Ander Zabalza Zudaire
Bilbo

LABek afiliazio sistema berritu du, sektore prekarioetara gehiago zabaltzeko

Izaskun Garcia antolakuntza idazkariak eta Igor Arroyo idazkari nagusiak azken bost urteetako datuak alderatu dituzte eta 2021eko LABen afiliatu kopuruaren berri eman dute. Estatuaren batez bestekoaren gainetik kokatu dute sindikatuaren hazkuntza eta afiliazio kuota eredu berri bat aurkeztu dute.

Izaskun Garcia Bordagarai eta Igor Arroyo LABeko egoitzan.
Izaskun Garcia Bordagarai eta Igor Arroyo LABeko egoitzan. (Oskar MATXIN | FOKU)

LAB sindikatuak azken urteetako datuen eboluzioaren balorazio ona egin du asteazken honetan eskainitako prentsaurrekoan. Duela bost urtetatik honako afiliazio datuen gorakada azaldu du: 5.095 afiliatu eta 433 ordezkari gehiago ditu orain.

Izaskun Garcia antolakuntza idazkariak sindikatua Estatuko batez bestekoaren gainetik kokatzen dela nabarmendu du, %12,4ko afiliazio hazkundearekin. EAEko datu ofizialak oraindik ez izan arren, Hego Euskal Herriko herrialde guztietan gora egin dutela azaldu du Garciak. Hirugarren sindikatu handiena dela adierazi du, bigarrenetik puntu batera, eta hurrengo urteari begira «erronka polita» bezala ikusi du.

Honen arrazoia LABek aurrera eramandako sindikalismo eredu berriari egotzi diote. Igor Arroyo idazkari nagusiaren ondokoak «eredu sindikal jakin bat» krisian dagoela azaldu du, «elkarrizketa sozialera mugatzen dena eta boterearen aurka jartzen ez dena» hain zuzen. LAB, aldiz, berritu eta gaur egungo egoerara moldatu dela ziurtatu du Arroyok: «Etxeko langileekin eta autonomo faltsuekin ari gara lanean, ezinbestekoa dena prekarizazio garai hauetan».

Halaber, LABek hemendik aurrera eskainiko duen kuota sistema berria aurkeztu du. Arroyok «marxismoa eta premisa sozialaren ideiak» jarraitzen dituela azaldu du, «bakoitzak ahal duena jarri eta behar duena jaso dezan». Hortaz, bost kuota mota ezberdin egongo dira, afiliatu bakoitzaren diru sarreren arabera aldatuko direnak, 5 eurotik 21 eurora.

LAB Hego Euskal Herrian gehien hazi den sindikatua dela azaldu dute. Dituen afiliatu berrietatik %56 emakumeak direla nabarmendu dute. Arroyoren ustez «sektore feminizatuen gorakadaren erakusgarria» da hori. Azken bost urteetan Nafarroan afiliatu kopurua %1,57 igo da eta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, %0,89.

Dena den, 2020tik 2021era EAEn afiliatu kopurua zerbait jaitsi da, %0,5 inguru. Hala ere, Arroyoren ustez datu horrek ez dauka garrantzirik: «Azken urteetan izan diren gorabeherak ez dira esanguratsuak, alde batetik hauteskunde sindikalen garai trinkoaren atarian gaudelako eta bestetik pandemiaren ondorioz hauteskunde prozesu asko atzeratu egin direlako».