NAIZ
Donostia

Jaizkibelek harlanduzko 25 harrobi izan zituen XVI. mendean, Aranzadiren lan baten arabera

Aranzadi Zientzia Elkartea, Hondarribiko Udalaren babesarekin, ‘Errotarri harrobiak Jaizkibel Mendian, Hondarribiko XVI. mendeko gizartea eta ofizioak’ proiektua garatzen ari da eta, egindako ikerketaren ondoren, Jaizkibel mendiak XVI. mendean harlanduzko 25 harrobi izan zituela egiaztatu dute.

Santa Barbara dorrea, Jaizkibelen.
Santa Barbara dorrea, Jaizkibelen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hondarribiko Udaletxeko areto nagusian eskainitako prentsaurrekoan eman dituzte ‘Errotarri harrobiak Jaizkibel Mendian, Hondarribiko XVI. mendeko gizartea eta ofizioak’ ikerketaren inguruko xehetasunak. Han izan dira Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu eta azterketa taldeko Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadiko herpetologia saileko kidea) eta Denis Alvarez Perez-Sostoa (EHUko doktorea eta irakaslea). Taldearen zuzendaria Javier Castro da eta laugarren kidea Joseba Alonso.

Sagarzazuk eskerrak eman dizkie «lan interesgarri hau egi bihurtu duten kideei». «Herriko pertsona jantziek –gaineratu du– bere denbora aportazio bikain hauek egiteko erabiltzea oso pozgarria da. Iaz udal talde guztiei azaldu ziguten proiektua, Jaizkibelen bertan egin genuen mendi irteera batean. Oso egokia zela ikusi genuen eta orduan hasitako lankidetzari eutsi nahi diogu orain ere. Apirilean aurrekontuaren kreditu aldaketa egitean lan honetan jarraitzeko bidea erakutsi digute eta interesa dugunez, aurrera egingo dugu».

Ikerlanaren aurkezpena, Hondarribiko udaletxean. (ARANZADI)

Iñaki Sanz-Azkuek azaldu duenez, «hasiera batean, errotarri harrobiak bilatzea xede zuen ikerketa abiatu genuen. Dokumentu zahar bat bagenuen, eta bertan ikusi zitekeen Jaizkibelen errotarri harrobiak bazirela, baina ez zehazki non. Ordutik aurrera hasi genuen lana, ez baikenekien konkretuki non eta zer zegoen».

Harlanduzko 25 harrobi

Bide horretan, arrastoak jarraitzeari ekin zioten ikertzaileek, eta 79 laginketa eremu izendatu dituzte, banan-banan ikertu, eta harlanduzko 25 harrobi aurkitu dituzte. Horietatik 7 interes handikoak direla uste dute.

Denis Alvarez Perez-Sostoak zehaztu duenez, «aipatutako 7 harrobi horietako batean gezterak egiten zirela jakin ahal izan dugu, hau da, aizkorak egiteko balio dezaketen zorrozteko harriak. XVI. mende hasieran Lope de Isasti izeneko Lezoko historialariak, kronika batean esaten zuen Jaizkibelgo gezterak Ameriketara eramaten zirela. Ziurtatuta baldin badugu errotarriak Sevilla eta Cadizera eramaten zituztela, eta ez badira bertan erabiltzeko, agian gure susmoa da Amerikar kontinenetara eramaten zirela Jaizkibeleko gezterak, bertan XVI. mendean gizarte berri bat sortzen ari zen eta».

Pertsona bat, Jaizkibel gainean lasterka. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Orain, Perez-Sostoaren esanetan hipotesi horri eutsi eta ea noraino iritsi ziren jakin nahi dute. Horretarako lanean jarraitu nahi dute. Udalari esker ona adierazi diote emandako babesarengatik.

Lan hau nola gizarteratu aztertzen ari direla esanez amaitu du Sagarzazuk: «Baliteke Arma Plaza Fundazioaren bidez egitea, baita bisita gidatu batekin ere, baina oraindik ez daukagu finkatua».