NAIZ
Donostia

Donostiako La Sirena aterpetxea egunero irekitzea eskatzeko 60 lagunek kalean pasa dute gaua

Donostiako Hiritarron Harrera sareko 60 kidek Bulebarreko kioskoan pasa dute gaua Udalari hotzaren aterpe gisa egokituta duen La Sirena neguko gau guztietan ireki dezala aldarrikatzeko.

La Sirena aterpetxea irekitzeko eskatuz, 60 lagunek kalean egin dute lo.
La Sirena aterpetxea irekitzeko eskatuz, 60 lagunek kalean egin dute lo. (Donostiako Hiritarron Harrera Sarea)

«La Sirena aterpetxea neguko gau guztietan irekia egon dadin exijitzen dugu, egin dezakeen eguraldia albo batera utzita», adierazi du Donostiako Bulebarreko kioskoan lo egin duen taldeak. Gipuzkoako Hiritarron Harrera sareko 60 kide elkartu dira «erabaki anker eta eskubide urratzaile hau salatzeko».

Hotzaren aterpe gisa egokituta dagoen La Sirena aterpetxea neguko gau guztietan irekitzea eskatzen diote Eneko Goiaren Udalari eta ez soilik tenperatura gradu konkretu batetik jaisten den horietan. «Negu sasoian etxerik ez duten pertsonak kale gorrian uztea bereziki ankerra dela salatu nahi dugu. Pertsona hauen zaurgarritasunari, hein handi batean elikadura duin baten aukerarik gabe, indar berritzaile izango den loaldi baten ezintasuna gehitzen zaio», nabarmendu dute.

Zentzu horretan aterpea itxita egotea «onargaitza» dela iritzi dute, «egoera ekiditeko baliabideak» daudela azpimarratuz. «Argi dago, erabaki hau berogailu bikaineko bulego batean hartua izan da. Badirdui ekidin nahi den bakarra norbait halako baldintzetan hiltzea dela, beste guztiak axola ez balu bezala», adierazi dute. Zentzu horretan, gogora ekarri dute «tamalez» ez litzatekeela lehena izanen.

La Sirenak 44 plaza ditu, «beharren arabera» handitu daitezkeenak. Hala ere, Hiritarron Harrera sareak NAIZi jakinarazi dionez, haien kalkuluen arabera, Donostian 150 pertsona baino gehiagok pasatzen dituzte gauak kalean eta «horietariko asko gazteak dira».

Caritasek «konpromisoa» eskatu die erakundeei

Bestetik, Caritas Gipuzkoak etxerik gabeko pertsonen errealitatea okerrera doala adierazi du eta administrazio publikoetatik bideratzen diren laguntzak eta zerbitzuak «ez direla nahikoa gizarte bazterketako egoera larrian dauden pertsonei gutxieneko laguntza emateko».

EAEn gizarte bazterketako arrisku larrian dauden ia 2.800 pertsonentzako arreta pertsonaleko zerbitzuetara sarbidea ahalbidetzen duten eguneko zentroak izatea, baita janaria eskuratzeko aukera ematea ere «beharrezkotzat» jo dute.

Kalean gaua pasatzea ekiditeko, halaber, aterpetxe hauek urte guztian zehar irekita egotea eskatu dute. «Beharrezko tresna juridiko eta sozialak ditugu gizarte errealitate gogor honi, gogorrenari, aurre egiteko, baina honek euskal administrazioen, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalen arteko aliantza estuagoa sortzea, eta Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia betetzeko konpromiso irmoa izatea eskatzen du», gehitu du.

Era berean, «inbertsio sozial handiagoa» aldarrikatu du Caritasek «behar material oinarrizkoenak betetzeko eta gizarteratzeko ibilbide sozialak ezartzeko».