Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Hezkuntza Legean euskararen arloko adostasun soziala berariaz jasotzeko eskatu du Kontseiluak

EAEko Hezkuntza Lege berrirako oinarriak jasoko dituen lehen zirriborroa aurkeztu dute astearte honetan Gasteizko Legebiltzarrean. Kontseiluaren iritziz, funtsezkoa da euskara ardatz duen sistema eleaniztuna zehaztea, «ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko».

Hezkuntza komunitateko eragile nagusiak, euskal sindikatuen gehiengoa eta Kontseilua, elkarrekin hizkuntzaren inguruko adostasuna aurkezten, joan den abenduaren 16an, Gasteizen.
Hezkuntza komunitateko eragile nagusiak, euskal sindikatuen gehiengoa eta Kontseilua, elkarrekin hizkuntzaren inguruko adostasuna aurkezten, joan den abenduaren 16an, Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berrirako oinarriak jasoko dituen lehen zirriborroa aurkeztu dute Legebiltzarrean. Hezkuntza lantaldeko presidenteak prestatu du txostena, alorreko ehun bat aditurekin eta eragilerekin elkarrizketak egin eta horien ekarpenak jaso ondotik. Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 21ean aurkeztu zuen bere ekarpena, baita hezkuntza komunitateko eragile nagusiekin hizkuntzaren esparruan adostutako eskaera ere.

NAIZentzat egindako lehen balantzean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hezkuntza akordioari elementu baikorrak eta kezkagarriak ikusi dizkiotela azaldu du. «Ez zaigu argi geratu ea proposatzen denak indarrean dagoen ikastereduen sistema baztertzailea gaindituko duen ala ez». Izan ere, dokumentuan euskara sistema eleaniztunaren ardatza dela aipatzen da, baina ez da zehazten horrek zein ondorio dituen.

Arrazoi horrengatik, Bilbaok beharrezkotzat jotzen du hezkuntza sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela berariaz jasotzeari, ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatzeko.

Proposamen hori adostasun sozial zabal baten emaitza dela oroitu du. «Hitzarmenak jasotzen dituen elementu nagusietan ez da egongo horrenbesteko adostasunik izango duen punturik. Hizkuntza ereduen korapiloa askatzeko eragile garrantzitsuenek bat egitea lortu genuen, eta hitzarmenean eskaera hori berariaz agertu beharra dago», azpimarratu du.

Elementu interesgarriak

Kontseiluaren arabera, Legebiltzarreko taldeak aurkeztutako proposamenak baditu kontuan hartu beharreko hainbat elementu. «Egia da, bai, euskararen ikaskuntza prozesuari buruzko gako asko jasotzen dituela dokumentuak: helburuak, erronkak, erronkek behar dituzten gakoak, hizkuntzen trataera… Are gehiago, interesgarria da Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren sorrera ere».

Baina, Paul Bilbaok nabarmendu duenez, horiek guztiek premiazko dute atzean ikasteredu orokortuaren planteamendua. «Hezkuntza sistema ziklo berri batean sartuko bada, nahitaezkoa da hizkuntzaren esparruan ere anbizioz jokatzea».

Horregatik, Kontseiluko eledunak dei egin die alderdiei akordioa hobetu dezaten. «Beste gai edo esparruetan bezala, kasu honetan ere berdintasuna bermatzeko oinarrizko bidea izan behar du gutxien duenari gehiago ematea. Horregatik diogu, oinarrizko euskara gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena», adierazi du.

Joan den abenduaren 16an, Gasteizen, hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak aurkeztu zuten aldarri hori. Proposamenarekin bat egin zuten Ikastolen Elkarteak, EHIGE guraso elkarteen federazioak, Kristau Eskolak, HEIZE zuzendarien federazioak, Hik Hasik, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Abenduaren 21ean, Bilbao bera Legebiltzarreko batzordera aditu gisa gonbidatu zuten eta bertan proposamena defendatu zuen.

«Ezin diote muzin egin hizkuntzaren korapiloa askatzeko askotariko eragileek mahai gainean jarri duten aukerari. Zinez uste dugu orain dela aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko unea. Ezin dugu aukera hau galdu».

Batuz Aldatu dinamikaren baitan

Batuz Aldatu dinamikara eragile gehiago atxikitzeko lanean ari da Kontseilua. Behin hizkuntza politiken norabidetze orokorrak adostuta, eremuz eremu definituko dituzte lehentasunak: administrazioan, kulturan, hezkuntzan, ingurune digitalean, aisialdian, hedabideetan...

Hiru arlo intentsitate handiagoarekin jorratuko dituzte. Horietako bat da hezkuntza. «Lanketa Batuz Aldatuko filosofiaren baitan egiten ari gara, hezkuntzako gure lankideekin baina baita eragile sindikalekin ere. Hezkuntzak ondo erakusten du Batuz Aldaturen filosofia: goazen elkarrekin eragiten saiatzera».

Lehentasunezko bertze eremu bat administrazioa da. «Benetako planteamenduak egiten hasi behar dugu, epemuga jarri behar zaiolako administrazioaren euskalduntzeari. Nafarroan ere fronte bat daukagu zabalik dekretuarekin». Hirugarren arloa eremu sozioekonomikoa da. «Hasiak gara sindikatuekin lankidetzan eta horretan jarraituko dugu».

Adostasun politikorako jauzia

Udazkenean, adostasun sozialetik politikorako jauzia eman nahi dute. Itxaropentsu daude. «Iaz oso ariketa polita egin genuen, pandemia baten erdian. Beldur ginen ea eragileek serio hartuko zuten gaia, beste hainbat arazo egonda. Eta askotariko eragileak atxikitzea lortu genuen. Oso positibo ikusi zuten prozesua. Hor lortu genuen enpatia-aliantza hori lanerako molde berri bihurtu behar dugu orain», agertu du Paul Bilbaok.

Adostasun soziala zenbat eta trinkoagoa izan, errazagoa ikusten dute arlo politikoan eragitea. «Posible dela uste dugu eta dena emango dugu horrela izan dadin».

Gainera, Korrika eta Euskaraldia datoz. Plaza eta kaleetara itzultzeko garaia da. «Bizi dugun egoera distopiko honetan berriz ere bizipoza, herri gogoa, euskaraz bizitzeko eta komunitatea ikusgarri egiteko nahia ateratzeko gogoa eta beharra dago».

Bilbaok ez du elkarrizketa amaitu nahi botere judizialaren oldarraldia salatu gabe. Erran duenez, Gasteizko epaile batek hizkuntza eskakizuna kentzeko euskararen zailtasuna aitzakia gisa erabili izana ez da kasu isolatua. «Botere judiziala hizkuntza politika egiten ari da indarrean dagoen araudia are gehiago murriztuz. Gainera, hizkuntza baten normalizazio prozesuan zutabe diren eremuak hartu ditu, hezkuntza eta administrazioa. Irungo udaltzainen kasuan ikusi genuen, Katalunian ere bai; epaile batek esaten du curriculum batean gaztelaniak zenbat toki behar duen. Horrek kezkatzen gaitu, lasaitasun osoz euren argumentazio juridikoan sar ditzaketela aurrekoan Gasteizko epaileak erabilitako argudioak. Badakite ez zaiela ezer gertatuko, inork ez diela kargu hartuko».

Tamalez, euskararen kontrako kolpe judizial gehiago etortzea espero dute, bai Auzitegi Konstituzionalean bai EAEko Auzitegian ebatzi beharreko auziak daudelako. Horiei guztiei aurre egiteko, eragile politiko, sozial eta instituzionalekin batera harresi bat eraikitzen saiatzen ari da Kontseilua.