Oihane Larretxea
DONOSTIA

‘Jainkoaren seme’, Cormac McCarthy idazlearen unibertsoa euskarara ailegatu da

Literaturan izen entzutetsuenen artean dagoen Cormac McCarthy euskaraz irakurtzeko aukera jarri du mahai gainean Igela argitaletxeak ‘Jainkoaren seme’ obrarekin. Iluna, bortxaz betea, infernuetara jeitsiera bat. Lester Ballard protagonistak ez du justifikaziorik. Lester Ballard edonor izan zitekeen.

Ezker eskuin, Juan Mari Mendizabal itzultzailea eta Joseba Agirrezabalaga margolaria.
Ezker eskuin, Juan Mari Mendizabal itzultzailea eta Joseba Agirrezabalaga margolaria. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Orain arte ez zegoen Cormac McCarthy (Rhode Island, 1933) egile estatubatuarraren obra euskaraz irakurtzeko aukerarik, baina Igela argitaletxeak leiho bat zabaldu digu bere unibertsora. Unibertso konplexua eta oparoa, oso oparoa. Literaturan dauden sari nagusienak irabazi ditu, besteak beste, Pulitzer saria ‘The road’ lanagatik eta National Book Award ‘All The Pretty Horses’ izenburuagatik. Nobel Sarirako izenen zakuan berea bueltaka ibili da maiz.

Gurean akaso ezagunagoa da azkenaldian bere liburu eta gidoietan oinarrituta egin diren pelikulengatik, ‘No country for old men’ eta ja aipatu berri dugun ‘The road’. Baina Igela argitaletxetik Lander Majuelo editoreak gogorarazi duenez, «bere belaunaldiko onenen artean hartzen du Harold Bloom kritikariak, besteak beste», dela Literatura Unibertsal gisa hartzen den horretan «kritikari entzutetsuenetakoa».

Obra hau bere nobela nagusien artean kokatzen da. 1970. hamarkadan zehar idatziak, hiru dira: ‘Suttree’, ‘Blood Meridian’ eta eskuartean dugun ‘Child of God’. «Hamarkada hori hartzen da McCarthyren hamarkada onena bezala», zehaztu du.

Asteazken honetan aurkeztu dute Donostian ‘Jainkoaren seme’ titulua, Juan Mari Mendizabalek itzulia eta Andu Lertxundik «tentuz» gibelsolastua, «idazlea estimatzen duenagatik». Azala janzteko, bestalde, margolari batengana jo dute, Joseba Agirrezabalagarengana. Berak sortu du irudi abstrakto bat, egin dituen hainbat iruditatik sortutako collage bat osatuz.

McCarthyk duen estiloagatik jende askok Faulknerren oinordeko nagusitzat du, aipatu du Majuelok, bereziki «hegoaldeko estilo ilun gotiko gogor hori lantzeko» izan duen joeragatik. «Bizirik dagoen egile estatubatuar onena dela diote askok… premia bazegoen euskaraz bere liburu bat irakurri ahal izateko», defendatu du.

Moralik gabekoa

Akaso gaur egungo garaiak direla eta, irakurleak bilatu nahi ditu goxo, eroso, ihes egiteko liburuak eta, zentzu horretan, horrekin bat egiten ez duen obra dela aurreratu du Majuelok. Honakoa liburu ilun-ilun bat da, gogorra, bortitza, gaiztakeria goxatzeko aukera ematen duena. «Biolentziaz betea dago eta gainera moralik ez du. Ez du pelikula amerikar gehienetan bezala bukaera on bat. Ezinezkoa delako».

Liburuak ez du moralik bere protagonistak, Lester Ballard-ek ere, moralik ez duelako. Baina ez nahastu, eta ez epaitu aldez aurretik, Majueloren hitzetan edonor izan daiteke-eta Lester Ballard. «Horregatik ere titulua, ‘Jainkoaren seme’».

Benetan gaiztoa da Ballard, eta ez dauka bueltarik ez erremediorik. «Protagonista ezin da inolaz ere salbatu, ikusiko duguna eleberri labur honetan da bere infernuetarako jeitsiera. Pausoz pauso, inolako geldiunerik gabe, ez dago ez esperantza ezta aterabiderik, aldiro okerrago doa… amaiera arte». Hala ere, eta editorearen aburuz, «hori da interesgarriena», nola dagoen kontatuta da berezi egiten duena, eta nola manerak atrapatuko duen irakurlea. «Narratzailea herriko ahots bat da kontatzen dizkiguna protagonistaren gertakariak. Eta amaieran konturatzen zara ez dela bera bakarrik gaiztoa, baizik eta ingurua bera, giro soziala dela erabat ustelduta dagoena».

McCarthyk marrazten du Ameriketako Estatu Batuetako egoera 60. hamarkadan, eta bistaratzen du nola eragiten duen bakoitzarenean eta jendarte itxi horretan depresio ekonomikoak, arrazismoak, armekiko dagoen onarpenak eta hauen erabilera erabat naturala… «Ez ditut justifikatzen protagonistak egiten dituenak, baina bai kokatzen direla koadro orokor batean» laguntzen dutenak puzzlea osatzen.

«Nahiz eta protagonista hain gaiztoa eta iluna izan bukatzen duzu maitatzen edo ulertzen –dio editoreak–. Animalia bat da, basakeri izugarriak egiten ditu, baina justuki, eta hor dago gakoa, edonor izan daiteke Ballard. Bada oso puntu zaila lortzen du idazleak, istorio bat albistegi batean harrapatzen, ulertzen, zaila edo ezinezkoa dena, bada justu literaturaren bidez ulertzen ahal dena. Nola errepugnantzia sortzen digun gauza batek aldi berean exijitzen digun atentzio bat ez dagoena lotuta ulermena edo onarpenarekin, baina bai gertatzen dena hobeto ikusteko beharrarekin».