Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Badator Real Madril-PSG kanporaketa, Txapeldunen Ligako final aurreratua

Garaikur gehien dituen kluba eta «petrodolarrekin» egindako eta lehen txapelketa bilatzen duen taldea aurrez aurrez arituko dira astearte honetan final-zortzirenetako joaneko partidan. Biharko beste kanporaketan Sporting eta Manchester City arituko dira.

Besteak beste, Mbappe, Messi eta erdian Neymar. PSGko hirukote beldurgarria osatzen dute.
Besteak beste, Mbappe, Messi eta erdian Neymar. PSGko hirukote beldurgarria osatzen dute. (Franck FIFE | AFP)

Bi hilabete iragan dira Txapeldunen Ligako multzo fasea amaitu eta final-zortzirenetako kanporaketak zozketatu zirenetik, baina hemen dira dagoeneko joaneko partidak. Eta a zer neurketak! Izan ere, hasteko, Real Madril eta PSGren arteko norgehiagoka ikusteko aukera izango dugu (21.00etatik aurrera).

Txapeldunen Liga gehien dituen kluba (13) eta azken urteetan «petrodolarrekin» hainbeste fitxaketa egin ostean lehendabiziko garaikurra altxa nahi duen taldea arituko dira aurrez aurre, 21.00etatik aurrera, obretan dagoen Santiago Bernabeu futbol-zelaian.

Azken urteetan Pariseko taldea beti agertzen da kinieletan Europa mailan dagoen txapelketa handi hau irabazteko. Ez da gutxiagorako. Talde indartsua osatzen egon da azken denboraldietan Nasser Al-Khelaïfi jekea. Kylian Mbappe fitxatu zuen duela urte batzuk; ondoren Neymar etorri zen; Sergio Ramos Real Madrileko atzelari ohia ere iritsi zen Parisera; eta azkena iristen Leo Messi izar handia izan da. Hori dena, atzelari eta zelai erdiko jokalari indartsuekin osatuta.

Hala ere, txapelketak baieztatu duenez, diruak ez du garaipena ematen. Unai Emery hondarribiarra PSGko entrenatzailea zela, 2016-2017. denboraldian Barçaren kontra gertatutakoa oraindik buruan dute zaleek eta klubak. Katalanek 4-0ekoari buelta eman zioten itzuleko neurketan (6-1).

Hori bai, duela bi denboraldi, 2019-2020an, finalera iritsi zen talde frantziarra, baina bertan Bayern Munichen aurka 1-0 galdu zuen. Eta iaz, finalerdietaraino iritsi zen PSG, baina Pep Guardiolak gidatzen duen Manchester Cityk kanporatu zuen.

Beraz, aurten PSG Mbappe-Neymar-Messi hirukotearen menpe dagoela dirudi. Baina gauzak ez dira espero ziren bezala atera, orain arte behintzat. Frantziako Kopan kanporatuak geratu dira berriki, penaltietan Nizaren kontra galdu ostean. Ligan beste itxura bat ematen ari dira. Liderrak dira eta Olympique Marseillari 13 puntu ateratzen dizkiote.

Hori bai, asko hitz egiten ari da Mbapperen etorkizunaz. Askok Real Madrilen jokatuko duela ziurtatzen dute, baina ez dago ezer argi eta urduritasuna edota izarra izan nahiaren ondorioak jasan litzake. Bestalde, bere taldekide Neymar jokatzeko prest egongo dela dirudi. Brasildarra lesionatuta egon da azken bi hilabete eta erdian, eta ziur aski aulkitik hasiko du partida.

Bere ordez Angel Di Maria arituko dela dirudi, eta hauekin batera, nola ez, Leo Messi. Argentinarrak bere bertsio onena bilatzen dabil oraindik Parisen, baina beti izan daiteke arriskutsua. Kontrako aldean Sergio Ramos dago. Atzelariak ezin izango du bere talde ohiaren aurka jokatu, zerrendatik kanpo geratu baita lesio batetik oraindik ez baita guztiz osatu.

Real Madrilen, aldiz, Karim Benzema da dudarik handiena. Frantziarra taldeko onena ari da izaten denboraldi honetan, baina lesio batetik atera berria da. Dena den, Kroos, Modric, Marco Asensio edota Vinicius maila oso ona ematen ari dira eta baliteke hamaikakoan egotea.

Carlo Ancelottik B plana ere oso present izango du. Izan ere, 168 egun ondoren, Gareth Bale jokatzeko prest egon daiteke; Isco ‘bederatzi faltsu’ bezala aritu daiteke; edota Luka Jovic eta Mariano Diaz aurrelari gisa aritu daitezke.

Hamaikakoak:

PSG: Navas edo Donnarumma; Hakimi, Marquinhos, Kimpembe, Nuno Mendes; Danilo edo Gueye, Paredes, Verratti; Di Maria, Messi eta Mbappe.

Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Alaba, Mendy; Casemiro, Kroos, Modric; Marco Asensio, Vinicius eta Benzema.

Jack Grealish, Fulhamen aurkako Premier Leagueko partidan. (Paul ELLIS/AFP)

Sporting-Manchester City

Pep Guardiolari PSGri gertatzen zaion gauza bera gertatzen zaio. Bere klubak urte dexente daramatza milioilak gastatzen fitxaketetan. Egia da Premier Leaguen sekulako nagusitasuna erakutsi izan duela azken urteetan –aurten, esaterako, liderra da eta 9 puntu ateratzen dizkio partida bat gutxiago duen Liverpooli–, baina oraindik ez du Txapeldunen Liga irabazi. Iaz finalera iritsi ziren, baina Chelseak irabazi zien (0-1).

Udaran Jack Grealish gaztea fitxatu zuen Cityk 117 milioi euroren truke. Etam kasualitatez, jokalaria zenbait iskanbilatan egoin da sartuta azken hilabeteetan.

Hasteko, duela bi hilabete pasatxo, Guardiolak Grealish eta Phil Foden zigortu behar izan zituen «errekuperazio sesio batera egoera desegoki batean agertzeagatik» eta hurrengo partidan aulkira bidali zituen biak.

Hori gutxi balitz, aurreko astean bete polemika batean murgilduta egon zen jokalaria. Izan ere, dirudienez, Kyle Walker eta Riyad Mahrezekin batera, taberna batean mozkorra zegoela sartu nahi izan zuen eta ez zioten utzi. Guardiolak berak egoera leundu nahi izan zuen ondoren eta, ironikoki, esan zuen zigortu egingo zituela, baina ez ziotelako afarira gonbidatu.

Asteartean ezin izango dute jokatu Kyle Walker, Gabriel Jesus eta Jack Grealish bera. Egoera hauek izan arren, ez dirudi entrenatzaile katalanak lan handia izango duenik bere jokalariak final-zortzirenetara ahalik eta hoberen iristeko. Ingalaterran 12 partida jarraian irabazi dituzte eta defentsiboki talde onena da. Bi gol besterik ez ditu jaso azken bost neurketetan.

Gainera, hasiera batean, aurrean izango duen Sporting (21.00etatik aurrera) ez dirudi hainbesteko maila duenik. Portugaldarrak Ligan bizitako egoera desatsegin batzuen ostean neurtuko dituzte indarrak Cityrekin. Izan ere, berdinketa lortu zuten Portoren aurka oso irudi txarra utzi zuen amaiera batean: jokalari, entrenatzaile eta zuzendarien artean liskarrak egon ziren eta bost txartel gorri atera behar izan zituen epaileak.

Sei puntura dituzte liderra den Porto, baina orain Txpeldunen Ligan zentratu behar dira. Oso multzo fase ona egin zuten portugaldarrek, Borussia Dortmund eta Besiktasen aurretik amaitu baitzuten.

Ruben Amorim entrenatzaleak jokalari guztiak ditu prest neurketarako, Pedro Gonçalves 'Pote' berreskuratu baitu. Hori bai, begi guztiak ezker hegalera joango dira, bertan arituko baita Cityk utzitako Pedro Porro, nahiz eta datorren urtean Lisboan jokatzen jarraituko duen adostuta dagoen jada.

Hamaikakoak:

Manchester City: Ederson; Zinchenko, Dias, Laporte, Cancelo; Gündogan, Rodri, De Bruyne; Sterling, Foden eta Mahrez.

Sporting: Antonio Adan; Sebastian Coates, Gonçalo Inacio, Feddal; Pedro Porro, Matheus Nunes, João Palhinha, Matheus Reis; Sarabia, Paulinho eta Pedro Gonçalves.