘Emakumeen sexu-ahalduntzearen autopertzepzioa’ ikerketaren bigarren zatian. Honakoa litzateke prozesua: gorputza eta burua batera lantzea gorputzaren kontzientzia sustatuz; samurtasuna, intimitatea eta zaurgarritasuna lantzea; erru eta lotsa sentimenduak autozaintzatik lantzea; erotofobiatik erotofiliara (sexu-estimuluen aurrean erantzutea) igarotzea; plazerak, desioak edo topaketa erotikoak lantzea eta balioekiko, zentzuarekiko eta bizi-helburuarekiko onarpenean eta konpromisoan lan egitea.

Bide orri honekin, sexu-indarkeria sufritu duten emakumeei auto-ezagutzara, sexualitateari lotutako jakintzara eta, finean, sexu-ahalduntzera heltzeko bide bat erakutsi asmo die Mundu Berriak erakundeak.

Adierazpenak

«Sexu-ahalduntzea prozesu bat da, zeinaren bidez gorputz guztiak gai diren nahiak identifikatzeko eta horiek gozatzeko»
Irantzu VARELA
Kazetari feminista

 

«Ahalduntze sexuala sexualitate bakar, berezi eta errepikaezinaren kontzientzia da»
Aitzole ARANETA
Sexologo eta transfeminista

 

«Bikotean negoziatzea interesak hurbiltzea da; ez baduzu bizitza proiektu propiorik, baliteke botere harremanetan jarraitzea»
Fina SANZ
Psikologo, pedagogo eta sexologoa

 

«Genero betaurrekoak kolore morekoak diren bezala, begirada intersekzionala kolore askotakoa da»
Itziar GANDARIAS
Gizarte-psikologiako irakaslea

 

«Sexualitateaz hitz egitea osasuntsua da, baina ez dugu ikuspegi bakar batera mugatu behar (zuria, heteroa edo zisgeneroa)»
Josefina CORTES
Ijito aktibista eta sexologoa