EuskarAbenturak sorreratik argi zuen espedizioaren eraginkortasuna zehazteko ikerketa beharrezkoa zela bereziki baliabideak modu egokian erabiltzeko eta gaur egungo Euskal Herriko erronka soziolinguistikoei erantzuteko. Horregatik, EuskarAbenturak ekintza-ikerketa prozesu espirala (planifikatu, jardun, behartu eta hausnartu) baliatzen du.
Lehen hiru espedizioetan modu «informalagoan» egin bazen ere 2021eko espediziotik aurrera ikerketa lan hau hizkuntza arduradun baten gidaritzapean egiten ari dira antolakuntzako kideak. Ikerketa hizkuntza arduradunak diseinatu eta gidatzen badu ere, etengabeko elkarlanean dago Soziolinguistika Klusterra, Euskal Herriko Unibertsitatearekin edota Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin.
Azaldu dutenez, EuskarAbenturan talde urdin eta bereziki Xerpak erreferente eta bidelagunak dira eta jzioquitarrak protagonistak; «horregatik, ikerketa hau ez da izan EuskarAbenturaren errealitateari buruzko azterketa bat, partaideekin batera egindako bide bat baizik».
Jzioquitarrei protagonismoa eman nahi izan diete, «beraien perspektiba kontuan hartu eta beraien ahotsak hurbilagotik ezagutu, izan ere, apenas ikertu da hizkuntza-mudantzen fenomenoa aktoreen iritzi eta hausnarketetatik abiatuta».
EuskarAbenturako ikerketa taldeak «garrantzitsutzat» jotzen du ez bakarrik ikertzaile «jakintsu» moduan jokatzea, «baizik ikerketa subjektuen parean jarri eta eurekin eta eurengandik ikastera irekita egotea». Horretarako, gazteek hasieratik izan dute ikerketaren berri eta zenbait ikerketa tresnaren bidez beraien parte-hartze aktiboa eskatu zaie.
Ahots bidezko egunerokoak
Tresnetako bat ahots bidezko egunerokoa izan da eta gazteek askatasun osoz espedizioan zehar izan dituzten hizkuntza jokaera zein bizipenak partekatu dituzte.
Guztira 22 gaztek hartu zuten parte egunerokoetan (hamar gaztek lehen txandan eta 12 gaztek bigarren txandan). Gazte hauen profil soziolinguistikoari dagokionez, %95 gune erdaldunetako partaideak dira eta guztiek beraien euskara mailarekin harro daudela dioten arren %73k dio espedizioaren aurretik inoiz euskaraz egiteagatik deseroso sentitu dela erdaldunek gaizki erantzuteko/begiratzeko beldur zirelako edota beraien ingurukoek beraiek baino euskara hobea zutela sentitu zutelako.
Egunerokoetan jaso diren lekukotza eta hausnarketetan gehien errepikatu diren ideiak ondorengoak izan dira: Espedizioak askori eskolatik kanpo lagun artean euskaraz aritzeko ezohiko aukeran eman diela; askok espedizioan «euskara konplexurik gabe erabiltzea» edota «akatsei garrantzirik ez ematea» lortu dutela; gehienentzat espedizioa probintzia eta euskalki ezberdinetako gazteekin izan duten lehen kontaktua izan dela...
Eguneroko hauek EuskarAbentura 2021 espedizioko ikerketa soziolinguistiko zabalago baten ikerketa tresna bat izan dira. Ikerketa lanaren azken emaitza eta ondorio guztiak apirilean argitaratuko dituzte.
Ahots bidezko lekukotzak ‘memoria-sonoroa’ izeneko batean jaso dituzte, EuskarAbenturako partaideek espedizioan hizkuntzaren gaia nola bizi duten islatzeko «modu zintzo eta gardena» delako.