NAIZ

Egungo «egoera kaotikoari» aurre egiteko Energia Berriztagarrien Plana eskatu du EH Bilduk

EAEn Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala beharrezkoa dela dio EH Bilduk gaur egungo «egoera kaotikoari» aurre egiteko. Arantxa Tapiaren agerraldia eskatu du Gasteizko Legebiltzarrean plan honen atzerapenaren zergatia azaldu dezan.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea artxiboko argazki batean.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea artxiboko argazki batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk agerraldi eskaera bat erroldatu du Gasteizko Legebiltzarrean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak zergatik oraindik ez den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu azal dezan. Mikel Otero legebiltzar subiranistaren esanetan, prozesua bizkortzea ezinbestekoa da energia berriztagarrien hedatzeak eragindako «desordenari» aurre egiteko. Gaur egungo egoera «kaotikoa» delako.

Oterok agerraldi batean gogora ekarri duenez, EH Bilduk akordio bat lortu zuen EAEko Gobernuarekin, 2019ko otsailean onartutako Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legean jasotzen dena. Lakuak bi urteko epean Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berria egiteko konpromisoa hartu zuen, baina hiru urte igaro dira legea onartu zenetik eta aipatutako plan sektoriala ez da errealitatea bilakatu.

Legebiltzarkideak dioenez, oraindik ere zenbait pauso eman behar direla dio sailak Oterok Tapiari egindako galerei erantzunez. Hala ere, EH Bilduk jakinarazi duenez, Lakuak lehiaketa bat jarri du martxan laguntza teknikoa lortzeko. Eta, dirudienez, astearte honetan kontratua enpresa bati esleitzea proposatu du kontratazioko mahaiak, bi urteko epearekin. Horrek esan nahi du plana ez legokeela prest legealdi honetan.

«Atzerapen onartezina da», azpimarratu du Oterok, Lakuaren jarrera gogor kritikatuz. Izan ere, haren iritziz, beharrezkoa da ondo antolatzea energia berriztagarrien hedadura. «Asko dago jokoan», adierazi du Araban martxan jarri nahi diren proiektu ezberdinak aipatu ondoren. Herrialde honetan parke eolikoak, fotoboltaikoak eta hidroelektrikoak aurreikusi dira.