NAIZ

Soldata onak direla eta, erizain ibiltariek AEBetako ospitaleak indartzen laguntzen dute

«Erizain ibiltarien» kontratuak hiru hilabetetik lau hilabetera bitartekoak izaten dira, eta denbora horretan pandemia aurretik urte oso batean jasotzen zuten ordaina baino gehiago irabaz dezakete.

Erizain ibiltariek langileen hutsunea betetzen laguntzen dute soldata onen truke.
Erizain ibiltariek langileen hutsunea betetzen laguntzen dute soldata onen truke. (Karen Ducey | AFP)

Allyssa Findorff-en aburuz, erraza izan zen epe laburreko erizaintza kontratuekin errepidera ateratzea: Estatu Batuetan barrena ibili nahi izan zuen beti, eta eskainitako soldata erakargarriak pausua emateko konbentzitu zuen.

Pandemia hasi eta urtebetera, eta larrialdi gelatan nahikoa esperientzia zuela pentsatu ondoren, 32 urteko emakume honek jaioterria utzi zuen bikotekidearekin eta bi zakurrekin. Floridako eta Coloradoko ospitaleetan izan da lanean, eta Arizonako ospitalean dabil orain.

Herrialde horretako osasun sistema muga-mugan dago omikron aldaera dela eta, eta egoera txarraren eta nekearen ondorioz masan lanpostua uzten duten langileen hutsunea betetzen laguntzen dute «erizain ibiltariek».

«Bikotekideak eta biok erabaki genuen leku bakar batean soilik lau hilabetez geratzea, nahiz eta asko gustatu, mugitzen jarraitzeko», esan zion Findorffek AFPri. «Herrialdeko txoko guztiak» ezagutu nahi dituztela dio.

Erizaintza ibiltaria ez da gauza berria, baina sektoreak %35eko hazkundea izan zuen 2020an, eta %40ko hazkunde gehigarria aurreikusi zen 2021ean, Staffing Industry Analystsen zifren arabera.

Mike Press Judge enplegu agentziako beharginak AFPri esan zion soldatak astean 8.000 dolarrera iritsi daitezkeela.

Lanak iragartzen dituzten Facebookeko taldeetako zerrenda gehienetan astean 3.000-5.000 dolarreko soldatak eskaintzen dituzte, pandemia aurretik baino askoz gehiago: erizain ibiltariek urtean kontratatutako langileek baino %15 gehiago irabazten zuten covid-19aren aurretik.

Urtebete hiru hilabetetan

Kontratuak hiru hilabetetik lau hilabetera bitartekoak izaten dira, eta denbora horretan, pandemia aurretik urte oso batean jasotzen zuten ordaina baino gehiago irabaz dezakete erizainek.

Hala ere, ospitale batzuk lau astetik sei astera bitarteko kontratuekin probatzen ari dira, ospitaleratze kopurua gutxitzea aurreikusten baita.

Stacey Bosak-ek, Filadelfia inguruko 45 urteko lau seme-alabaren ama ezkongabeak, pandemia iritsi bezain laster «bidaiatzen» hasteko aukera aprobetxatu zuen.

Lehentasunezkoak ez diren kirurgiak bertan behera utzita, ospitaleek larrialdietan lan egiten ez zuten langileak kaleratu zituzten. Hori dela eta, Bosak-ek laguntza emateko hautua hartu zuen, arriskua gorabehera.

Erizain ibiltari gisa egin zuen lehen lana 2020ko udaberrian izan zen, New Yorken, hiria koronabirusaren munduko epizentro bihurtu zenean.

Bosak, Maryland-en denboraldi bat igaro ondoren, Filadelfiara itzuli zen iraupen laburreko kontratu batekin. Berarentzat, «infernu» bat izan da koronabirusaren olatu berria.

«Ospitalea ez da une honetan gaixorik dagoen pertsona batentzako lekua, benetan txarra da» esan du.

Gutizia korporatiboa

Ospitale sistemek langileak kontratatzeko agentziei pandemia ustiatzea leporatzen diete, eta 2021eko otsailean American Hospital Association industria taldeak ikerketa eskatu zion Merkataritza Batzorde Federalari.

«Hori ez litzateke onartu behar pandemia batean, eraikuntza enpresek urakan baten ondoren zuraren prezioa hirukoiztea debekatzen dugun bezala», esan zion berriki John Galleyk Pittsburgheko Unibertsitateko Zentro Medikoko giza baliabideen zuzendariak Becker's Hospital Review aldizkariari.

Baina Washington-eko Erizainen Elkarteko zuzendari exekutibo Edward Smith-en arabera, erizaintzako krisia pandemia baino askoz lehenago zegoen, gaixo bakoitzeko erizainen proportzio txikia zegoelako, ospitale horien diruzalekeriagatik, bere ustez.

«Ez dago erizainik erabilgarri», esan dio AFPri.

Ospitale taldeek gaixo bakoitzeko osasun langileen proportzio txikia saihestu nahi duen lege-proiektuen aurka egiten dute, eta 2019an 25 milioi dolar gastatu zituzten Massachusettsen aukera hori saihesteko.

Azkenik, erizain ibiltarien egungo ezusteko irabaziak ez daude tranpa batzuetatik salbuetsita: aldi baterako langileen enpresa gehienek ez dute erretiro planik eskaintzen, ez eta, ironikoki, mediku asegururik ere, esan du Bosak-ek.