NAIZ

Gipuzkoako Batzar Nagusiek uko egin diote Txillardegiri Urrezko Plaka emateari

EH Bilduk Gipuzkoak Txillardegiri aitortza egitea proposatu du euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen oparoarengatik, baina EAJk, Podemosek, PSEk eta PPk gaia arrazoi politikoekin erabili izana salatu dute eta kontra bozkatu dute.

Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena hura gogoratzeko ekitaldia, Antigua auzoan.
Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena hura gogoratzeko ekitaldia, Antigua auzoan. (Andoni Canellada | FOKU)

EH Bilduk proposatu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri Gipuzkoako Urrezko Plaka ematea, baina Batzar Nagusiek proposamen horri ezezkoa eman diote EAJ, Elkarrekin Podemos-EB, PSE eta PPren bozekin.

Talde abertzalearen bozeramailea den Juan Karlos Izagirrek Txillardegiren merituak goraipatu ditu eta ‘Jakin’-en webgunean zein Ibon Sarasolak esandakoak gogora ekarri ditu. «Euskalzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, irekia, ez esentzialista, eta hizkuntza naziotasunaren erdigunean kokatu zuen nazioarteko pentsalariak gurera ekarriz», aipatu du.

Era berean, argitu du euskara batuaren sorreran ezinbestekoa izan zela, Koldo Mitxelenarekin batera, eta Gipuzkoako hizkuntzalaririk garrantzitsuena dela. «40 liburu, 173 liburu zati, 1.500 artikulu, 46 itzulpen, 8 editore, zuzendari edo zuzentzaile lan, 10 berredizio, 5 bereziak eta beste 450 berari egindako elkarrizketak. Ez dut uste beste gipuzkoarrik egongo denik horrelako zerrenda duenik», esan du.

Era berean, gogoratu du erakunde askotan egindako lana aitortu zaiola: UEUk ohorezko kide izendatu zuen eta EHUk katedradun emeritua, eta gainera Carlos Santa Marian dagoen areto bati bere izena jarri zioten. Hizkuntzako Klusterrak Txillardegi saria antolatu du, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion, Oñatiko Udalak –aho batez– Arantzazun plaka bat jarri du, Durangoko Azokak Argizaiola saria eman zion, ETBk dokumental luze bat eskaini zion eta herritarrek urtero egiten dizkiote omenaldiak.

«Zerbait falta da? –galdetu dio Izagirrek Markel Olano Ahaldun Nagusiari–. Gure ustez bai. Zuk gipuzkoar guztiak ordezkatzen dituzu eta zu zara plaka hau ematen duena. Uste dugu iritsi dela garaia maila honetako aitortza egiteko; ideia bera konpartitzen dute ideologia desberdineko pertsona aski ezagunek», adierazi du.

Kontrako argudioak

EAJk salatu du EH Bilduk gai hau «politikoki» erabili duela. «Adostasun bat egongo ez dela jakinik, proposamen hau egin du euskara eta euskal kultura gatazka politikoan sartuko dela kontuan izan gabe», esan du EAJko kidea den Maria Eugenia Arrizabalagak.

PSEko Susana Garcia Chuecak argi utzi nahi izan du bere alderdiak ez duela Txillardegik hizkuntzalari eta idazle bezala egindako lana zalantzan jartzen, baina azpimarratu du «bakearen aldekoengandik aldendutako eta terrorismoaren biktimen kontrako» ibilbidea izan zuela.

Elkarrekin Podemos-EB taldearen ordezkariak, Joanes Fielek, Txillardegik euskarari eta euskal narratibari egindako «funtsezko» ekarpena aitortu badu ere, esan du ezin direla «gipuzkoarra bezain plurala den gizarte batetan adostasuna sortzen ez duten memoriak ezabatu». Bere ustez Urrezko Plaka jasotzen duen pertsonak «gizarte, kohesio, bake eta elkarbizitza» balioak izan behar ditu eta Txillardegik «ez ditu betetzen».

PPk EH Bilduren proposamena «aberrazio» bat bezala ikusten du. Juan Carlos Canoren hitzetan, Txillardegik «hizkuntzalari, zirujau edo arkitektu» bezala izan ditzakeen merituek ez dute baliorik, «hamarkadetan zehar herritar libreak erail, torturatu eta mehatxatu zituen talde terrorista baten fundatzaile izan zelako».