Ander Zabalza

Otsailaren 24tik martxoaren 1era arte ospatuko dira Bilboko Aratusteak

Bi urtez festak ospatu gabe egon ondoren, Bilbon aratusteak berriz eramango dira aurrera. Ekintza gehienak berreskuratuko dira, nahiz eta batzuk covid-19ak eragindako egoerara moldatuak izan beharko diren.

Bilboko Aratusteen aurkezpena
Bilboko Aratusteen aurkezpena (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bi urtez bertan behera gelditu ondoren, inauteriak berriz ospatuko dira Bilbon. Otsailaren 24tik martxoaren 1era arte izango dira eta ekintza guztiak berreskuratzea ezinezkoa izango den arren, aratusteetako jarduera gehienak bueltan egongo dira.

Horrela azaldu du Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotziak eta Jaietako Batzorde Mistoko presidenteak, ostegunean eskainitako prentsaurrekoan: «Inauterietako motorrak martxan jarriko ditugu, jende guztiarentzat pentsatutako jarduera-programa oso batekin, pandemia amaitu ez dela jakinda».

Berrogeita hamar proposamen inguru prestatu dituztela azaldu du, «publiko guztiarentzat pentsatuta». Larunbat honetan hasiko da egitaraua: 20.00etan, Kafe Antzokian, koplen lehiaketa izango da eta gauean Sutan taldearen kontzertua egongo da. Halaber, igandean Plaza Barrian Torrada eta Pontxe lehiaketa eramango da aurrera.

Inauterien hasiera ofiziala, dena den, otsailaren 24an izango da, Zazpi Kaleetatik pasako den kalejirarekin. Ostiralean Farolin eta Zaranbolasen atxilotze eta epaiketa tradizionala izango da, udaletxean, 19.00etan, eta eguna Plaza Barriko karpan amaituko da aretoko dantzekin.

Larunbatean, otsailak 26, goizeko 12.00etan hasiko dira jarduerak. Goizean kalejira, swing tailerra, umeentzako tailerrak eta antzerkiak, Bilbao Lindy Band! taldearen kontzertua, merkatua eta eskoletako dantzak egongo dira, eta arratsaldean mozorro lehiaketa eramango da aurrera. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, izena emateaz gain arratsaldeko kalejirara joan beharra dago eta epaimahai baten aurrean minutu bateko dantza edo performancea aurkeztea.

Igandean Gaztedi Dantza Taldeak Zuberoako maskarada eskainiko du Plaza Barriko karpan. Hurrengo egunean, astelehen goizean, familientzako kontzertua emango du Biboko Udalaren Bandak, DJ Xaiborrekin, eta arratsaldean Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek ‘Bart, non ote nintzen ni’ ikuskizuna eskainiko dute. 20.00etan Campos Elíseos Antzokian Bataklan Kabaret antzeztuko da eta eguna amaitzeko kontzertua egongo da Plaza Barriko karpan.

Azkenik, martxoaren 1ean, Bilboko Udal Txistulari Bandak kontzertua eskainiko du goizean eta arratsaldean, 19.30etan kandelen banaketa egin ondoren, Arriaga Plazan Sardina erretzea eramango da aurrera, inauteriei amaiera emanez.

Pandemiako lehenengo aratusteak

Urtasunek bizilagunen parte-hartze eta lankidetza eskatu du, «guztiok ongi pasa dezagun, baina elkar zainduz». Hortaz, hainbat ekintzek aldaketak jasan dituzte, larunbateko kalejira bezala, ibilbide zabalago bat izango duena aglomerazioak saihestu ahala. Gainera, Gastro Gunea bezalako ekintzak ez egitea erabaki du udalak, Urtasunen iritziz ez dutelako «jarduera hori aurrera eramateko modua aurkitu bizi dugun egoeran».

Prentsaurrekoan ere aurtengo Farolin eta Zaranbolas egon dira. Gemma Martinez aktoreak, Zaranbolasen papera izango duena, «Oscar saria jasotzean baino urduriago» dagoela azaldu du. Farolinek, Ibon Koteron musikariak antzeztuko duena, hausnarketa batekin amaitu du hitzaldia: «Jendeak dio inauteriek trangresoreak izan behar dutela eta mozorrotzeko unea dela. Baina errealitatea bera desitxuratuta egon denean eta bi urtez guztiok maskaren atzean egon garenean, agian mozorroa kentzeko unea da».