Manex Altuna

Giroa berotzeko kalejira eta Erikari omenaldia San Mamesen, Kopako finalerdiaren aurretik

Iñigo Cabacas Herri Harmailak kalejira antolatu du arratsaldeko 19.30etan eta Athletic eta Valentziaren arteko partida hasi aurretik Erikari omenaldia egingo zaio San Mamesen. Ziurrenik jokalarien autobusari ere ongi etorri beroa eskainiko diote zaleek futbol zelaira iristen direnean.

Erikak 17 denboraldi dararamatza Athleticen jokatzen.
Erikak 17 denboraldi dararamatza Athleticen jokatzen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Athleticek Kopako finalerdietako joaneko partida jokatuko du gaur gaueko 21.30etatik aurrera San Mamesen Valentziaren aurka. Ohikoa izaten den bezala, giro berezia egongo da Bilboko kaleetan norgehiagokaren hasiera gerturatu heinean. Bartzelonaren aurkako kanporaketan egin zen moduan, Iñigo Cabacas Herri Harmailak kalejira antolatu du. 19.30etan jarri dute hitzordua Kirrulin eta bengalarik ez pizteko deia egin dute, Ertzaintzak isunak jartzen baitizkie antolatzaileei zein bengala daraman pertsonari.

Real Madrilen kontrako partidan Ertzaintzak debekatu egin zuen Iñigo Cabacas Herri Harmailak Athleticen autobusari egin nahi zion ongi etorria. Hala ere, jende andana hurbildu zen animoak ematera. Ziurrenik ere iluntzean berdina gertatuko da. Kalejirak berriz, Bilbo erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu eta San Mames inguruan amaituko da.

 

Erika 17 denboraldi, 414 partida

Athleticek jakinarazi duenez, partidaren hastapenean omenaldia egingo zaio Erika Vazquezi. Emakumezkoen taldeko futbolaria partida gehien jokatu dituen zuri-gorria da. Atletico Madrilen kontrako garaipenean hasieratik jokatu zuen eta 414 partida daramatza Athleticekin. Eli Ibarra gainditu zuen ranking-ean. Igandean Bartzelonaren kontra Lezaman jokatuko den partidan ere omenaldia egingo zaio.

Aurrelari nafarrak 39 urte beteko ditu datorren otsailaren 16an eta 17 denboraldi egin ditu Athleticen jokatzen. Lagunak taldetik iritsi zen 2004/05 denboraldian. Aldi berean, Erika emakumezkoen taldeko golegile nagusia da. 263 gol egin ditu. Sekulako zenbakiak dira. Athleticen historian Zarrak bakarrik egin ditu gol gehiago, 335 sartu zituen 354 partidatan.

Konparaketa bat egitearren azken bi hamarkadetan Athleticen aritu diren jokalarien artean Aritz Aduriz da gol gehien egin dituena. 172 egin zituen aurrelari donostiarrak 407 partidetan. Urzaizek esaterako 129 lortu zituen 419 norgehiagokatan eta Llorentek 118 egin zituen 333 partidetan. Bestalde, Julen Guerrerok 116 gol sartu zituen 430 norgehiagokan eta Etxeberriak 104, 514 partidetan.

Erika hasierako hamaikakoan izan zen Atleticoren kontrako garaipenean. (Monika DEL VALLE / FOKU)