NAIZ

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek Peñaren agerraldia eten dute Batzar Nagusietan

ELA eta LAB sindikatuetako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietara sartu dira eta Maite Peñaren, ​​Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuaren, agerraldia eten dute. Beharginek Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan baldintzen negoziazio kolektiboa eta elkarrizketa aktibatzea exijitu dute.

LAB eta ELA sindikatuetako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietara sartu dira zahar etxeetako beharginen lan baldintzak salatzeko.
LAB eta ELA sindikatuetako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietara sartu dira zahar etxeetako beharginen lan baldintzak salatzeko. (@LABsindikatua)

‘Maite Peña, bilera noizko?’ oihukatuz sartu dira ostegun honetan ELA eta LAB sindikatuetako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietara Maite Peñaren, Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuaren, agerraldia etenez. Sindikatuetako ordezkariak Gipuzkoako zahar etxeetako langileen aldarrikapenak mahaigaineratzeko, negoziazio kolektiboa aktibatzeko eta Diputazio, patronal eta sindikatuen arteko elkarrizketei ekiteko helburuz aurkeztu dira Peñaren Agerraldian.

LABek azaldu duenez, Peñak bilera eskaerei ezikusiarena egin dielako sartu dira Batzar Nagusietara: «​​Erresidentzietako egoera benetan larria da eta gehiegi luzatu den gatazka honi irtenbide bat aurkitzeko hamaika bilera eskaera formal egin ditugu dagoeneko eta ez dugu inolako erantzunik jaso Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik». Gainera, LABek patronalaren jarrerari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren «borondate faltari» egotzi die negoziaketak blokeatuta egotearen erantzukizuna.

Ildo beretik, ELAk gehitu du Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lau urtez greban egon ondoren egoera «jasanezina» dela, eta zentro horietako «askotan» ez direla «laguntzaileak, erizainak eta medikuak ordezkatzen». «Baldintzak hain dira gogorrak, inork ez duela egoitzetan lan egin nahi», salatu du sindikatuak. Gainera, ELAk azpimarratu du egoitzetako beharginak «fisiko eta emozionalki leher eginda» daudela eta Diputazioak ez duela beraien egoera hobetzeko «deus egiten».

Hori horrela, bi sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte datozen egunetarako. Ostiral honetarako, adibidez, ELAk zahar etxeetako beharginei nork bere lantokiaren aurrean protesta egiteko eskatu die. Horretaz gain, bai ELAk eta bai LABek greba egunak deitu dute datorren otsailaren 16rako eta martxoaren 24rako. Hori bai, lanuzteak egun beretarako deitu badituzte ere, sindikatu bakoitzak bere aldetik mobilizatzea aurreikusten du.