Entrevista
Garazi Montuschi
Donostiako Hiritarron Harrera Sareko kidea

«Kale egoeran daudenentzat txute bat da guk beraiekin kalean lo egitea»

Berrogei lagunek, tartean Garazi Montuschik, kalean egin dute lo Donostian, hotzaren aterpea egunero ireki dadila eskatzeko. Hiritarron Harrera Sareak astero errepikatuko du ekimena, kalean lo egiten duten 200 lagun ingururi irtenbide bat eman behar zaiela exijitzeko.

Audio_placeholder

«Kale egoeran daudenentzat txute bat da guk beraiekin kalean lo egitea»

Loading player...
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkupeetan egin dute lo.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkupeetan egin dute lo. (HIRITARRON HARRERA SAREA)

Gau bat ez, gau guztiak, baita neguko gau hotzak ere kalean pasatzen dituztenekin elkartasunez, 40 bat donostiarrek Gipuzkoa Plazan pasa dute ostegun honetako gaua. Pasa den otsailaren 10ean beste hainbeste egin zuten, kasu hartan, Bulebarrean, eta Hiritarron Harrera Sareko Garazi Montuschik NAIZ Irratian baieztatu du hala segiko dutela ostegunero martxoa amaiera arte.

Kalean lo egitea gogorra dela baieztatu du Montuschik, segurtasun faltagatik nahiz hotza eta eguraldi txarragatik. Kalean bizi direnak ekimen honekin pozik daudela baieztatu du, herri presioaren bidez egoera aldatuko delakoan. Horretaz gain, kalean lo egitea gogorra delako, baina are eta gehiago bakarrik. Taldean egoteak babesa sentiarazten diela nabarmen du Montuschik. Kalean lo egin ostean, egunean zehar formakuntzak jasotzen dituzte hainbatek, bizitzan aurrera egiten saiatzen dira. «Superheroiak» dira Harrera Sareko kidearentzat.

Ekimen honen aldarri nagusia da Donostian kale egoeran dauden 200 lagun ingururi lo egiteko leku bat eskaintzea. Eta aldarri zehatza, Donostiako La Sirena aterpetxea negu osoan zehar zabal dezatela. Izan ere, gaur gaurkoz soilik izozte arriskua iragarrita dagoenean zabaltzen dute etxerik ez dutenei zuzenduriko aterpetxea.

Montuschiren esanetan gizarteak, oro har, beste alde batera begiratzen du kale egoeran dauden lagunen kasuan. Baina herritar solidarioak ere badaudela gaineratu du. Protesta honen bidez, Hiritarron Harrera Sareak espero du Udalak bere jarrera zuzendu eta kale egoeran daudenei oinarrizko baliabideak eskainiko dizkiela.