NAIZ

Gernika ez da Kopako serie-buru izango Cadi La Seuren kantxan galdu ostean (63-58)

Bizkaitarrek beherakada txikia baina erabakigarria izan dute bigarren eta hirugarren laurdenetan eta, nahiz eta azken momenturarte Higgsen bidez saiatu diren, porrotarekin itzuliko dira Gernika-Lumora.

Saiatu dira Gernikako jokalariak Cadi La Seuren aurka, baina ezin izan dute garaipena eskuratu.
Saiatu dira Gernikako jokalariak Cadi La Seuren aurka, baina ezin izan dute garaipena eskuratu. (Agusti PENYA)

Bere garaian covid-19a zela-eta atzeratutako partida jokatu dute Cadi La Seuk eta Lointek Gernika Bizkaiak larunbat honetan Herrialde Katalanetan, Palau D'Esports kirol eraikinean hain zuzen ere. Sari polita zegoen jokoan. Izan ere, irabazten zuenak Endesa Ligako aurreneko itzulia laugarren postuan amaituko zuen eta Kopako final-laurdenetan Perfumerias Avenida, Girona eta Valentzia Basket saihestuko zituen. Bada sariduna Cadi La Seu izan da, Lointek Gernikari 63-58 irabazi ostean. Hori bai, bi taldeek martxoan Valentzian ospatuko den Koparako txartela dute.

Gaurkoan talde katalaneko Laura Penya eta Irati Etxarri bikotea sufirtu behar izan dute bizkaitarrek. 17 puntu eta 26 puntu eta 10 errebote lortu dituzte hurrenez hurren.

Gainera, Gernika larriki lesionaturiko Itziar Ariztimuño gabe aritu behar izan du gaurkoan –eta denboraldia amaitu arte–. Lehenengo ezbehar hau izan arren, bizkaitarrek ondo hasi dute partida eta, puntu bakar batengatik izan bada ere, lehenengo laurdena beraiena izan da (18-19).

Orduan etorri da gernikarren beherakada txikia, baina ondoren ikusiko zenez, erabakigarria. Etxeko taldea sendo jarri da eta 16-13ko partziala lortu du bigarren laurdenean, atsedenaldira 34-32 aurretik joateko.

Emaitza ez zen batere erabakigarria oraindik eta aldageletatik bueltan, bizkaitarrek ez diete aurkariei ihes egiten utzi. Angie Bjorklunden hirukoak esperantza eman die Mario Lopezen jokalariei hiru puntura jarri baitira markagailuan (40-37). Hala ere, etxekoek beste martxa bat ipini eta zazpi puntuko aldearekin amaitu dute hirugarren laurdena (46-39).

Azken hamar minutuetan, berari gustatzen zaion moduan, Lashann Higgs agertu da. Jarraian saskiratutako bi hirukok markagailua estu-estu ipini dute (48-46). Aurkarien artean, gainera, Laura Penyaren garrantzia jaitsi egin da, baina ez Irati Etxarrirena. Gernikarrek ezin izan dute geldiarazi, eta, nahiz eta bere espezialitatea ez izan, hiruko bat ere sartu du euskaldunak. Kanpokoak saiatu dira azken minutuetan, baina ezin izan dute saria borobildu.