NAIZ

Hendaia eta Paris arteko gaueko trena uda sasoirako soilik berrabiaraziko dute

Bost urteko geldialdiaren ostean Hendaia eta Paris arteko gaueko trena aurten berrabiaraziko dute. Izan ere «Palombe Bleue» izeneko trena udako saiorako martxan jartzeko asmoa eskas da urte osorako zerbitzua berreskuratzearen alde borroka egin duten euskal eragileentzat.

"Palombe Bleue" delako trena berreskuratzea eskatzeko 2020ko urrian Baionako tren geltokiaren aurrean eginiko ekimena.
"Palombe Bleue" delako trena berreskuratzea eskatzeko 2020ko urrian Baionako tren geltokiaren aurrean eginiko ekimena. (Bob EDME)

Bost urteko geldialdiaren ondotik, heldu den udan aurreikusi dute «Palombe bleue» delakoa Hendaia eta Paris Austerlitz geltokia artean berrabiatzea. Azken urteetan, zerbitzu hori berriz plantan ezartzeko eskaera egin dute euskal sindikatu eta hautetsiek.

Izan ere SNCF tren konpainiak ez du aurreikusten zerbitzua urte osoan eskaintzea. Udako saiora mugatuko da gaueko trena. Erabakiak zazpore gazi-goxoa utzi du, beraz.

Frantziar Estatuak 2017an hainbat gaueko tren zerbitzu bertan behera uztea deliberatu zuen, tartean "Palombe Bleue" delakoa.

Gaueko trenak berreskuratzeko planaren baitan Paris eta Tarbes arteko ardatza, Fleury-les-Aubraisen (Orleans) eskala tartean duela, euskal kostaldera helduko da 2022ko udan.

Hendaiara heldu aitzin Baiona, Biarritz eta Donibane Lohizunen geldiuneak izanen ditu gaueko trenak. Edonola ere, udako zerbitzu bat izanen da soilik, urte osoan ez baita ibiliko, gutienez 2030 urtera arte.

Frantziar Estatuak ordurako gaueko tren zerbiztua bermatuko duten hamar bat ardatz izan nahi lituzke.

Deskontuak salbuetsita, gaueko trenaren txartelak 19 euro balio du joaneko bidai sinple baterako eta etzan ahal izateko aulkiarekin. 29 eurokoa izanen da bigarren klasean eta ohearekin eta 39 eurokoa lehen klaseko bidaia izatekotan. Azken hau hautatzen duten bidaiariek Austerlitzeko geltokian berriki jarri dituzten dutxen zerbitzua baliatu dezakete.

Aldarrikapen amankonun bat

Azken bost urteotan Ipar Euskal Herriko gehiengo zabal batek gaueko tren zerbitzua berrabiatzea galdegin du behin eta berriz.

Hautetsiak, mugikortasun sindikatua, Merkatal eta Industria Ganbara, LAB eta CGT sindikatuak...  frantziar Garraio Ministerioari galdera ezberdinak helarazi dizkiote Hendaia eta Paris arteko gaueko trena berreskuratu dezan.

Eragile horiek Bordeleko bidea baliatzen duen trena berraktibatzea zuten xede, ez soilik udan Hendaiaraino arribatuko dena Parisetik, Limoges, Tolosa eta Tarbe igarota.

Aipaturiko eragileen ustez hankamotz gelditu da frantses Garraio Ministerioak gaueko trenak berriz errailetan emateko aukezturiko plana.