Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Telemedikuntzaren mugak: «Batzuetan begirada behar da»

EHUko eta Osakidetzako ikerlariek osasun arreta telefonikoari buruz lan bat argitaratu berri dute, gizarte talde desberdinekin ikerketa kualitatiboa egin ostean. Telemedikuntzak baditu bere abantailak, baina baita desberdintasunen areagotzearekin eta arretaren kalitatearekin lotutako arriskuak.

EHUko eta Osakidetzako ikerlariek osasun arreta telefonikoari buruz lan bat argitaratu berri dute.
EHUko eta Osakidetzako ikerlariek osasun arreta telefonikoari buruz lan bat argitaratu berri dute. (GARA)

Pandemiaren eztanda bortitzak, 2020ko martxoan, Lehen Arretako kontsulta presentzialak izoztu, eta kontsulta telefonikoak gure egunerokotasunean txertatu zituen. Gizarteak, oro har, ulertu zuen larrialdi egoera berezi batean salbuespenezko neurriak hartzea, baina behin-behineko erabakiak betikotzeko aukeraren aurrean, kezkak agertzen dira. Arretaren kalitatea galtzea, gertutasun falta, desberdintasunak handitzea eta pribatizazioari ateak irekitzea dira ardura sortzen duten elementu batzuk.

Horrela ondorioztatu du behintzat EHUko, Osakidetzako eta EAEko Osasun Saileko hainbat ikerlarik egindako lan kualitatiboak. “Atención Primaria” aldizkari zientifikoan argitaratu berri dute ikerketa, 2020ko bi momentu desberdinetan egina: Lehenik Nafarroan, maiatza eta ekaina artean, eta gero EAEn, azaroan eta abenduan. Denbora tarte horrek eskaini die dagoeneko aipatu den ondorioetako bat: behin-behineko neurri bezala, gizarteak onartu zuen arreta telefonikoa pandemiaren lehenengo une zailenetan, baina egoera lasaitu ahala, aldaketa horiek behin betiko bihurtzearen aukeraren aurrean, zalantza gehiago sortzen dira.

Kezka larrienak, neurri batean, desberdintasunen areagotzearekin lotuta daude. Ikertutako gizatalde guztietan azaleratu zen auzi hau, nahiz eta talde zaurgarrietan presentzia handiagoa izan. «Adineko pertsonek eta migranteek osasun sistemara iristeko zailtasun handiagoak izan dituztela sumatzen dute», irakur daiteke ikerlanean. Beste muturrean, ordea, egoera sozioekonomiko hobea dutenen artean, eta gazteen artean, arreta telefonikoak osasun sistemaren sarbidea hobetu eta itxaron denborak murriztu dituela sentitzen dute.

Tentsio hori nabarmentzen da ikerketaren ondorioetan: osasun arreta telefonikoa eta teknologia berrien aplikazioa pandemia iritsi aurretik osasun arduradunen mahai gainean zegoen jada, eta abantaila ugari eskaintzen dizkio gizartearen zati handi bati. Alde onekin batera, ordea, arrisku ugari ere azaleratu dira; talde zaurgarriekin zerikusia dutenak, batik bat.

«Nire amaren kasuan, adibidez, ni naiz hitzorduak online hartzen dizkiona; ni ez banengo, nire ama galduta ibiliko litzateke»

 

Abantailak eta arriskuak, biak ala biak, agertzen dira ikerketan parte hartu duen jendearen hitzetan. «Ni, adibidez, nire familia bezalako jendeari zer gertatuko zaion kezkatzen nau, hizkuntza menderatzen ez duen jendeari», azaldu zuen ikerketan emakume migrante batek. «Nire amaren kasuan, adibidez, ni naiz hitzorduak online hartzen dizkiona; ni ez banengo, nire ama galduta ibiliko litzateke», aipatzen du beste batek. «Abantailak baditu, adibidez, osasun etxean itxoiten ematen dituzun hiru ordu laurden horiek etxean eman ahal dituzu lasai-lasai», hirugarren batek.

Atal honetan, partaideetako batzuek ere pribatizazioaren arriskua aipatzen dute; alegia, erabiltzaile batzuek, zailtasunen aurrean, osasun pribatura jotzeko aukera. Gizarte desberdintasunak areagotzen dituen beste prozesu bat litzateke hori, ikerlarien ustez.

Arretaren kalitatea kolokan

Bigarren kezka nagusi bat arretaren kalitatea da, nahiko transbertsala kasu honetan. «Gehiengoaren diskurtsoak kalitate gutxiagoko arreta sumatzen du kontsulta ez presentzialekin, gertutasunaren galeragatik, kontaktu bisualik ezagatik, eta ezin delako esplorazio fisikorik egin», dio ikerlanak. 

Kronikoen kasuan, albo-kalteak larriagoak dira. Gaixo kronikoek, kontrolak egin zitzaizkiela azaltzen dute oro har, baina, tratamendu ez farmakologikoen eta errehabilitazioen etena dela-eta, bizi kalitatean inpaktu negatiboa sumatu dute denek. Eten horrek errehabilitazio eta terapia lan horiek familia eremura mugitu ditu; zaintzaileen bizi kalitatea okertu du, gainera.

Azkenik, ikerlariek arreta telefonikoa behin betiko ezartzeko aukera jarri zieten mahai gainean partaideei. Abantailak ezagututa ere, orokorrean, sistemaren ahuleziak kontuan hartu behar direla azpimarratu zuen gehiengoak.

Ikerketa kualitatibo bat izan da; hau da, ez da ahalik eta jende gehienaren iritzia jasotzea helburu duen inkesta batean oinarritu. Jende gutxi baina hautatua izan da, eta taldeetan (foku-taldeak) elkarrizketatu zituzten.

Zehazki, 62 pertsona izan ziren; 34, Nafarroan eta 28, EAEn. Zortzi taldetan banatu zituzten (lau, lurralde administratibo bakoitzean), ezaugarrien arabera. Batean ume adingabeak dituzten pertsonak eta Ikasleen Guraso Elkarteetako ordezkariak elkartu zituzten. Beste batean, 65 urte gorako pertsonak, zaintza behar batzuk dituztenak. Hirugarren batean etxetik kanpo funtsezko lanak egin eta etxean zaintza lanak beren gain hartzen dituzten emakumeak. Eta laugarren batean, 19 eta 25 urte arteko gazteak.

Alderantzizko zaintzen legea arrisku

Esan bezala, telemedikuntzaren aukerak eta arriskuak aspaldi daude mahai gainean. Orain arte, ordea, profesionalen iritzi eta bizipenak, edo esparru ospitalarioa, izan dira foku nagusia. Pandemiak lehen aldiz jarri du gizarte osoa arreta telefonikoaren esperientziaren aurrean, ikerketa esparru berri bat irekiz. Zein da jendearen iritzia? Gaixoen bizipena? Zer sentitu dute aukera bezala, eta zer zailtasun bezala? Hau da ikerlariek lehen aldiz aztertu ahal izan dutena.

Eta, ondorio gisa, hainbat gomendio aletzen dituzte Marta Jimenez, Unai Martin, Elena Aldasoro, Maite Morteruel eta Mikel Baza egileek. «Lehen Arretan telekontsulta ezartzeak desberdintasunak ez handitzeko, eta arretaren kalitateari ez eragiteko, ekitatean oinarritutako neurri zehatzak» behar direla uste dute.

Arriskua, bestela, desberdintasunen arrakala handiagotzea da, eta horrekin batera, alderantzizko zaintzen legea ezartzea. Alegia, arreta handiena behar duten pertsona zaurgarriak izatea, prozesu honen ondorioz, osasun sistemara iristeko zailtasun handienak topatzen dituztenak.

Uste dute egokiagoa dela telekontsulta bere efektibitatea erakutsi duen esparruetan ezartzea

 

Ez dituzte abantailak ukatzen «egoera eta pertsona jakin batzuen kasuan», baina egileen ustez, «ez litzateke modu indiskriminatuan ezarri beharko edozein osasun prozesutan». Horren ordez, uste dute egokiagoa dela telekontsulta bere efektibitatea erakutsi duen esparruetan ezartzea. Horretarako, gainera, ezinbestekotzat jotzen dute osasun langileen trebakuntza, gizartearen alfabetizazioa, denbora nahikoa hartzea, protokolo garbiak, eta abar. Egun existitzen ez diren elementuak, neurri handi batean.

Edonola, artikuluaren amaieran, ohar garrantzitsua uzten dute egileek, lehentasunekin zerikusia duena. Ongi dago telemedikuntzaz eztabaidatzea, eta ezinbestekoa da kontsulta telefonikoek dituzten abantaila eta arriskuak ikertzea baina, osasun arloko ikerlari hauen ustez, «Lehen Arretak bere oinarrizko funtsei eusteko, beste auzi batzuei heltzea lehenetsi beharko litzateke». Irisgarritasun unibertsalak, osasun langile berdinek artatzea pertsona baten gaitz desberdinak (longitudinalidad), arretaren kalitatea, gizarte osasuna eta ekitatea, besteak beste, ez baitira arreta telefonikoren eskutik iritsiko. Osasun sistemak baditu, beraz, beste urgentzia batzuk, otsailaren 25erako Lehen Arretan eta 28rako Osakidetza osoan deitutako grebek gogorarazten dutenez.