NAIZ

Urrezko Ostruka, parking baten eraikuntza agindu duen auzapezari Bizik emandako saria

Urrezko Ostruka izeneko saria banatzeko ekitaldia antolatu du gaur goizean Bizi mugimenduak Donibane Lohizunen. Foch irla eremuan lur azpiko aparkaleku handia eraikitzeko Jean-François Hirigoyen auzapezak bultzaturiko egitasmoa salatu dute ekintzaileek umorez beteriko ekimen horretan.

Alkatez mozorroturiko ekintzailea aparkaleku berriaren aurre inaugurazioan.
Alkatez mozorroturiko ekintzailea aparkaleku berriaren aurre inaugurazioan. (Guillaume FAUVEAU)

Donibane Lohizuneko erdigunean, Foch irla izeneko eremuan, parking berri bat eraikitzeko egitasmoak zeresan handia eman du.

Besteak beste Jean-François Hirigoyen auzapezak azaldu duelako aipaturiko proiektuak autoaren erabilpena murrizteko bidean lagungarria izanen delako. Alta, lur azpiko aparkaleku berriak 300etik gora auto sartzeko gaitasuna izanen du.

Bizi mugimenduak ingurugiroari begira erakundeek duten engaiamendua neurtzeko hainbat lan tresna baliatzen ditu. Besteak beste norabide egokiak nabarmentzeko eta, aldiz, trantsizio ekologikoaren aurka joaten diren erabakiak agerian jartzeko sari sorta berezia asmatu du.

Donibane Lohizuneko Herriko Etxeari egokitu zaio aurten Urrezko Ostruka. Lapurdi kostako herriko agintariek metamorfosi ekologikoari lagundu beharrean ez ikusiarena egiten dutela Foch aparkaleku bezalako egitasmoak bultzatzen azaldu zuen Bizik saria iragarri zuenean.

Orduan ere ekimen ikusgarria antolatu zuen Bizik. Hala, elkarteko 25 militantek burua hondarrean sartu zuten Donibane Lohizuneko Hondartza Handian Herriko Etxea gobernatzen duen eskuineko gehiengoa osatzen duten 25 hautetsiek «duela gutti 1.400 zientzialari baino gehiagok berriz ere gogora ekarri duten larrialdi ekologikoaren aitzinean duten jarrera imitatzeko». 

Lurraldearen metamorfosi ekologikoaren arloan «merezimendu» gehien izan duten herriak ohorean jarri zituen Métam’Or Trophées banatzeko parodia ekitaldian.

Urrezko Karpa saria Biarritzeko Herriko Etxeari egokitu zitzaion, erronka klimatikoaren aurrean «isiltasuna» atxikitzen duelako.

Donibane Lohizunek irabazi zuen Urrezko Ostruka saria «hiribarneko Foch aparkaleku proiektuarekin, mugikortasun alternatiboen alde egiten duen ekarpen aktiboarentzat», azaldu zuten, ironiaz, Biziko ikuskatzaileek.

«Urdazuri ibaiak uholdeekin gainezka egiteko arriskuak, itsas urek gainditzeko arriskuak eta lurpeko urak igotzeko arriskuak» alde batera utzita ingurumenarekiko jokabidea ukatzailea hartu duela auzapez lohuzundarrak agerian jarri izan nahi du Bizi elkarteak ekimen umoretsu horrekin.

Modernitate edo anakronismoaren sinboloa

Donibane Lohizuneko hautetsi bakar bat ere ez zenez saria eskuratzera bertaratu, gaur Bizi! elkarteak ekitaldi berri bat antolatu du kostako herrian.

«Jean-François Irigoyen jaunaren ausardia eta modernitatea saritzeko aukera izan dugu, eta erdigunean ehunka aparkaleku gehigarri emanen dituen proiektu hori ohoratzeko, ekitaldian Georges Pompidou presidentearen garaiko modernitate keinuak irudiztatu ditugu», azaldu du elkarteak.  

Alkatearen aurpegia irudikatzen zuen maskara jantzirik zuen pertsona izan da protagonista nagusia.

Aparkaleku berriaren aurre inauguratzio ekitaldia irudikatuz, xingola hirukoloredun guraiziekin moztu du ekintzaileak aparkaleku berriaren maketa bere aurrean zuela. Bestalde, «alkatea» saria eskutan zuela kontent agurtu du jendea Louis XIV plazan dagoen kioskotik. Horrekin gutxi balitz, argazki-posatua egin du baita ere metro gutxitara dagoen Herriko Etxearen sarreran.