NAIZ

Kutsatze kopuruak beherantz jarraitzen du Nafarroan baina beste pertsona bat hil da

Koronabirusagatik kutsatutakoen kopuruak beheranzko joerarekin jarraitzen du Nafarroan. Azken 24 orduotan 335 positibo zenbatu dira baina beste pertsona baten heriotzaren berri ere eman du Gobernuak. Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lau hildako izan dira azken astean.

Iruñeko Gaztelu plaza otsailaren 10ean, maskara kalean derrigorrezkoa ez izatera igaro zen lehen egunean.
Iruñeko Gaztelu plaza otsailaren 10ean, maskara kalean derrigorrezkoa ez izatera igaro zen lehen egunean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Azken 24 ordutan 335 positibo atzeman dituzte Nafarroan, bertako Gobernuak jakinarazi duenez. Bezperan baino 79 gutxiago dira eta kutsatu kopuruaren beheranzko joera baieztatzen dute. 1.717 froga egin zituzten astelehenean eta horrek %19,5eko positibotasun tasa eman du.

Gobernuak koronabirusarekin zerikusia duen beste hildako baten berri ere eman du. Gainera, zazpi pertsona gehiago ospitaleratu dituzte, horietako bat Zaintza Berezien Unitatean.

Ospitaleetan egoerak antzera jarraitzen du. 140 lagun daude Nafarroako erietxeetan koronabirusarekin, haietako 19 ZIUn. Bezperan 141 eta 20 ziren, hurrenez hurren. Gaur egun ospitaleratutako txertorik gabeko pazienteen kopurua ZIUn ospitaleratutako paziente guztien %60 da. Eta Gobernuaren arabera, Nafarroan txertaketa hasi zenetik, kalkuluen arabera, 200.000 infekzio baino gehiago, 10.000 ospitaleratze, 1.100 ZIUn ospitaleratze eta 1.600 heriotza saihestu dira.

Otsailaren 7tik 13ra bitarteko astean 47 ospitaleratze izan dira (66 izan ziren aurreko astean), 4 ospitaleratze zainketa intentsiboetako unitatean (5 aurrekoan) eta 26 heriotza covid-19a dela-eta(25 aurrekoan).

Bestetik, Osasun Publikoaren txostenak dioenez, joan den astean aztertutako kasu guztietatik ia guztiak Ómicron aldaerakoak izan ziren, eta BA.02 aldaerakoak izan zitezkeen 9 ere aurkitu ziren. Bestalde, azken astean 313 berrinfekzio-kasu diagnostikatu dira, eta horietako bat ospitaleratu behar izan dute.

Gipuzkoako egoitzetan lau hildako

Nafarroako datuekin batera, Gipuzkoako egoitzetakoak ere zabaldu dira asteazken honetan. Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak esan duenez, azken astean erresidentzietako lau erabiltzaile hil dira koronabirusarekin. Pandemiaren seigarren olatuan 37 dira hildakoak.

Egun 265 kasu positibo daude herrialdeko egoitzetan, aurreko astean baino 134 gutxiago eta 26 zentrotan banatuta. Beste 336 erabiltzailek gaixotasuna gainditu dute.

Langileen artean, berriz, Mendozak azaldu du 135 positibo aktibo daudela une honetan, iragan astean baino 56 gutxiago, 39 egoitzetan banatuta.