NAIZ

Alec Petersek jokalarien batasuna eskatu du «frustragarria» den egoeratik ateratzeko

Estatubatuarrak adierazi duenez, azken partidetan ez dute beraiek dakiten mailan jokatu. Hala ere, azpimarratu du «oso jarrera positiboa» mantentzen dutela eta taldearen «talentua» ere goraipatu du.

Alec Peters, Baskoniarekin jokatutako aurreko partida batean.
Alec Peters, Baskoniarekin jokatutako aurreko partida batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ez da erraza izan behar momentu honetan kamera eta kazetarien aurrean agertzea Baskoniaren aurtengo ibilbidea ikusita. Gasteiztarrek poztasun handiak eman dituzte iragan ez oso urruti batean, baina 2021-22. denboraldia ez da denek espero zutena izaten ari.

Kapitain bezala, astearte honetan Alec Petersi egokitu zaio klubeko kameren aurrean agertzea eta jokalariak nola dauden azaltzea. Taldearen batasuna eskatu du, lehenik eta behin, oztopo honetatik atera ahal izateko, denentzek nahiko «frustragarria» izaten ari baita.

Estatubatuarrak adierazi duenez, azken partidetan ez dute beraiek dakiten mailan jokatu. Hala ere, azpimarratu du «oso jarrera positiboa» mantentzen dutela eta taldearen «talentua» ere goraipatu du.

«Denok dakigu gure ardura dela, jokalariena, egoera hau aldatzea eta hobeto jokatzen hastea», adierazi du Baskoniako hegal-pibotak. Eta gehitu du, dauden mailan daudela, ezin dituztela egiten dituzten akatsak egin.

«Momentu honetan mundu guztiaren onena eta ahalik eta laguntzarik onena jasotzea behar ditugu, momentu honetan egoera txar batean gaudelako. Orain arte jaso dugun babesa baino gehiago behar dugu gainera», eskatu du estatubatuarrak.

Beraiek, behintzat, gauzak hobetzen ahalegintzen ari direla adierazi du eta, horrekin batera, iritsiko dela momentu bat non «partida batean klik egitea» lortuko duten.

«Esan daiteke zerbait fisikoa edo mentala dela, baina jokalariekin zerikusia duen zerbait da», onartu du jokalariak. Horretarako, helburu bezala ezarri du «partida konpleto bat eta kontzentratuta jokatzea», emaitzari begiratu gabe.

Alec Peters duela gutxi itzuli zen kantxetara, baina penatuta agertu da bere presentziak ez duelako emaitzetan lagundu eta autokritika egij du. «Kantxa barruan eta kanpoan egiten dudanari so egin behar diot eta partidak irabazteko behar diren aldaketak egin, hori baita behar duguna», azpimarratu du.

Hau guztia izanda ere, «etorkizunera begiratu» nahi du Baskoniako kapitainak, horrek ekarriko baitu aldaketa. «Hobeto eta esfortzu gehiagorekin egin behar dugu», adierazi du.

Aldatu beharreko beste faktore bat kontzentrazioa da. «Lau laurdeneko talde bat izan behar dugu eta aste honetan hobekuntza hori erakutsi dugu», azpimarratu du jokalariak. Baina, era berean, onartu egin du sufritu egin zutela kontzentrazio hori eta partidak irakurtzeko behar den adimena mantentzeko.