NAIZ

Martxoaren 3ko grebara batzeko deia egin dute EHNE, UAGN eta UCAN sindikatuek

Martxoaren 3an lehen sektorean deitutako grebara batzeko deia egin dute EHNE, UAGN eta UCAN sindikatuek. Ohartarazi dute ustiategietako «errentagarritasun faltak» gizartearentzat «ezinbestekoa den jarduera uztera» eta, finean, «desagertzera» bultzatzen dituela. 

EHNE, UAGN eta UCAN sindikatuek gaur emandako prentsaurrekoa.
EHNE, UAGN eta UCAN sindikatuek gaur emandako prentsaurrekoa. (EHNE)

EHNE, UAGN eta UCAN sindikatuek grebara deitu dituzte Euskal Herriko nekazari, abeltzain eta lehen sektoreko langile guztiak datorren martxoaren 3an. Egun horretan manifestazioa antolatu dute Iruñean.

«Gure lanbidearekiko errespetua eskatzeko bildu gara. Gizartea kalitatezko produktuekin, produktu askotarikoekin eta elikagaien segurtasun osoarekin elikatzeko gai izanik, eta ingurunea ahalik eta gehien errespetatzen saiatuz, zailtasun ugari ditugu, eta botere publikoa ez da gai izan horiei modu erabakigarrian heltzeko, eta beraz, ez diote konponbiderik eman», agertu dute sindikatuetako ordezkariek astelehen honetan emandako prentsaurrekoan.

Ohartarazi dute ustiategietako «errentagarritasun faltak» eta «elikatze katearen legea ez betetzeak» gizartearentzat «ezinbestekoa den jarduera uztera» eta, finean, «desagertzera» bultzatzen dituela.

Hori dela eta, kontsumitzaileei dei egin diete nekazaritza iraunkorraren aldeko apustua egitera.

Madrilgo manifestazioa

Gogora ekarri dute Estatu espainiarreko Nekazaritzako Erakunde Profesionalek manifestazio orokor bat egingo dutela datorren martxoaren 20an Madrilen, eta horrekin ere bat egingo dutela euskal sindikatuek.

«Landa inguruneko eragileok hiri eta landa eremuen arteko beharrezko bizikidetza eta errespetua eskatzen dugu, non, politikak herritar guztien beharretara egokituko diren. Legeak egiteko orduan, politikariek landa gunearekiko ikuspegi soziala ahaztu gabe eta begirunez jokatzeko eskatzen dugu, zoritxarrez orain ez bezala», aldarrikatu dute, nekazarien lanarekiko «gehiegizko legezko neurriak» kritikatzearekin batera.

Egungo nekazaritza politika arbuiatu dute, jarduera sozial eta ekonomikoa herri askotan desagerrarazten ari delako beraien aburuz. «Landa munduarekiko arrakala eten behar dugu, nekazari eta abeltzainak lagundu behar ditugu», galdegin dute.